Niko Iurramendi.
ARRANPLATIK

Zoria

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Estropaden aurretik taldekideon ahotan izaten dugu ea zein probabilitate dugun asteburuan kale onetatik jarduteko, eta ni matematikaria izaki, ez dut ukatuko halako eztabaidetan parte-hartzaile amorratua naizela. Zortea denboraldi amaierarako orekatu egiten dela esaten dugu maiz, baina nago arraun denboraldi bateko hogei estropada ez direla nahikoak oreka hori lortzeko. Ziur kaleen eta txanden zozketekin besteak baino kaltetuago atera denik egongo dela. Hala ere, aurten, Eusko Label ligak talde bakoitza kokatu du, eta postu horiek nahikoa justuak direlakoan nago. Dantza handia egon da bai goian, erdian eta behean, eta abuztuan bete-betean sartu arte ez dira postuak egonkortu. Pentsa! Ligaren garaipena bera ere pil-pilean egon da azken asteburura arte!

Horren harira, estropada amaieretako balorazioetan ia beti aipatzen da zortearen kontua, eta, nire ustetan, irabazlea gutxiestera jotzen du halakoak esaten dituenak, haiek kale onetik egin dutela eta guk kale txarretik egin behar izan dugula aipatuz. Hau arrauna da, eta liga osatzen duten elkarteek adosten dituzte egutegia eta estropadak jokatuko diren eremuak ere (mareen taula eskuetan dutela).

Santurtziko Sotera zortea aldeko izan ez duenean ere aurrean ibili da, ia beti hortzak erakutsiz, helburuei tinko eutsiz. Bi emaitza kaxkar egin arren, beste estropada guztietan aurrean lehiatu da, eta, ligaren lehen zortzi estropadetan jardunaldirik irabazi gabe egon bazen ere, azkeneko hiru banderak ezkerraldera eraman ditu. Eta merezimendu handiz irabazi du bere historian lehenengo aldiz Eusko Label liga

Bestalde, zorionak kanporaketetan 2021. urtean traineruen gorengo ligan egoteko aukera irabazi duzuen taldeei: Hondarribia, Zarautz eta Tirani! Zorte on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.