Valladolid 1 - 0 Reala

Noizbait behar zuen

Erarik txarrenean amaitu du bolada ona Realak, partida kaskarra jokatuta galdu baitu Valladoliden. VARak esanda, epaileak bi gol baliogabetu dizkio

Carlos Fernandez Realeko aurrelaria, etsita, aukera bat huts egin ondoren, atzo, Valladoliden, Jose Zorrilla estadioan. R. GARCIA / EFE.
jon eskudero
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Valladolid. Masip; Lucas Oliveira, Joaquin,El Yamiq, Javi Sanchez (Feddal, 67. min.), Escudero; Ivan Sanchez (Gonzalo Plata. 56. min.), Monchu, Oscar Plano (Malsa, 75. min.); Sergio Leon (Aguado, 56. min.) eta Weissman (Guardiola, 75. min.).

Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia,Le Normand, Diego Rico; Brais Mendez (Illarramendi, 63. min.), Zubimendi, Merino (Turrientes, 80. min.), Silva (Robert Navarro,46. min.); Kubo (Pablo Marin, 74. min.)eta Carlos Hernandez (Karrikaburu, 63. min.).

Golak. 1-0. Sergio Leonek (16. min.).

Epailea. Figueroa Vazquez. Txartel horiak: Valladolideko Javi Sanchezi eta Oscar Planori; eta Realeko Zubimendiri, Robert Navarrorieta Brais Mendezi.

Bestelakoak. 21.175 ikusle Jose Zorrillan.

Gaizki ohituta ziren Realeko jarraitzaileak aspaldian, eta atzo jaitsi behar izan zuten olatutik. Azken zortzi partidetan garaipena erdietsi ondotik, errekorrak eta bestelakoak hausteko itxaropena bazuten txuri-urdinek, baina erarik txarrenean amaitu zuten bolada ona. Izan ere, oso partida kaskarra jokatuta galdu zuten Valladoliden (Espainia). Azken ordu laurdenean salbu, freskotasunik eta erritmorik gabe jokatu zuten; hori gutxi ez, eta defentsan ere bigun aritu ziren. Era horretan iritsi zen etxekoen gola, Sergio Leonen eskutik. Oro har, azken partidetako jokorik ez zuen egin Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak. Epaileak ere ez zion gehiegi lagundu, zalantzaz jositako gol bat bertan behera utzi baitzion Kubori.

Aurrez esana zuen Imanolek partida trabatua izango zela, eta bete-betean asmatu zuen. Aurreko jardunaldian Celtari 4-1 irabazi zion etxeko taldeak, eta jakina zen konfiantzaz izango zirela haren jokalariak. Hortaz, lehen minutuetan eustea gakoa zen txuri-urdinentzat. Ordea, ez zen halakorik gertatu. Lehia hasi orduko, falta ugari egon ziren, nahiz eta epaileak erdiak adierazi ez. Horixe gertatu zen Valladoliden lehen abisuan. Kontraeraso batean gola sartu zuen, baina epaileak, VARak hala agindu ziolako, bertan behera utzi zuen, aurrez Brais Mendezi egindako falta batengatik. Dena den, hurrengo minutuan iritsi zen 1-0ekoa. Ezerezetik, gainera. Baloi luze bat aski izan zuen Sergio Leonek gola sartzeko; Le Normand eta Remiro ez ziren batere fin aritu.

Golaren ondoren, behetik gora egin zuen Realak, eta, pazientzia lagun, baloia ongi mugitzen hasi zen batera eta bestera. Sakontasunik topatu ez arren, bazirudien jokoa kontrolpean zuela. Baina egoera horretan eroso sentitu ziren etxekoak, kontraerasoan min egiteko aukerak sortu baitzituzten. Weismannek bere oinetan izan zuen bigarren gola, baina Remirok geldiketa aparta egin zion. Bien bitartean, beste arean gol aukerak sortu ezinda zebilen Reala, eta areaz kanpotik ahalegindu ziren Kubo, Brais Mendez eta Merino. Ematen zuen atsedenaldira bere horretan helduko zirela bi taldeak, baina Kubok gola sartu zuen. Alferrik, baina. Jokaldi berean aurrez egondako falta bat adierazi zuen epaileak, eta gola bertan behera utzi. Zalantzaz jositako erabakia izan zen.

Gazteekin, hobeto

Bigarren zatiari begira, emaitza bera zen gauzarik onena txuri-urdinentzat, oraindik ere partidan sartuta baitziren. Silvaren tokian Robert Navarro zelairatu zuen entrenatzaile oriotarrak, baina jokoan aukerak sortu ezinda zebilen taldea. Horregatik, baloi geldian min egiten saiatu ziren, eta 52. minutuan aukera ederra izan zuen Carlos Fernandezek. Ez zuen asmatu buruz baloia jotzen ere. Odolkiak ordainetan azkar ekarri zituen Valladolidek, ia korner batean bigarren gola sartu baitzuen. Atepean kanpora bidali zuen baloia Feddalek. Panorama ilunaren ondorioz, aldaketa gehiago egin zituen Imanolek, eta, Illarramendirekin batera, bi gazte sartu ziren zelaira: Karrikaburu eta Pablo Marin. Batez ere, azken horren mugimenduekin minuturik onenak izan zituzten donostiarrek.

Harrobiko gaztea ezin hobeto mugitu zen etxekoen lerro artean, eta norgehiagoka gehiago ireki zen. Atzean arriskuak hartu zituen Realak, baina beste erremediorik ez zuelako. Turrientes ere sartu zen zelaian, eta, jokoaren agintea hark hartuta, bestelako Reala ikusi ahal izan zen amaierara arte. Gola ere sartu zuen Zubimendik 84. minutuan, baina bertan behera geratu zen, Karrikabururen jokoz kanpoko batengatik. Hamar minutu on ez ziren aski izan puntu bat lortzeko. Hortaz, atzokoa ahaztu eta Europara begira jartzea tokatzen zaio orain Realari: ostegunean jokatuko du Zipren, Omoniaren aurka.

«Halakoa da futbola: aurkaria baino gehiago asmatu beharra dago. Valladolid zoriondu besterik ez dago», esan zuen Imanol Alguacilek partida amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.