Albistea entzun

Laso-Imaz 22 - 19 Elordi-Zabaleta

Labritetik joaten da Nafarroa Arenara

Lasok eta Imazek bigarren garaipena lortu dute finalerdietako ligaxkan, Elordiri eta Zabaletari nagusituta. Baikokoak gaur sailkatuko dira finalerako, Altuna III.ak eta Tolosak Peña II.ari eta Mariezkurrena II.ari irabazten badiete
Unai Laso, pilota eskuinez gogor astintzen, eta Jose Javier Zabaleta lurrean, atzo, Labriten jokatutako partidan.
Unai Laso, pilota eskuinez gogor astintzen, eta Jose Javier Zabaleta lurrean, atzo, Labriten jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2023ko martxoak 19

Iraupena. Ordubete eta hamar minutu.
Pilotakadak. 509.
Sakez. Lasok bat; Elordik bat.
Egindako tantoak. Lasok hamahiru, Imazek batere ez, Elordik hiru eta Zabaletak sei.
Huts egindakoak. Lasok bost, Imazek bost, Elordik zazpi eta Zabaletak bi.
Markagailua. 3-0, 3-1, 5-1, 5-5, 7-5, 7-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-10, 15-10, 15-14, 17-14, 17-15, 19-15, 19-19 eta 22-19.
Bestelakoak. Lepo bete zen Labrit: 1.200 ikusle inguru. Apustuak Elordiren eta Zabaletaren alde atera ziren nabarmen: 100-40ri.

Hiru kilometro daude Iruñeko Labrit pilotalekutik Nafarroa Arena pabiloira. Hango frontoian jokatuko dute apirilaren 2an Eskuzko Pilota Enpresen Ligako (EPEL) Binakako Txapelketako finala; lehen aldiz jokatuko da han binakakoaren finala. Hara iristeko bidearen zati handi bat egina dute Unai Lasok eta Ander Imazek. Bi partida jokatu dituzte finalerdietako ligaxkan, eta biak irabazi dituzte: duela astebete, 22-21 hartu zituzten mendean Jokin Altuna eta Xabi Tolosa; atzo, berriz, 22-19 nagusitu zitzaizkien Aitor Elordiri eta Jose Javier Zabaletari Labriten.

Horri esker, oso bideratua dute finala jokatzea. Gaur bertan ziurta dezakete bigarren urtez jarraian txapela irabazteko lehian aritzea. Nahikoa dute gaur Jokin Altunak eta Xabi Tolosak Jon Ander Peñari eta Jon Mariezkurrenari irabaztea. Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan jokatuko da bigarren jardunaldiko azkeneko norgehiagoka. Hau da, Lasori eta Imazi enpresakideek galtzea komeni zaie. Bestela, astebete itxaron beharko dute azken urratsa egiten saiatzeko. Hala ere, esku-eskura lukete. Handia gertatu beharko litzateke finala ez jokatzeko. Historiak ere halaxe dio: behin bakarrik ez da bikote bat sailkatu finalerako, ligaxkako aurreneko bi neurketak irabazi eta gero. Aimar Olaizolari eta Imazi gertatu zitzaien, 2018an.

Gainera, Laso eta Imaz konfiantzaz gainezka iritsiko dira azken partida horretara: unerik aproposenean suspertu dira. Lehen jardunaldian, ligaxkan eta kanporaketan baino askoz hobeto aritu ziren. Atzo, berriz, beste koska bat egin zuten gora: bikain aritu ziren. Laso nabarmendu zen: aspaldiko partidarik onena jokatu zuen, eta zutik jarri zuen hainbat tantotan Labrit: hamahiru egin zituen, eta bost huts egin. Hark egin zuen distira handien, baina Imazek oso ondo lagundu zion. Meritu handia du horrek, parean Zabaleta zegoela kontuan hartuta.

Elordi, nerbioak jota

Batzuen gozamena, besteen ezina. Atzo galduta, Elordi eta Zabaleta azkeneraino borrokatu beharko dira finalerako sailkatzeko. Ikusgarri ibili ziren atzo arte, aurkari guztiak hankapean ibilita: batez beste, hamalau tanto besterik ez zieten egin partidako. Baina, atzo, aurreneko aldiz, ezinean aritu ziren. Elordirena izan zen ezinik handiena. Aurrelaria ametsetako estreinakoa egiten ari zen binakako nagusian, baina atzo ametsa amesgaizto bilakatu zitzaion. Urduritasunak jota aritu zen hasi eta buka, eta ez zen inoiz haren maila emateko gai izan. Argigarriak dira haren datuak: hiru tanto bakarrik egin zituen, eta zazpi huts egin.

Apur bat hobeto aritu izan balitz, ziurrenik irabazi egingo zuten hark eta Zabaletak, atzelaria berriro ikusgarri aritu baitzen. Sei tanto egin zituen, eta bi huts egin. Zenbaki bikainak dira atzelari batentzat, baina alferrikakoak atzo; laguntza falta izan zitzaion.

Hari esker eutsi zioten Aspekoek lehiari, hasiera-hasieratik izan baitzuen Baikokoen aldeko joera: 5-1. Lasok bi tanto egin zituen, eta Elordik hiru pilota galdu. Baina Zabaleta egurrean hasi, eta partida berdindu egin zen.

Laso berehala ohartu zen tantoa luzatzeak kalte egiten ziela: Zabaletaren joa nagusitzen zen. Erritmoa bizitu behar zuen, eta jokoa nahastu. Pentsatu eta egin; ondo egin. Gainera, Elordik suspertu ezinik jarraitzen zuen. Horrela, alderik handiena lortu zuten: 15-10.

Baina Elordiren susperraldi txiki batek eta Zabaletaren pilotakadek aldea murriztu zuten: 15-14. Lasok beste astindu bat eman zion partidari (19-15), baina ez zen erabakigarria izan, gorriak hutsak egiten hasi baitziren. Lasok kanpora bidalitako bi paretakoari esker lortu zuten urdinek 19. tantoa. Baina berehala atera zuen arantza buruz buruko txapeldunak: lehenbizi, tanto ikusgarria lortu zuen ezker gantxoz; eta, ondoren, sakez, biparetaz. Elordiren huts batekin amaitu zen lehia. Azken bi tantoek ezin hobeto islatzen dute Labriten gertatutakoa: batzuen konfiantza, eta besteen ezina.

Laso eta eta Imaz, eta Elordi eta Zabaleta gaur gertatzen denari begira egongo dira. Asko dute jokoan Altuna III.a eta Tolosak eta Peña II.a eta Mariezkurrena II.ak, bi bikoteek galdu baitzuten lehen jardunaldian. Baikokoak aukerarik gabe geratuko dira galtzen badute, eta Aspekoak, ia kanpoan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sebastian Coe World Athleticseko presidentea, iaz. ©Erik S. Lesser / EFE

Munduko Atletismo Federazioak debekatu egin die emakume transei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea

Julen Otaegi Leonet

Emakumezkoen lehiaketak «babesteko» erabakia dela dio Sebastian Coe federazioko presidenteak; emakume transek zein sexu garapen desberdina duten kirolariak ezingo dute lehiatu nazioartean baldintza batzuk bete ezean.

 ©YOAN VALAT / EFE

Jonas Vingegaard izango da izar nagusia Itzulian

Beñat Mujika Telleria

Tourreko azken garailea Euskal Herriko errepideetan izango da. Daniel Felipe Martinez iazkoa berritzen ahaleginduko da. Mikel Landa, Peio Bilbao eta Ion Izagirre ere ariko dira.

Darius Thompson eta Yakuba Ouattara baloia heldu nahian. ©DAVID AGUILAR / EFE

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko

Beñat Mujika Telleria

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko bidean. Nahiz eta sasoi hasieran helburutzat ez hartu, arabarrek eskura dute kanporaketetan aritzea, baina zenbait arlotan hobetu beharko dute horretarako.

Aurrean, Ane Elexpuru; atzean, ezker-eskuin, Jone Amezaga eta Sara Ortega. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Belaunaldi berri baten hiru ertz

Ainara Arratibel Gascon

Athleticeko harrobiko harribitxietako hiru dira Sara Ortega, Ane Elexpuru eta Jone Amezaga. Bigarren taldeko fitxa duten arren, dagoeneko utzi dute arrastoa lehen taldean. Zelaian erakutsi ohi duten naturaltasuna dute handik kanpo.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.