Cadiz 1-0 Eibar

Betiko istorio berbera

Eibarrek galdu egin du Cadizen, eta jaisteko postuetan amaituko du jardunaldia. Marko Dmitrovicek penalti bat huts egin du, eibartarrak galtzen ari zirela

Aleix Garcia, jota, atzo, partida amaieran Cadizen aurka galdu berritan. ROMAN RIOS / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Cadiz. Ledesma; Iza Carcelen (Jairo, 78. min.), Cala, Marcos Mauro, Espino; Jonsson (Fali, 73. min.), Jose Mari (Garrido, 72. min.), Alex Fernandez, Salvi (Perea, 62. min.); Sobrinoeta Negredo (Lozano, 73. min.).
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Oliveira, Arbilla, Cote; Pedro Leon (Kevin Rodrigues, 67. min.), Diop (Recio, 78. min.), Exposito (Aleix Garcia, 67. min.); Bryan Gil, Enrich eta Kike Garcia(Muto, 78. min.).
Gola. 1-0. Negredok (40. min.).
Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak Cadizeko Jose Mariri eta Jairori; eta Eibareko Coteri eta Enrichi.

Ondo hasi, hala moduzko sentsazioekin joan aldageletara eta etsita amaitu partida. Azken jardunaldietan horixe izan da Eibarren partiden laburpen azkarra. Atzo ere antzeko zerbait gertatu zitzaion Cadizen (Espainia), eta 1-0 galdu zuen. Beste behin, gol falta nabariak gogor zigortu zuen, eta esku hutsik itzuli zen etxera. Istorioari amaiera polit bat emateko, gauza asko aldatu behar ditu.

Valladoliden eta Elxeren garaipenen jakitun zelairatu ziren Jose Luis Mendilibarrenak. Bi aurkkari horien emaitzekin, jaisteko postuetan hasi zuen Eibarrek Cadizen aurkakoa. Sendo ekin zion partidari, hiru puntuen bila zihoala argi utziz. Etxeko taldeak eibartarrei eman zien baloia, eta kontraerasoan min egiten saiatu zen, bisitarien defentsa aurreratua baliatuz. Partida hasierako gol aukera guztiak, eta lehen zatiko gehienak, gipuzkoarren aldekoak izan ziren. Gola sartzea ere lortu zuten, baina VAR-ak gola baliogabetu zuen, Sergi Enrichek baloia eskuarekin ukitu zuelako. Gipuzkoako taldeak partida kontrolpean zuela ematen zuen.

Oso gutxitan izan zuen Cadizek korrika egiteko aukera, eibartarrek ondo zaindu zuten beraien bizkarra, eta, horren ondorioz, espainiarrek apenas zapaldu zuten Marko Dmitrovicen area. Lehen zatiko azken minutuetan, baina, Mendilibarrenak Cadizen zelaian baloia galdu, eta hutsune handiak utzi zituzten bi hegaletan;hori ikusita Alvaro Cerverarenak ez zuten korrika egiteko aukera galdu: kontraerasoan, Negredok, buruz, 1-0ekoa sartu zuen. Kolpe latza izan zen gola eibartarrentzat.

Bisitariak, azken partidetan bezalaxe, partidaren gidaritza eraman zuten, baita arrisku gehiena sortu ere, baina ez zuten baloia sareetara bidaltzen asmatu. Etxeko taldea, aldiz, atzean sartu zen, eta bere momentua iristea itxaron zuen. Ondo atera zitzaion. Joko sentsazio onarekin, baina markagailuan atzetik iritsi ziren gipuzkoarrak, berriz ere, atsedenaldira.

Nahi bai, baina ezin

Erasokor atera ziren bi taldeak aldagelatik bueltan: partida berdindu nahian Eibar, eta errenta bikoiztu asmoz Cadiz. Lehenak izan zuen bere helburua gertuen. Bigarren zatia hasi eta hamar minutura banakoa sartzeko aukera izan zuen penaltiz, baina Ledesmak jaurtiketa gelditu zion Dmitrovici.

Ordubetea pasatuta, azken norgehiagoketako traza hartu zuen partidak,eta asko jaitsi zen erritmoa, Eibarren kalterako. Erritmo bizia, intentsitate handikoa, komeni zaio Mendilibarren taldeari. Erritmo baxua eta posizio jokoarekin deseroso sentitzen dira eibartarrak, eta ez zuten aparteko arriskurik sortu.

Erlojuak aurrera egin ahala, presa sartu zitzaion Eibarri, eta espainiarren area erdiraketaz josten saiatu zen, baina etxeko taldeak ondo babestu zuen bere ate ingurua. Eibarrek zulo handiak utzi zituen bere zelaian, eta Cadiz horiek baliatzen saiatu zen neurketa erabakita uzteko. Birritan izan zuen bigarren gola sartzeko aukera, baina ez zuten eibartarren atea zulatzea lortu. Mendilibarrenak azken minutura arte ahalegindu ziren banakoa sartzen, baina ez zuten lortu.

Bosgarren jardunaldia geroztik, estreinakoz jaisteko postuetan amaituko du Eibarrek asteburua. Azken hiru postuekin jolasean ibili da azkeneko asteetan, eta, azkenean, erre egin da. Erruz egin beharko dute lan Mendilibarrenak datozen asteetan zulotik ateratzeko, hurrengo jardunaldietako aurkariak ez baitira makalak: Vila-real, Athletic, Real Madril...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.