Elezkano II.a 6-22 Jaka

Ez ireki begiak, Jaka

Erik Jakak aurreneko aldiz jokatuko du Banakako Txapelketako finala, Danel Elezkanori 6-22 irabazi eta gero. Azken hamazazpi tantoak segidan egin ditu

Erik Jaka atzoko partida bukatu eta segituan, garaipena ospatzeko keinua eginez, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 176. Iraupena. 35.21. Sakez. Elezkano II.ak 0; Jakak 7. Egindakoak Elezkano II.ak 3: Jakak 12. Galdutakoak. Elezkano II.ak 10: Jakak 3. Markagailua. 0-4; 4-4; 4-5; 6-5; eta 6-22. Bestelakoak. Osasun egoera dela eta, ikuslerik gabe jokatu zen partida.

Begiak ixten ote ditu Erik Jakak pilota astintzean? Atzo, behintzat, irekita edukita ere, itxita balitu bezala jokatu zuen. Amets betean aritu zelako, ametsetako lorpena erdiesteko ametsezko partida eginez. Lo gozoan segitzeko moduan da datorren igandera arte, gutxienez. Irabazi du ametsetan jarraitzeko eskubidea, eta nahi badu, zabal ditzala begiak gaur zortzi, Bizkaia pilotalekuan, non eta Banakako Txapelketaren finalean. Sinesteko egia dela atzo lorturikoa. Baietz eta baietz. Aurreneko aldiz ariko da final handian. Atzo irabazi egin zuelako finalerdia, nola irabazi ere: 6 eta 22 azpiratu zuen Danel Elezkano, finaleko leku berean.

Ez zuen inor ezustean hartu Jakaren atzoko jokoak. Hitz egiten bezain gardena da pilotan jokatzen. Bizi eta azkar. Sano. Tantoa hasi eta ia hasi orduko, bukatu. Horrela ekin zion atzo ere, eta handik gutxira ekarriko zuen erauntsiaren lehen kolpea iragarri zuen. 0-4 aurreratu zen: zirriztaz egin zuen aurrenekoa; bigarrena, Elezkanoren errestoa atzera botaz, eta haren erantzuna aurrean bukatuz; hirugarrena, sakez, bikain gurutzatuz; eta laugarrena, biparetaz, zabalera ateratako sakearen ondotik.

Erauntsiaren aurreneko zartako horri, ordea, bikain erantzun zion Elezkano II.ak. Bikaintasuna ez zen estetikoa izan, baina berdin zitzaion. Jokoa nahastearen ondorioz erdietsi zuen launa berdintzea. Mugitu beharra zeukan lekuz Jaka, aurreko koadroetan bere lekuan pilota eroso harrapatzen badu, zitala delako oso Lizartzakoa. Hori lortu zuen lau tantoko segida horretan Zaratamokoak, baina garesti ordaindu zuen segituan: sekulako abiadura eman zion jokoari, biek jokatu zituzten tanto luze batzuk partidako hasiera horretan, eta deigarria izan zen erabat Jakaren bosgarren tantoaren ondorengo irudia: bi pilotariak jota, arnasari buelta eman ezinda. 24 pilotakadako tantoa jokatu berriak ziren.

Elezkanok 6-5 aurreratzea lortu zuen gero, Jakak txapa azpira botatako pilota batekin, eta defentsan zabaletik txokora egindako tanto ikusgarriarekin. Jakaren seigarren tantoa ere gordetzekoa izan zen: sakeari airez erantzun zion, ezkerrez, seigarren koadrotik, eta zabalean tanto egin. Zazpigarrena eta zortzigarrena ere azkar egin zituen, sakez eta atzean. 6-8 urdinaren alde, eta Elezkanok partida eteteko erabakia hartu zuen: aulkira. Erabat jota. Baita Jaka ere. Eta oso adierazgarriak gipuzkoarrak aurkariaz esandakoak partida ondorenean, eten horretaz galdetu zitzaionean: «Ikusi dut Danel zuri zegoela». Aulkitik jaiki zenetik, bizkaitarraren zurbiltasuna kamiseta gorriak bakarrik disimulatu zion. Partida amaitu arte ezinean aritu zen. Fisikoak pott egin zion? Edo Jakaren erauntsiak eragindako ezintasunak erasan egin zion psikologikoki? Erantzuna aurkitzeko galdera interesgarriak adituentzat.

Sakea, erabakigarria

Bueltatu ziren, horrenbestez, kantxara, etenaren ondotik, eta zirt eta zart egin zuen Jakak. Bizi eta azkar. Sano. Sakearekin ezkondu zen ondo, erakutsiz ondo mamituta eraman zuela estrategia hori partidara, eta tantoaren lehen pilotakadarekin ez bazuen gehitzen aldeko puntua, ondorengo jokaldian edo handik berehala amaitzen zuen lana. Ondo sakatu izanaren poderioz. Aurkaria nahastera joan zen: zabalera, gurutzatua... Sakeetan non jarri asmatu ezinda eduki zuen Elezkano. Erabakigarria izan zen: zazpi tanto sartu zizkion aurreneko pilotakadarekin.

Beste helduleku on bat ere izan zuen lagun Jakak atzo: Elezkanoren eskuina bilatu zuen botez, baita lortu ere. Egoera horri ere etekina atera zion. Edozeri aterako zion atzo, ateratzen hasita, eta premia parean tokatu izan balitzaio. Dena neurrira egokitzea lortu zuen, eta dohainik handiena duen horretan distira berezia egin zuen: abila da tantoak bukatzen aurreko koadroetan.

Partidaren hasieran erakutsi zuen erauntsia bete-betean gauzatu zuen etenaren ondoren, eta 0-17ko partziala egin zion Elezkanori. Hirugarren finalerdian ere kale horrek. Jakak, bale. «Ez dit utzi jokatzen», esan zuen gero Elezkanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.