Ez diote batere beldurrik

Bera Berak Europako Ligako hirugarren kanporaketako joanekoa jokatuko du gaur Gaskan, Zvezda Errusiako taldearen aurka

Maria Prieto O'Mullony, jautitzen, Aularen aurka. JUAN ANTONIO GOIKOETXEA.
Julen Etxeberria.
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Erronka gogorra izango du Super Amara Bera Berak gaur eta hurrengo igandean. Kale edo baleko kanporaketa jokatuko du EHF Europako Ligan. Gainera, ez da izango nolanahiko kanporaketa. Aurkari indartsua izango du parean: Zvezda Errusiako taldea. Gaur jokatuko dute joanekoa, Gaskan (12:10, ETB1), eta astebete barru itzulikoa, Txejoven (Errusia), goizeko hamarretan. Irabazleak sari handia izango du: ligaxkan ariko da. Bera Berak bertan egon nahi du bi urte geroago.

Urtea amaitu aurreko azkeneko ahalegina izango da donostiarrentzat, itzulikoa jokatu ondoren kluben arteko lehia etengo baita datorren urtera arte, Europako Txapelketa dela eta. Hain zuzen, horixe eskatu die Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak jokalariei: azken ahalegin bat. «Ligako lehen zatia amaitu dugu, ondo amaitu ere. Orain, Europako kanporaketa honetan izan behar dugu arreta osoa. Egia esan, ez dugu denbora askorik izan horretarako, duela bi [lau] egun jokatu baikenuen. Baina bi neurketako kanporaketa da, eta hamar egun ditugu horiek prestatzeko, horietaz gozatzeko eta azken ahalegina egiteko. Ligaxka jokatu nahi dugu berriz. Urtea bukatzeko modu ederra litzateke. Gertu gaude, baina ezin ditugu hutsak egin. Baikor nago, eta lasai. Uste dut gauzak ondo egingo ditugula».

Alvarezek azaldu duenez, «ondo» iritsiko da taldea kanporaketara. «Mesede» egin die ligako azken partidan Aula Valladolidi nagusitasunez irabazteak: 35-25. «Beste aurrerapauso bat eman dugu gure hobekuntzan. Aula ahulduta etorri zen, koronabirusa pasatuta, baina guk ondo egin genuen gure lana. Maitane Etxeberriaren lesioa ez beste [hautsia du sudurra], dena izan zen ona. Gogotsu gaude Europako kanporaketari aurre egiteko».

«Pixkanaka-pixkanaka» arinduz joan da duela bi aste Malagaren aurka Espainiako Superkopa galdu izanak eragindako mina. «Jada ez da zama, baina ez dugu ahaztu. Gol bakar batengatik egin zigun ihes titulu batek. Baina ezin diogu horri buelta gehiago eman. Zvezdaren aurkakoak axola behar digu orain».

Ez da gustuko arerioa Errusiakoa. «Batetik, bidaia luzea eta neketsua da, eta hainbat kontu lotu behar dira. Bestetik, talde indartsua da: Errusiako ligako sailkapenaren goialdean dago [laugarren postuan da]. Fisikoari dagokionez, herrialde horretako taldeak gu baino indartsuagoak dira, baita garaiagoak ere. Eta horrek zaildu egiten du lana. Baina gure jokalariek Europan aritzeko duten ilusioak nahikoa izan beharko luke Zvezdari aurre egiteko».

Jokalari errusiarrez bakarrik osatutako taldea dela eta beteranoen eta gazteen arteko nahasketa duela: hori bazekiten Bera Beran. Azkenaldian ikusi dituzten bideoetan, berriz, haren jokamoldearen berri izan dute. «Gol asko sartzen ditu, baina baita jaso ere. Bizi jokatzen du, eta lehen lerro indartsua du: erdikoan eta albokoan aritzen diren bi eskuin jokalari ditu. Baita eskuin hegaleko arriskutsu bat ere. Denbora daramate elkarrekin jokatzen, eta horrek talde batua bihurtu du».

Alvarezen iritziz ere, defentsa «erabakigarria» izango da. «Jaurtitzaileak dituzte, eta gu ez gaude ohituta horiek defendatzen. Ea gure defentsa nola egokitzen den». «Baikorra» da. «Aurre egiten badiogu, eta bizi jokatzen badugu, min egin diezaiokegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.