Europa, ospakizuna, eta agurrak

Athleticek Vila-Realen emaitza hobetu beharko du Conference ligan jokatzeko. Realak, Osasunak eta Alavesek ez dute ezer jokoan

Athleticeko jokalariak Lezaman, lan saio batean, Marcelinoren azalpenak entzuten. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Iritsi da eguna. Abuztuan abiatu zen txapelketa gaur amaituko da. Bederatzi hilabete pasatxoko lehiaren ostean, botak aldagelan utzi, eta atseden hartzeko aukera izango dute futbolariek. Baina sasoian zehar egindako lanaren arabera, oso ezberdinak izango dira batzuen eta besteen oporrak.

Athleticeko jokalariek ez dakite nolakoa izango den aisialdia. Europarako sailkatzea dute jokoan eta, azken jardunaldiak ematen duenaren arabera, oso ezberdinak izango dira sentipenak; Realak Europarako sailkatzea lortu du hirugarrenez, eta ospatzeko eguna izango da; Osasunak lan ona egin du, baina, ezer ez duenez jokoan, azken urteotan garrantzitsuak izan diren futbolariak merezi duten moduan agurtzeko baliatuko du azken partida; eta Mendizorrotzan, mailari esango diote agur. Kolpea barneratuta, egitasmoari amaiera emango diote. Uztailean hasiko da beste bat.

Athleticek zazpigarren postuan amaitu gura du Liga. Baina ez dago bere esku. Zuri-gorriek Vila-Realek baino puntu bat gutxiago dutenez, Unai Emeryren taldeak Camp Noun lortzen duen emaitza hobetu beharko du Sanchez Pizjuanen—Bartzelonak ez du ezer jokoan—, Conference ligarako txartela eskuratzeko. Hau da, Vila-Realek irabazten badu, ez du postu bat aurreratzeko aukerarik izango; itsaspeko horiak berdinduz gero, Sevilla mendean hartu beharko du, eta, Vila-Realek bere partida galtzen badu, nahikoa izango du berdintzea helburua lortzeko.

Europako hirugarren txapelketa jokatzea garrantzitsua da klub zuri-gorriarentzat. Kirol arloari dagokionez, lehen kanporaketak ez liratekez interes handikoak izango, baina, txapelketak aurrera egin ahala, maila oneko kanporaketak dituen lehiaketa da. Arlo ekonomikoan, berriz, diru sarrera handiak lortzeko bidea ematen du.

Baina oso gaitza da Sevillari Sanchez Pizjuanean irabaztea. Berdinketak ere balio dezake, baina zuri-gorriak irabazteko anbizioarekin zelairatu beharko dira. Euren esku dagoena egiteko eskatu behar zaie. Kontua daTxapeldunen Ligako aurkari bat izango dutela aurrez aurre. Azkenaldion behera egin du Sevillaren jokoak, baina talde lehiakorra da oso. Ezbaian dago Julen Lopetegiren taldea, baina hark ere aho zapore onarekin amaitu gurako du denboraldia. Hortaz, Athleticek neurketa biribila jokatu beharko du. Defentsan sendo —Yeray gertu dago— eta erasoan eraginkor. Nico Williams eta Sancet min hartuta daude, eta Raul Garcia kili-kolo. Baliabide gutxi dituela, alegia.

Reala, Osasuna eta Alaves

Realak Europarako sailkatu izana ospatuko du Anoetan Atletico Madrilen kontra. Txuri-urdinek seigarren postuan amaituko dute, txapelketa Betisek herenegun Real Madrilen etxean berdindu ostean. Lorpen handia da hirugarrenen urtez jarraian Europarako sailkatzea, baina egun duen taldearekin ezin zaio gutxiago eskatu. Realak baliabide asko ditu, eta esku artean duena maisutasunez kudeatzen ari den lemazaina dauka: Imanol. Atletico Madrilen kontrako lehia jai giroan agur esateko baliatuko dute Anoetan.

Alavesek eta Osasunak ere ez dute ezer jokoan. Babazorroek huts egin dute. Azken urteotan mailari eusteko lanak izan ostean, aurten ezin izan dute helburua lortu. Bederatzi entrenatzaile izan ditu azken hiru denboraldiotan, eta tarte horretan ez du taldea indartu. Horrela ia ezinezkoa da helburuak lortzea. Gaur amaituko da sei urteko aroa, Alavesek gorengo mailan iraun duen tarterik luzeena, hain zuzen ere.

Osasunak, berriz, hazten jarraitzen duela erakutsi du sasoi honetan ere, eta zaleen aurrean agur esateko aukera dauka. Jagoba Arrasateren taldearen helburua hamar lehenengoetan sailkatzea da. Eta, era berean, taldea utziko dutenei azken agurra ematea: Oierrek, Ramalhok eta Iñigo Perezek gaur jantziko dute azken aldiz elastiko gorria. Baina euskal taldeek ezer jokoan ez izateak ez du esan gura Mendizorrotzan eta Sadarren tentsio falta egongo denik. Cadiz Gasteizen, eta Mallorca Sadarren, mailari eusteko puntuen bila aterako dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.