Pilota. Binakako Txapelketako finala

Pilotan dena ez delako estatistika

Irribarria eta Zabaleta dira faborito gaur, Bilbon, Binakako Txapelketako finalean. Elezkanok eta Rezustak iazko arantza atera nahi dute

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketaren gidoia aldatu egin da azken urteetan. Juan Martinez de Irujoren erretiroak eta Aimar Olaizolaren maila apaldu izanak ordena logikoa itzularazi diote binakako jardunari, eta berriz ere atzelariak dira txapelketaren erritmoa ezartzen dutenak. Bi nabarmendu dira bereziki: Beñat Rezusta eta Jose Javier Zabaleta, ziur asko aurtengo Binakako Txapelketako bi jokalari onenak. Gaur elkarren aurka ariko dira finalean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1).

Iazko finalean ere elkarren aurka jokatu zuten, eta Zabaletak irabazi zuen. Ordukoan, Joseba Ezkurdia zuen alboan, eta gaur Iker Irribarriarekin jokatuko du. Rezustak, berriz, orduko lagun bera izango du: Danel Elezkano. Zabaletarentzat hirugarren finala da, eta aurreko biak irabazi zituen; Rezustarentzat, berriz, laugarrena da, eta behin soilik izan da txapeldun, 2017an, Irribarriarekin.

Iazko finala Zabaletak irabazi zuen, eta txapel gehiago ditu, baina elkarren aurkako partiden estatistika Rezustaren aldekoa da. Askotan neurtu dituzte indarrak, eta %61 bergararraren aldekoak izan dira. 57 aldiz neurtu dituzte indarrak profesionaletan, eta 35 irabazi ditu Rezustak. Binakako Txapelketako partidei bakarrik erreparatuta, batezbestekoa pixka bat handiagoa da: %63. 11 aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta zazpi irabazi ditu Rezustak. Ez da harritzekoa, irabazle petoa baita bergararra: hori da bere garaipenen batez bestekoa profesionaletan: %63 (297 jokatu eta 188 irabazi). Zabaletaren kasuan, eta harrigarria dirudien arren, jokaturiko erdiak baino pixka bat gehiago irabazi ditu: %52. 364 jokatu ditu guztira, eta 190 irabazi.

Dena, baina, ez da estatistika, eta gaur Zabaleta da faborito, bai behintzat apustuetan. Izan ere, Irribarriak eta Zabaletak azken txanpa ikusgarria egin dute, eta maila oso ona emanez irabazi zituzten finalerdietako ligaxkako hiru partidak. Hiruretan onena, gainera, gaurko aurkarien kontra jokatu zuten, Bilbon ere bai, eta 22-12 irabazi zuten. Txapelketan hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta Irribarria-Zabaletak bi irabazi dituzte. Irribarriari dagokionez, binakako bigarren finala du. Aurrekoa, 2016an, Rezustarekin irabazi zuen, eta azken urte eta erdiko mailarik onena eman du. Fresko dago kolpez.

Txapelketa osotasunean hartuta, baina, Elezkano-Rezusta izan dira onenak, edo bai, behintzat, erregularrenak. Elezkanok bigarren finala du jarraian, eta iazko arantza atera nahi du. Lehen ligaxkaren amaieran pixka bat behera egin zutela zirudien, baina inertzia ona berreskuratu dute. Urrunago joan gabe azkena izan da txapelketako euren partidarik onena, finalerdietan Altuna-Martijaren aurka irabazitakoa: 22-10. Bederatzigarren urtez jarraian jokatuko da finala Bilbon, eta harmailak bete egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.