Kanpoan ere ondo moldatzen dela erakusteko erronka du Athleticek

Markel Susaeta. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Protagonista izatea gustuko duten bi talde izango dira gaur aurrez aurre Benito Villamarinen. Betisek eta Athleticek partidaren ekimena hartuta lortu gura dute garaipena. Baina, horretarako, bide ezberdinak aukeratuko dituzte.

Talde zuri-gorriak aurrean presio gogorra eginda ito gura du aurkaria. Baloia kontrarioaren zelai zatian hartu eta arriskua sortzea da Eduardo Berizzoren gustuko proposamena. Ahalegin fisiko handia eskatzen duen jokamoldea da. Betis, aldiz, ez da horren zorrotza defentsako lanean. Quique Setienen taldea ez da baloirik gabe aurkaria estutzen duten horietakoa. Betiseko jokalariak ez dira itsu-itsuan aurkariaren atzetik ibiltzen; indarra baloia daukatenean erakusten dute. Baloiaren jabe izatea da defendatzeko erabiltzen duten bidea. Eta, era berean, min egiteko modua da. Baloia alde batetik bestera mugituta behartzen dute kontrarioa.

Lan hori egiteko teknikoki dohatsuak diren zelai erdiko jokalariak ditu. «Taktikoki asmatu egin beharko dugu. Presioa ondo egin beharko dugu baloia berreskuratu eta aukerak sortzeko. Quique Setien lan bikaina egiten ari da», esan zuen Eduardo Berizzok partidaren gakoen inguruan galdetu ziotenean.

Athleticek etxetik kanpo jokatuko duen lehen partida izango da. Orain arte jokatutako hirurak zaleen aurrean izan dira, eta kanpoan aritzea egokitzen zitzaion lehena atzeratu egin zuten Vallecaseko harmailak ez zeudelako jarraitzaileak hartzeko moduan. Hortaz, ikusteko dago zuri-gorriek kanpoan nola erantzuten duten. Azterketa gaitza da gaurkoa, Betis aurkari sendoa baita. Asko indartu da. Lerro guztietarako futbolari onak fitxatu ditu, eta kontuan hartzeko aurkaria da. Aintzat hartu behar da partida jokatuko den orduan Sevillan egingo duen beroa ere. Ildo horretan, Betisek aste barruan Europa liga jokatu izanak mesede egin diezaieke zuri-gorriei. Muniain osatu da, eta jokatzeko prest dago. Aduriz kanpoan geratu da, min hartuta, eta Nolaskoainek bigarren taldearekin jokatuko du jardunaldi honetan.

BETIS-ATHLETIC

Betis. Pau Lopez; Tello, Mandi, Bartra, Feddal, Junior; William Carvalho, Guardado, Canales, Inui; eta Sanabria.

Athletic. Simon; De Marcos,Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Beñat, Susaeta, Raul Garcia,Muniain; eta, Williams

Epailea. Estrada Fernandez.

Lekua. Benito Villamarin (59.378 ikusle).

Ordua. 20:00 (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.