Ziurtasunik gabeko egutegiak

Aurtengo traineru denboraldiko egutegiak onartu dituzte TKE, KAE eta ETE ligetan. Moldatzeko aukerak ere onetsi dituzte

Zierbena eta Hondarribia, iazko Zarauzko estropadan. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Traineru denboraldia udan izaten denez, arraun munduak badu denbora eta itxaropena oraindik lehiaketa berez jarrita dagoen datetan egiteko. Horretarako, baina, koronabirusa eragiten ari den alarma egoera kendu beharko litzateke denboraldiari ekin aurreko asteetan, arraunlariek denbora izan dezaten uretan behar bezala entrenatzeko. Oraingoz, traineru ligen antolatzaile diren Traineruen Kluben Elkarteak, Kantauriko Arraun Elkarteak eta Emakumezkoen Traineru Elkarteak egutegiak onartu dituzte, baita bestelako aukera batzuk ere egutegia moldatu behar badute ere, egoerak hala eragiten badu.

TKEk atzo egin zuen batzar telematikoa, eta onartu zuen Eusko Label liga ekainaren 28an hasiko dela, oraindik zehaztu gabe dagoen leku batean, eta Euskotren liga uztailaren 4an, Coruñan (Galizia). Hemeretzi estropadako egutegia izango da gizonezkoena, kanporaketako biak barne, eta hamabikoa emakumezkoena, kanporaketako biak kontuan hartu gabe. Idatzi eta onartuta dagoen bezala joateko, baina, arraunlariek gutxienez hamabost egun lehenago hasi beharko lukete taldean entrenatzen. Horretarako aukerarik izango ez balitz, ligaren hasiera atzeratzen joango litzateke, eta tokatzen den egunean ekingo litzaioke lehiari. Aurten TKE osatzen duten hamabi taldeek onartu zuten bestea izan zen bi ligak balekoak izateko emaitzari dagokionez gutxieneko estropada kopuru bat jokatzea: Eusko Label ligan, hamabi estropada eta kanporaketako biak jokatu beharko lirateke, eta Euskotren ligan, zortzi eta kanporaketako biak. Gutxieneko kopuru horretara heltzeko egutegia luzatzea ere onartu zuten atzo, iraileko azken asteburuan estropadak antolatzeko aukera izateko, behar izanez gero.

Kantauriko Arraun Elkarteak ere onartuta dauka egutegia, eta,ziurgabetasuna erabatekoa den arren, klubei nolabaiteko heldulekua eman nahi izan die zuzendaritzak, bi egoera aurreikusiz.

Aurreneko aukeran, alarma egoera bertan behera geratzen dela aurreikusiz, taldeak maiatzaren 15ean betiko moduan eta debekurik gabe entrenatzeko moduan izango direla hartzen da kontuan, eta, horrenbestez, liga klubek onartutako egunean hasiko litzateke, ekainaren 14an; baliteke Castro Urdialesen (Espainia) izatea, bi mailetako ontziak lehian elkarrekin direla, bi luzetara [iaz egin zuten formatu horretan aurreneko aldiz, leku berean]. Hori horrela izanik, arraunlariek hilabeteko tartea izango lukete ohiko moduan entrenatu ahal izateko, klubek horrela onartu baitzuten.

Bigarrengo aurreikuspenean, alarma egoerak oraindik ere luzeago joko duela hartzen da kontuan. Kasu horretan, ligen hasiera atzeratu egingo litzateke, eta dagokien datan jokatu gabe geratuko liratekeen estropadak geroago egingo lirateke, estropadarik ez dagoen egunetan (larunbat edo igandeetan) eta irailean. Kontuan hartzeko beste aldagaia da KAE 1 ligako egutegiak eta Eusko Label ligakoak bateratuta egon behar dutela, iraileko kanporaketagatik.

ETE, maiatzera begira

Herenegun iluntzean egin zuten bilera aurten ETE ligan ariko diren bederatzi taldeek. Iaz baino bi gutxiago dira; Hernani eta oraindik jakinarazi ez den beste talde bat ez dira aterako. Egutegia onartu zuten, baina maiatzaren erdialdera arte ez dute erabakiko noiz hasiko diren lehian. Hilabete barru egoera zein den ikusi eta gero, espero dute zehaztasun handiagoa edukiko dutela gauza gehiago doitzeko. Arraunlariek hiruzpalau asteko prestakuntza izango dute berriz ere batera entrenatzeko, eta, hilabete barru hori egiteko aukera badute, liga ekainaren 14an hasiko litzateke, KAEkoarekin batera [aurten ere ETE ligako estropada batzuk KAEkoekin batera izango dira]. Maiatza erdialdean ezingo balira entrenatzen hasi, ligaren hasiera atzeratu egingo litzateke emakumezkoen lehiaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.