Reala 1 - 1 Celta

Azken uneko kolpea

Realak bana berdindu du Celtaren aurka. Bi puntu galdu ditu luzapenean, Le Normandek bere atean gola sartuta. Celta hamarrekin aritu da, Tapia kaleratuta

Realeko jokalariak, atzo, Anoetan, burumakur, azken minutuan berdinketaren gola jaso eta gero. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Reala. Remiro; Barrenetxea (Sola, 89. min), Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi, Illarramendi (Merino, 63. min), Brais (Navarro, 83. min),Kubo (Marin, 83. min); Oiartzabal, eta Sorloth (C. Fernandez, 89. min).
Celta. Ivan Villar; Mingueza, Aidoo, Unai Nuñez, Galan; Carles P. (Cervi, 83. min), Beltran (Tapia, 68. min), Gabri, De la Torre (Oscar, 68. min); Iago Aspas, eta Larsen (Seferovic, 46. min).
Golak. 1-0. Oiartzabalek (5. min.). 1-1. Le Normandek, bere atean (93. min.).
Epailea. Ortiz Arias. Txartel horiak Realeko Zubimendiri, Sorlothi eta Barrenetxeari, eta Celtako Carlesi, Nuñezi, eta Seferovici. Txartel gorria: Celtako Tapiari.
Bestelakoak.
29.312 ikusle Anoetan.

Inauterietan, festarik ez Anoetan. Realeko zale asko mozorrotuta joan ziren atzo estadiora, baina ustezko ospakizunak giro petralduari egin zion lekua partidaren amaieran. Izan ere, txuri-urdinei ihes egin zien garaipenak, Celtaren aurka, hiru puntuak zakuratzear ziren unean. Robin Le Normandek bere atean sartutako golak ezerezean utzi zuen aurrez lortutako errenta, eta puntuak banatu zituzten azkenean.

Donostiarrek gozotik ekin zioten neurketari. Ordutegia gorabehera, 29.000 lagun baino gehiago bildu ziren harmailetan, eta taldeak enegarren pozaldia eskaini nahi zien zaleei. Esanahi handiko garaipena lortu nahi zuten txuri-urdinek. Ez alferrik, lortuz gero hobetu egingo baitzuten 2002-2003ko sasoian 22. jardunaldirako lortutako garaipen kopurua. Denboraldi hartan bigarren amaitu zuen Realak, eta postu horren peskizan abiatu zuen atzoko norgehiagoka.

Neurketa ondo hasi zen, gainera. Mikel Oiartzabalek berandu baino lehen aurreratu zituen etxekoak, bosgarren minutuan. Take Kubok ondutako jokaldi batean, japoniarraren pasea jaso zuen eibartarrak, eta hark egindako jaurtiketa indartsua ezin izan zuen geratu Ivan Villar bisitarien atezainak. Norgehiagoka traza oneko jarri zen hasi eta gutxira.

Abantailaren patxadak on egin zion Realari, baina Celta ere ez zen denbora-pasa aritu. Egiari zor, partida ondratua egin zuten galiziarrek. Markagailuan atzetik egoteak suspertu beharra eragin zien, eta ausart aritu ziren neurketako zenbait unetan. Horren adibide da erasoan egindako jokaldi sorta; makina bat bidez estutu zuten Alex Remiro atezaina.

Lehen zatian, minutuek aurrera egin ahala indartu egin ziren talde baten eta bestearen posizioak. Kubok gidatu zituen, beste behin, etxekoak. Real Madrileko jokalari ohiak estreinako urtea du Donostian, baina erabat etxekotua dago. Haren jokoari erreparatu besterik ez dago taldekideekin zer ondo moldatzen den hautemateko. Aldez edo moldez sortu zituen aukera arriskutsuak.

Halere, aurrelariek ez zituzten aukerak probestu, eta gol bakarreko aldearekin iragan zen lehen erdia. Atsedenalditik bueltakoak norgehiagoka hasieraren tankera izan zuen. Celtak bizitu zuen jokoa estreinako minutuetan, eta Realak izan zituen abagunerik argienak.

Hain justu ere, Kubo izan zen berriz ere bigarren golerako bidea zabaldu zuena. Hark Oiartzabal golegileari emandako pasea ez zuen probestu harrobikoak. Japoniarrak ondo hautsi zuen Celtaren defentsako lerroa, jokalarien artetik pasea emanda, baina Oiartzabalek ez zuen asmatu kontrola egitekoan, eta errematerako tarterik gabe geratu zen.

Jokaldi hori izan zen Realak egindako neurketaren laburpenik onena. Nahia agerian utzi arren, azken metroetako argitasun faltak galarazi zion hiru puntuak biltzea.

Bien bitartean, bisitariek beren gidoia segitu zuten. Ahal zuten heinean eutsi, eta erasora egitekoan hozka egiten saiatu. Ordea, 75. minutuan kolpea jaso zuten galiziarrek, epaileak Renato Tapia kaleratu zuenean. Celtako jokalariak txartel horia ikusi zuen lehendabizi, falta bat egiteagatik, eta segidan izandako purrustaldiarengatik bigarrena ikusi zuen. Kalera.

Realak ez zuen jakin nagusitasun hori zelaian islatzen. Galiziarrak ez ziren kikildu, eta, Iago Aspas gidari hartuta, txuri-urdinen aterako saialdiak egin zituzten. Hala, neurketa joan-etorrikoa bilakatu zen: oraintxe batek aukera, oraintxe besteak. Bi areatan izan ziren gol aukerak.

Harik eta luzapenean Celta Realaren atera jo eta su gerturatu zen arte. Berdinketa nahi zuten kosta ahala kosta. Alex Solak justu antzean aldendu zuen baloia, 92. minutuan, baina Realak hurrengo ekinaldian jaso zuen kolpea. Aspasek bere eskuin aldetik egindako jaurtiketa bat urruntzen saiatu zen Le Normand, baina bere atean sartu zuen baloia. Agur garaipenari, azken unean.

Neurketa amaitu eta berehala, hau esan zuen atzelariak berak: «Min egiten du, azken jokaldian izanda. Haiek ere gauzak ondo egin dituzte, baina hiru puntuak lortzeko moduan ginen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.