Elordi - Zabaleta 22 - 14 Peña - Mariezkurrena

Irabazteko, gutxi galdu

Sendotasun erakustaldia emanda lortu dute binakako finalerdietako lehen puntua Elordik eta Zabaletak. Ale onak eskaini arren, opari gehiegi egin dituzte Peñak eta Mariezkurrenak

Jose Javier Zabaleta, atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan Elordirekin batera irabazitako partidan, zabalera joandako pilotakada bati erantzuten. IÑIGO URIZ/FOKU.
jon eskudero
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Iraupena. 58 minutu.
Pilotakadak. 484.
Sakez. Elordik alerik ez, eta falta bat; eta Peña II.ak bat, eta falta bat.
Markagailua. 0-1, 2-1, 2-3, 6-3, 7-4, 7-5, 7-6, 16-6, 16-7, 17-7, 17-10, 19-10, 19-13, 21-13, 21-14 eta 22-14.
Bestelakoak. Partida hasieran dirua Aspeko bikotearen alde 100 80ri. Lepo bete da Iruñeko Labrit pilotalekua.

Kasik hamabi urte joan dira Jose Javier Zabaletak pilota profesionalerako jauzia egin zuenetik. Orduan inor gutxik jartzen zuen ezbaian eskuin besoan zeukan ahala, besteak beste, inork ez bezalako joa baitzuen nafarrak. Ordea, hasierako urte haietan karroka bat pilota galdu ohi zuen. Hots, urteak ez dira alferrik pasatzen, eta azken urteetan sendotasunez jokatuz aritu da Aspeko atzelaria. Besoan distira berezia izanagatik, gutxi galtzea izan da haren ikasgai nagusia. Bada, gaur-gaurkoz, Zabaleta inoiz baino hobea dela esatea zilegi litzateke. Urrutira joan gabe, atzo eman zuen sendotasun erakustaldia apartekoa izan zen, Iruñeko Labriten. Pilota ongi astintzeaz gain, pilotakada bat bera ere galdu gabe amaitu zuen lehia, eta merezita gailendu zen Elordirekin batera, Peña II.a eta Mariezkurrenaren aurka. Hala, binakako finalerdietako lehen puntua poltsikoratu zuen Aspeko bikoteak.

Aurrez aurre bi bikote boteretsuenak izaki, pilota gosez ziren Labriteko harmailak goraino bete zituzten pilotazaleek, baina aho zapore gazi-gozoarekin irten ziren pilotalekutik. Eta ez zen gutxiagorako, emoziorik gabeko norgehiagoka izan baitzen. Hasi, hobeto hasi ziren Peña eta Mariezkurrena. Zezena balitz bezala kantxaratu zen aurrelaria, eta, hark egindako hiru tanto bikaini esker, aurretik hasi ziren Baikokoak. Ez zien luzerako iraun aldeak. Izerdia bota ahala, kantxari neurria hartzen joan zen Zabaleta, eta batez ere burutsu jokatu zuen, itsutu gabe. Lanaren poderioz tantoak bere aldera eraman zituen, eta Elordik ere pilotakada ikusgarriak eskaini zituen. Markagailuan 6-3 jarri zirenerako lau tanto eginak zituen aurrelari bizkaitarrak. Bestalde, nabarmentzekoa izan zen hasiera horretan sakez falta bana egin zutela bi aurrelariek.

Errentarekin jokatzen

Behin aldetxoa lortuta, horrekin jokatzen asmatu zuten irabazleek, eta erabat aurretik izan ziren. Lehen atsedenaldi luzerako sei tantoren aldea zuten: 12-6. Eskuetako minaren erruz hilabetez txapelketa ofizialeko partidarik jokatu gabe egon arren, bikain erantzun zuen Elordik, ez baitzuen inon zulorik utzi. Pilota onak utzi zizkion atzelariari, eta aukera onetan ez zuen barkatu. Hori bai, babak eltzetik atera zituena Zabaleta izan zen. Ezin hobeki jokatu zuen taktikoki. Pilotakada guztiak frontis erdian joak eta ezker hormara bideratuak izan zituen, eta atzetik lan egin behar izan zuenean ere ez zion Peñari pilotarik utzi atzeko zuloan. Goi mailako erakustaldia eman zuen nafarrak, datuek inon ager ez dezaketena. Eta atsedenalditik bueltan ere lehengo lepotik izan zuten burua bi bikoteek. Urdinak saiatu ziren lehiaren joera aldatzen, baina huts gehiegi egin zuten: 16-6koa izan zen ordura arte eskuratutako alderik handiena.

Bazirudien egin beharrekoak eginak zituztela bi bikoteek, baina Baikokoen susperraldia iritsi zen orduan. Pilota berria atera zuten saskitik, lasaiagoa eta bote harroagokoa, eta harekin epelak eman zizkion pilotari Mariezkurrenak. Bizkarra erakutsi zion Zabaletari, eta Peñak ere gehixeago asmatu zuen aurreko koadroetan. Ezkerrez bizpahiru tanto on lortu zituen zabalean. Erreakzioak ez zien gehiagorako eman urdinei, eta, azkenean, nahi bezala nagusitu ziren Aspekoak. Puntuaz gain, tantoen aldea ere polita lortu zuten, badaezpada.

Finalerdietako lehen jardunaldiak gaur izango du jarraipena, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Laso-Imaz eta Altuna III.a-Tolosa lehiatuko dira bertan, 17:00etatik aurrera (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.