Urrutikoetxea 22-14 Ezkurdia

Bueltan da Urrutikoetxea

Partida biribila jokatu ez arren, merezita sailkatu da zaratamarra hirugarrenez finalerako. Traba pare bat tarteko, Ezkurdia aztoratuta ibili da hasieran, eta garesti ordaindu du gero

Mikel Urrutikoetxea, amorru biziz garaipena ospatzen, atzo, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon eskudero
2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Pilotakadak.251.

Iraupena. 68 minutu.

Sakez. Urrutikoetxeak lau; eta Ezkurdiak bi

Markagailua. 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-4, 14-4, 14-7, 15-7, 15-10, 16-10, 16-12, 20-12, 20-14 eta 22-14.

Bestelakoak. Harmailak erdia baino gehixeago bete ziren Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 1.700 ikusle inguru. Partida hasieran dirua Ezkurdiaren alde, 100, 80ri.

Bueltan da Mikel Urrutikoetxea. Duela lau urte buruz buruko txapela jantzi eta onenen artean tokia egin eta gero, aspaldian ilundu samar zegoen bizkaitarraren ibilia. Besteak beste, iazko udan mononukleosiak jota egon zelako eta eskuetako arazoak ere izan zituelako. Ordea, pilotak urte osoan duen egunik handienean galtza zuriak jantzita izango da berriro, ondo merezita lortu baitzuen atzo banakako finalerako sailkatzea, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Partida biribila jokatu ez arren, Joseba Ezkurdiak baino askoz lan hobea egin zuen, eta hirugarrenez jokatuko du finala. Akaso, orain arteko bereziena izango du, gaixotasunak eragindako kalbarioa ez baitu ahazteko. «Sufrimendua izugarria izan da, eta berriz maila gorenean nagoela sentitzea sari handia da». Garaipena lortu orduko, gurasoak besarkatu zituen Urrutikoetxeak.

Finalerdia ez zen espero bezalakoa izan, tanto onak jokatu arren bere osotasunean ez baitzuen inor bete neurketak. Bi pilotariak egungo onenetakoak izaki, joko izugarriaren zain ziren pilotazaleak, baina tentsioa antzeman zitzaien protagonistei. Horren eraginez, huts nabarmenak egin zituzten. Jokatu zuten erritmoa ere oso handia izan zen. Ziurrenik, partidaren hasieran jokatu zituzten tantorik onenak. Erritmo itogarrian aritu ziren, eta launakora arte denetariko tantoak ikusi ahal izan ziren. Ezkurdia bizi aritu zen tantoa bukatzen, batez ere horma bikoaren bitartez, eta Urrutikoetxeak defentsari esker eutsi zion parean aurkariari.

Launako berdinketatik aurrera aldatu zen lehia. Bazirudien fisikoki osoago zegoela nafarra, eta luze egingo zitzaiola finalerako bidea Urrutikoetxeari, baina Ezkurdiak berak amildu zuen bere burua. Pare bat tanto polemiko gertatu ziren hasieran, eta bere gidoitik atera zen Aspekoa. Birritan egin zion traba aurkariak, eta ez zuen jakin izan haserreari eusten. Pilotazaleen txistuek ez zioten mesederik egin. «Aztoratuta ibili naiz tarte horretan, eta garesti ordaindu dut, gero alferrik izan baita atzetik aurrera egitea», aitortu zuen partida amaieran. Hori baliatuta, ihes egin zuen markagailuan Urrutikoetxeak: 14-4. Dena komeni zitzaion bezala gertatu zitzaion. Tanto ia denak motz joan ziren, eta, fisikoki gehiegi nekatu beharrik gabe, bideratuta utzi zuen lehia. Hori bai, merezita lortu zuen halako aldea. Sakea ederki baliatzeaz gain, norabide egokian ibili zuen pilota. Tantoa bukatzen ere inspiratuta egon zen.

Hortik aurrera, aldea kudeatzen asmatu zuen. Susperraldiak izan zituen Ezkurdiak, batez ere haserrea alde batera utzi zuenean, eta gerturatu ere egin zen: 16-12. Urrutikoetxeak berak opari dezente egin zituen, erabaki okerrak sarri hartu baitzituen. Horrekin batera, partidan sartu zen Ezkurdia, eta ordura arteko joko onena erakutsi zuen. Ordea, ez zitzaion egunik onena tokatu. Une erabakigarrietan kale egin zuen. Nabarmentzekoa izan zen bizkaitarrak aldea kudeatzeko erakutsi zuen gaitasuna. Aulkian aholku emailerik ez izan arren, bete-betean asmatu zuen atsedenak eskatzen eta aurkariari gehiago gerturatzen ez uzten. Gainera, une garrantzitsuenetan tantoak amaitzen asmatu zuen: 20-12.

Garaipena gertu ikusteak ez zion urduritasunean eragin, eta Ezkurdiak ez zuen inolako aukerarik izan gehiago gerturatzeko. Azken txanpan arrisku handiak hartzea erabaki zuen, eta, horri esker, goi mailako bi tanto eskaini zituen ezker airez. Ordea, ezin izan zuen besterik egin. Pena itzela zeukan barruan partida amaieran. «Nire mailaren erdirik ere ez dut eman, eta zapore txarrarekin noa etxera. Galtzea gauza bat da, baina entrenamenduetan eman dudan mailan eskaini ezinak sortzen dit amorrua. Ez dut eroso jokatu, gozakaitz aritu naiz, eta itxaron egin beharko dut buruz buruko lehen finala jokatu ahal izateko». Urrutikoetxea, aldiz, oso pozik zen. «2015ean txapela jantzi nuen, eta hurrengo urtean, finala galdu. Berriz halako aukera bat izatea ederra da. Badakit ez dudala partida biribila jokatu, huts gehiegi egin ditudalako, baina oparia berbera da. Oso pozik nago».

Irribarria, faborito argia

Urrutikoetxeak aitortu zuen gustatuko litzaiokeela finalean Danel Elezkanoren aurka jokatzea, herrikidea duelako. Dena den, Zaratamokoak gauzak oso ondo egin beharko ditu gaur Iker Irribarriari irabazteko, Eibarko Astelenan (17:00, ETB 1). Finalerdietan sasoi izugarria azaldu zuen gipuzkoarrak, Jokin Altuna egungo txapeldunaren aurka. Hala ere, galtzeko ezer ez duela kantxaratuko da Elezkano II.a, eta arriskatu egingo du hasieratik. Elezkano II.ak eta Irribarriak ez dute inoiz jokatu elkarren aurka buruz buru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.