Bukaera ikusgarri batekin

Irribarria-Rezustak markagailua irauli arren, azken txanpan galdu dute Laso-Albisuren aurka

Jon Ander Albisu atzelaria pilota bat eraman nahian, atzo, Labriten. Oso partida ona jokatu zuen ataundarrak. IÑIGO URIZ / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketan orain arte erregulartasun gutxien erakutsi duten bi bikoteek jokatu zuten atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan. Irribarria-Rezustak eta Laso-Albisuk partida on eta borobilak tartekatu dituzte huts anitz eta handikoekin, eta halakoxea izan zen elkarren aurka jokatu zuten norgehiagoka ere. Laso-Albisuk 20-22 irabazi zuten, ia beti markagailuan aitzinetik joanda, baina partidak gorabehera handiak izan zituen, eta ez zen azkenera arte argi ikusi zeinek irabaziko zuen. Bukaera zinez zirraragarria izan zuen partidak. Lehenbiziko itzulia bukatuta, bi bikoteak hiruna punturekin berdinduta daude orain.

Nabarmentzekoa izan zen Beñat Rezusta eta Jon Ander Albisu atzelariek egin zuten partida ona. Hondarreko tantoetan, nekea nabariagoa zenean, zartako ikusgarriak eman zituzten, eta Albisuk ikusleak jarlekuetatik altxatu zituen 20nako berdinketa egin zuenean lauko koadroa baino gibelagotik jo zuen gantxo ikusgarri batekin. Aurrelariak, berriz, ez ziren hain erregularrak izan; partidaren lehen erdian Unai Laso nagusi, bigarren erdian, berriz, hobeki Iker Irribarria.

Gorriak aitzinatu ziren 1-0, baina 19-18koa egin arte beti gibeletik joan ziren. Hala ere, urdinek ez zuten baliatu lortutako abantaila. 4-12koa izan zen alderik handiena, Laso guztiz nagusi zenean aitzineko koadroetan. Baina Irribarria hazten hasi zen, eta inurri lana eginez aldea jan zieten, 14-18an 6-0eko partzial bat egin eta 20-18ra aitzinatu arte. Gorriek haizea alde zutela zirudien, Laso ez baitzebilen inondik ere partida hasieran bezain fin, baina apustuak ez zirudien argia.

Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak 20-19koa paratzea lortu zuen, eta partidako azken tantoak ikusgarriak izan ziren. Albisuren gantxoak berdinketa egin zuen, eta, jarraian, 63 pilotakadako hagitz tanto lehiatu bati esker azken sakeraino ailegatu ziren urdinak. Rezustaren huts batekin bukatu zen partida.

Gaur eta bihar, partidak

Lehen itzuliko azken jardunaldia herenegun hasi zen, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (Gipuzkoa). Altuna III.a-Ladis Galarzak 14-22 mendean hartu zituzten Bengoetxea-Mariezkurrena. Bengoetxea-Mariezkurrenak sailkapeneko azken postuan bukatuko dute itzulia, eta Altuna-Galarzak, berriz, bortz partida irabazita eta bi galduta, sendo.

Gaur eta bihar jokatuko dituzte azken bi partidak. Gaur, Tolosan (Gipuzkoa), Jaka-Zabaleta eta Artola-Imaz ariko dira, goitiko postuen oreka erabakitzeko lehian; bihar, berriz, Eibarren (Gipuzkoa), Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Ezkurdia-Martija. Olaizolak eta Urrutikoetxeak bigarren partida jarraian irabazi eta gorantz hasteko helburua dute, eta Ezkurdiak eta Martijak, berriz, sailkapeneko erdigunean goiti begira jarraitzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.