Lehen urratsa egin dute

Irribarria-Zabaletak 22-20 irabazi diete Laso-Imazi binakakoaren finalerdietako ligaxkako lehen partidan. Ikusgarria izan da neurketa

Iker Irribarria, pilota jotzeko prest, atzo, Labriten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Iker Irribarria eta Beñat Rezusta hirugarren aldiz ari dira elkarrekin jokatzen Binakako Txapelketa. 2017an, txapela irabazi zuten. 2020an, ordea, ez zuten gainditu lehenbiziko ligaxka. Haien zorionerako, hirugarren aldia aurrenekoaren itxura hartzen ari da. Oso ondo ari dira. Lehen ligaxkan, aurreneko bi postuetan egon ziren hamalau jardunaldietatik bederatzietan, baina azkeneko partida galdu, eta kanporaketa jokatu behar izan zuten. Ataka estuan geratu ziren, baina gainditu zuten, eta horrek are eta konfiantza handiagoa eman die. Atzo erakutsi zuten. 22-20 irabazi zieten Unai Lasori eta Ander Imazi, Iruñean, Labriten, finalerdietako ligaxkako lehen neurketan. Ikusgarria bezain parekatua izan zen lehia.

Lehen garaipena lortuta, Irribarria-Rezustak aurreneko urratsa egin dute finala jokatzeko. Halako ligaxka laburretan oso garrantzitsua da lehen neurketa irabaztea. Aurrekariek ere halaxe diote: azken hiru ekitaldietan aurreneko norgehiagoka irabazi zuten bi bikoteek finala jokatu zuten gero.

Bolada hori eten nahi dute Laso-Imazek, baina horretarako, hurrengo bi partidak irabazi beharko dituzte. Garaiz daude suspertzeko, eta erakutsi dute edozeini irabaz diezaioketela.

Atzo ere lan handiak eman zizkieten Irribarria-Rezustari, batez ere neurketaren bigarren zatian. Aurrenekoan, Aspekoak goitik behera nagusitu ziren. Irribarria-Rezusta jotzaile handiak izanik, Imaz estu hartuko zutela espero zen. Baina atzelari oiartzuarra ikusgarri aritu zen. Lasori, ordea, kosta egin zitzaion sartzea. Irribarriak eragotzi zion, hura bikain aritu baitzen lehiaren hasieran. Hala, aurrean izandako desorekari esker, Aspekoak berehala hasi ziren garaipena bideratzen: 14-5.

Rezustak aukeran izan zuen 15-5ekoa, baina huts egin zuen, eta Imazen tantoak lehia irauli zuen. Laso piztu zen, eta, horri esker, tanto bakarrera jarri ziren Baikokoak: 16-15. Sekulako tentsioa zegoen, eta horrek hutsak eragin zituen: lehenbizi, Baikokoak aritu ziren eskas (20-15 eta 21-17), eta gero, Aspekoak (21-20). Azkenean, Rezustaren tanto batek erabaki zuen norgehiagoka.

Gaur, Bilbon

Gaur jokatuko dute lehen jardunaldiko azkeneko partida, Bilbon (17:00, ETB1). Aurreneko ligaxkan lehen bi postuetan sailkatutako bi bikoteak ariko dira: Altuna III.a-Martija, Elezkano II.a-Zabaletaren kontra. Bitan jokatu zuten elkarren aurka ligaxkan, eta bietan nagusitu ziren Altuna III.a-Martija: 22-17 eta 22-13. Baina hasieratik hasten dira berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.