Hegan eginez abiatu du Giroa

Remco Evenepoel nagusitu da Italiako Giroko lehenengo etapan. Lehen egunean bertan jantzi du maglia arrosa. Primoz Roglic 43 segundo mantsoago aritu da

Hegan eginez abiatu du Giroa.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Erakustaldia emanda irabazi zuen atzo Remco Evenepoelek (Quick-Step) Italiako Giroko lehenengo etapa, erlojupekoa. Saio laburra zen, eta ibilbidea laua, baina hegoak astindu balitu bezala aritu zen txirrindulari gaztea. Hasieratik hartu zuen aurrea behin-behineko sailkapenean, eta aldeak gora baino ez zuen egin. Horrela irabazi zuen etapa, eta lehen egunean jantzi zuen Quick-Stepekoak maglia arrosa. Aldeak nabarmenak izan ziren. Giroa irabazteko gainerako faboritoak elkarren giran aritu ziren denak, baina Evenepoelek kolpea jo zuen mahai gainean. Haren aurkari nagusia, Primoz Roglic (Jumbo-Visma), 43 segundo mantsoago aritu zen.

Ez zen nolanahiko eguna izan bi izar handientzat. Atzo arte bi aldiz bakarrik irabazi baitzion erlojuaren aurkako saio batean Evenepoelek Roglici: 2019an Munduko Txapelketan, eta iazEspainiako Vueltan. Atzoko garaipenarekin, hortaz, sei aldiz neurtu dituzte indarrak bi txirrindulariek, eta bakoitza hiru aldiz aritu da bestea baino bizkorrago.

Erlojupekoa irabazteko faborito nagusiak bata bestearen atzetik irten ziren Fossacesia Marinako irteeratik. Evenepoel izan zen ateratzen lehena, eta haren atzetik irten ziren Roglic, Stefan Kueng (Groupama) eta Filippo Ganna (Ineos). Quick-Stepeko gaztea berehala hasi zen behin-behineko sailkapenean aurretik zituen txirrindulariei aurrea hartzen. Geraint Thomasek (Ineos) zeukan denbora onena lehen mugarrian, hamargarren kilometroan,eta hogei segundo hobetu zuen haren lana. Bizkor ari zela zirudien, eta berehala baieztatu ziren usteak. Lehenengo mugarri horretara 26 segundo mantsoago iritsi zen Roglic. Ganna ibili zen gertuen: Italiako txapelduna da erlojupekoan, baina hura ere hamabi segundo galduta iritsi zen lehen mugarri horretara.

Ziztu bizian ari zen Evenepoel, eta, minutuak aurrera joan ahala, aldeak ere nabarmen egin zuen gora. Aurkariak ez ziren flandriarraren erritmora gerturatu ere egin lehen mugarrian, eta bigarren mugarrian ere ikaragarria izan zen aldea. Inor gutxik esperoko zuen horrelako erakustaldirik hemezortzi kilometroko erlojupeko lau batean. Hamabost segundo gehiago behar izan zituen Gannak bertara iristeko, eta 47 segundo Roglicek. Hala ere, azken mugarrira indartsu iritsi zen Esloveniako txirrindularia. Indarrak gordeta edukiko zituen akaso azken aldaparako, eta hura izan zen azkarrena azken kilometro horietan. Hala ere, ezer gutxirako balio izan zion, azken lau kilometroetan lau segundo soilik jan baitzizkion Evenepoeli. Hortaz, 43 segundo gehiago behar izan zituen Roglicek ibilbidea amaitzeko. Faboritoen artean Joao Almeida (UAE) izan zuen gertuen Evenepoelek, 29 segundora. Garaileak baino 40 segundo gehiago behar izan zituen Tao Geoghegan Hartek (Ineos), eta 55 segundo Thomasek eta Aleksandr Vlasovek (Bora).

Esprinterrentzat aukera

Atzoko erlojupekoa ahaztu, eta lehenengo aldiz abiatuko dira gaur txirrindulariak tropelean Italiako errepideetan barrena, Giroko bigarren etapan. Teramotik San Salvora 204 kilometro egingo dituzte gaur, eta Italiako txirrindularitzan ezagunak diren tokietan arituko dira, batez ere Tirreno Adriatikoagatik. Ziurrenik, esprintean amaituko da etapa. Tropeleko azkarrenek oso aukera gutxi izango dituzte aurtengo ibilbidean etapak irabazteko, eta aukera urri horiek baliatu egin nahiko dituzte. Hala izanez gero, itsasertzean egingo dute esprinta, San Salvo Marina itsas pasealekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.