Eguberrietako opari ederra pilotazaleei

Laso-Imazek 22-21 hartu dituzte mendean Irribarria-Rezusta, partida ikusgarri batean. Irribarriak eta Lasok erakustaldia eman dute

Laso, pilota jotzen, eskubian Irribarria duela. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Eguerdiko Eguberrietako bazkarian betekada, eta ondoren frontoian gozatua. Horixe atzo Eibarko Astelena (Gipuzkoa) frontoira bertaratu ziren pilotazaleei gertatu zitzaiena. Laso-Imazek eta Irribarria-Rezustak ikuskizun aparta eman zuten. Azkenerako, Laso-Imazentzat izan zen garaipena: 22-21 irabazi zuten. Lehen txanpan, sufritu arren, Bizkarreta Gerendiaingoak eta Oiartzungoak ondo eutsi zioten Irribarria-Rezustari. Tantoek aurrera joan ahala, konfiantzan gora egin zuten, eta saria jaso zuten azkenerako. Irribarria-Rezustak, haatik, beste partida serio bat jokatu zuten, joa baliatuz. Baina ez zuten apurtzen jakin. Zalantzaren bat sartu zitzaien, eta azken unean ordaindu egin zuten.

Nabarmentzekoa da aurreko koadroetan Lasok eta Irribarriak emandako erakustaldia. Bizkarreta-Gerendiagoak hamasei tanto egin zituen; Aramakoak, bederatzi, guztiak ezker boleaz. Lasok olatuaren gorenean jarraitzen du, eta enegarren erakustaldia eman zuen. Irribarriak, lesio luzearen ostean, erakutsi zuen bere onenera itzultzen ari dela berriz ere.

Tanto ederrak ikusi ziren hasieratik. Irribarria-Rezustak oso batuta jokatu zuten, duten joa baliatu nahirik. Laso-Imazek, ordea, aurreko koadroetan arriskatu zuten. Izan ere, jakitun zeuden pilota jotzerakoan aurkariak gehiago zirela. Ikusgarriak izan ziren Lasok egindako bosgarren eta seigarren tantoa, batazabalera eta bestea txokoan. Hala lortu zuten ordu arteko alde handiena: 3-6.

Baina Irribarria-Rezustak ez zuten aurreko joko nahasi horretan sartu nahi izan, eta berdin jarraitu zuten: jo eta jo. Jokoa atzeko koadroetan kargatu zuten, eta Irribarriak oso argi ikusten zuenean baino ez zituen egiten erremateak.

Hala lortu zuten emaitzari buelta ematea: 7-6. Burua hotz, patxadaz jokatu zuten partidako zati hori, oso ondo egokitutako bikotea direla erakutsiz, eta konfiantza handia dutela. Haiek egindako bederatzigarrena ikusgarria izan zen. Irribarriak boleaz jo zuen pilota zabalera, indarrez eta abiaduraz. Laso ez zen iritsi. Hamargarrena ere egin zuten Irribarria-Rezustak.

Eusten ahalegindu ziren Laso eta Imaz. Horretarako, Laso airez sartzen hasi zen laugarren koadro inguruan, eta Imaz, zazpigarrenetik erantzuten. Lan erdietan, 11-7 zen emaitza, Irribarria-Rezustaren alde.

Lasok, ordea, berean jarraitu zuen. Arriskuak hartuz, hainbat tanto lortu zituen, baina behartu gabeko hutsak ere egin zituen. Hala, Irribarria-Rezusta nagusi ziren, baina ez zuten lortu hori emaitzan islatzea. Ezin zuten partida apurtu.

Laso-Imazek norgehiagokan sartuta jarraitzeko zeukaten heldulekua horixe zen, bizirik segitzen zutela: 16-13. Sinetsi egin zuen Lasok. Eta hurrengo hiru tantoak ere harenak eta Imazenak izan ziren:16-16. Zaleak bero zeuden, eta ozen entzuten ziren Lasoren aldeko animo oihuak. Gaur egun, pilotazaleen kutunetako bat da.

Partida hartzen ari zen traza ez zen ona Irribarria-Rezustarentzat. Halakoetan, ohikoa izaten da etena eskatzea, baina ez zuten egin. Hurrengo tantoa erabakigarria izan zitekeen. Eta berriro ere Irribarria agertu zen, haren ezker bolea, hobeto esanda. Tantoa haientzat izan zen, eta ondorengoa ere bai, Lasok huts egin eta gero: 18-16.

Baina egoera horretan ere Laso-Imazek ez zituzten besoak jaitsi, hobeto ari baitziren partidako bigarren txanpa horretan. Neurketa 18na berdindu eta aurretik ere jarri ziren: 19-18. 6-3tik hori lortu gabe zeuden Laso-Imaz. Eta olatua baliatuz, 21-19ra joan ziren. Erantzun egin zuten Irribarria-Rezustak, Aramakoaren beste ezker bolea ikusgarri batekin. Tratu ederra hartu zuten lau pilotariek tanto horretan, baina batez ere Imazek.

21-21ekoarekin, dena airean zegoen. Berriz ere Lasoren magia azaldu zen, eta zabalera egindako bolea batekin, garaipena eskuratu zuen, Imazekin batera. Nabarmentzekoa Oiartzungo atzelariak egindako lana ere.

Jaka-Mariezkurrena garaile

Atzo beste neurketa bat jokatuzen, Iruñean. Jaka-Mariezkurrena II.ak Ezkurdia-Tolosaren kontra jokatu zuten. Emaitzari begira, neurketa parekatua izan zen Labritekoa ere, Jaka-Mariezkurrenak 22-20 irabazi baitzuten. Baina ez ikusgarria.

Txapelketako partida petoa izan zen, borrokatua eta irabazteko lan asko egin beharrekoa.Hainbat berdinketa egon ziren neurketan, eta 18-18koarekin, biak ziren irabazteko moduan. Azkenerako, detaileek erabaki zuten garailea, eta hor erabakigarria izan zen Jaka. Hark egin zuen azken tantoa, gantxoz.

Gaur amaituko da txapelketako seigarren jardunaldia, Bilbon. Bizkaia pilotalekuan, txapelketari neurria hartzea kostatzen ari zaien bi bikotek neurtuko dituzte indarrak: Altuna III.a-Martijak Peña-Albisuren kontra. Aspekobikoteak bi neurketa ditu irabaziak, eta Baikokoak, bakarra.

Bestalde, gaurhasiko da, Latasan (Nafarroa), Ados emakume pilotarien klub profesionalak antolatutako lehen Binakako Txapelketa. Bi partida jokatu dira: Etxeberria-Iraeta Iturriaga-Egañaren kontra, eta Iantzi-Etxenike Kortazar-Ezeizaren aurka. 12:00etan hasiko da jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.