Sanfaustoak Durangon

Herritarren borroka luzeari aitortza

Erretiratu eta pentsiodunen pregoiarekin hasiko dira gaur sanfaustoak Durangon. Bederatzi eguneko egitaraua prestatu dute; bihar umeen eguna izango da

Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko pentsiodunek 21 hilabete daramatzate borrokan pentsio publiko duinak mantentzeko eta gutxieneko pentsioak igotzeko. Durangon (Bizkaia) borroka hori aitortu nahi izan diete, eta, horregatik, herriko erretiratu eta pentsiodunen plataformak emango die gaur San Fausto jaiei hasiera. Plataformako lau kide udaletxeko balkoira igoko dira, eta, 20:00etan, pregoia irakurri, eta suziria jaurtiko dute. Bederatzi eguneko festa abiatuko da hala.

«Ezustekoa izan zen pregoilari izateko izendapena; ez genuen espero», adierazi du Matias Oregi plataformako kideak. Pentsiodunen mugimenduari egindako aitortza azken hilabeteotako aldarrikapenak babesteko keinu gisa jaso dute, eta ziur daude gaur arratsaldeko ekitaldiak borrokan segitzeko bultzada emango diela. «Ia urte biko borrokaren adierazpena izango da, aurrera egiteko indarra emango duena».

Oregiren arabera, Durangaldean indartsu dago pentsiodunen mugimendua. Ia herri guztietan dute ordezkaritza, eta, adierazi dutenez, antolatzeko beharra orokorra da. «Hori da gure oinarria». Baina pauso kualitatiboa ematea falta zaie. Eskualdeko sindikatu, gazte talde, ikasle, feminista eta bestelako elkarteekin harremanetan daude, pauso hori elkarrekin emateko. Ikusten dute, baina, arazoa «agendan jarri beharra dagoela». Hori horrela, aurreratu dute gaur arratsaldeko pregoia Durangoko gazte jendeari dei berezi bat egiteko baliatuko dutela. «Ez ditugu soilik eguneko pentsioak defendatzen; biharkoak ere hor daude». Etorkizunean emango den erreleboari garrantzi handia ematen diote pentsiodunek, eta, horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaie gazteak konturatzea borroka hori eurena ere badela.

Kaletik balkoirako aldaketarekin harro eta pozik daude Durangoko erretiratu eta pentsiodunen plataformako kideak, baina argi dute: «Balkoia egun bakarreko kontua da». Horregatik, balkoitik bertatik, asteroko topagunera, astelehenetako mobilizazioetara batzeko deia egingo dute. Bestalde, Oregiren esanetan, Durangoko zenbait herritarrek bizi duten errealitatea ezagutarazteko ere aprobetxatuko dute momentua. «Badaude 600 euroko pentsioa duten herritarrak, eta batez ere emakumeak eta alargunak dira kaltetuak». Pobreziaren errealitatea uste baino gertuago dagoela erakutsi, eta horren aurka mobilizatu beharra dagoela azpimarratuko dute.

Diskurtsoaz aparte, baina, Oregik ziurtatu du jaien testuingurua ere kontuan izango dutela udaletxeko balkoian pregoia irakurtzen ari direnean. «Durangoko sanfaustoak jai herritarrak dira». Gaur, 19:00etan, Patxikotxu jaietako pertsonaiaren ongietorrian parte hartuko dute pentsiodunek ere, eta, horrela, jaietan murgilduko dira. Bihar, bestalde, umeen eguna ospatuko dute Durangon, eta Zabalarra eskola publikoak botako du txupinazo txikia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.