Altuna III.ak egin du aldea

Amezketakoak erakustaldia eman du, eta hark eta Ladis Galarzak 22-16 irabazi diete Aimar Olaizolari eta Andoni Aretxabalari Iruñean. Baikokoek goitik behera egin dute

Jokin Altuna, pilota jotzen, atzo, Labriten jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Pattal hasi ziren Jokin Altuna eta Ladis Galarza, Binakako Txapelketaren lehen ligaxkako aurreneko bi partidak galduta, baina pixkanaka-pixkanaka ari dira gora egiten. Irabazi egin dituzte azkeneko bi neurketak; azkena, atzo: 22-16 Aimar Olaizolari eta Andoni Aretxabaletari, Iruñean, Labriten. Horri esker, Aspeko bikoteak irabazitako eta galdutako partida kopuru bera du.

Baiko Pilotako bikotea, berriz, goitik behera dator sailkapenean, ligaxkako aurreneko norgehiagoka irabazi eta gero galdu egin baititu hurrengo hirurak. Asko falta da oraindik, baina suspertu beharrean da, ligaxka osoan kontrakarrean aritu nahi ez badu.

Atzo ere antzeko gertatu zen: Aspekoek behetik gora egin zuten, eta Baikokoek, goitik behera. Altuna III.a eta Olaizola II.a izan ziren onenak bikote bakoitzean, baina aldea egon zen bataren eta bestearen jardunaren artean: amezketarrak hamasei tanto egin zituen, eta goizuetarrak bost gutxiago, 11. Hori gutxi ez, eta atzean ere aldea egon zen. Izan ere, Galarzak ondo lagundu zion Altuna III.ari: tanto bat egin zuen, eta bi besterik ez zituen huts egin. Aretxabaletak, aldiz, nahi baino gutxiago lagundu ahal izan zion Olaizola II.ari: ez zuen tantorik egin, eta hiru huts egin zituen. Batez ere neurketako azken txanpan igarri zen atzelariaren txakalaldia, eta hori aprobetxatu zuten Aspekoek, markagailuan 14-15 atzetik zirela 8-1eko partziala lortu eta garaipena lortzeko.

Gaur eta bihar, partidak

Laugarren jardunaldiak gaur eta bihar izango du segida. Gaur, Jaka-Zabaleta eta Laso-Albisu ariko dira Eibarren (Gipuzkoa). Aspekoek indartsu ekin diote ligaxkari, hiru partidak irabazi baitituzte. Baikokoek, berriz, garaipen bakarra dute, azken jardunaldian Olaizola II.a-Urrutikoetxearen aurka lortutakoa.

Bihar, berriz, Irribarria-Rezustak eta Artola-Imazek neurtuko dituzte indarrak Tolosan (Gipuzkoa). Bi bikoteek oso bestelako lana egin dute orain arte: Aspekoak neurketa bakarra irabazi du; Baiko Pilotakoa, aldiz, hiru partidatan nagusitu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.