Gazteenaren hankak arinago

P. Etxeberriak 22-8 irabazi dio Bengoetxea VI.ari, Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkako partidan. Hasieratik joan da aurretik

Peio Etxeberria, pilota jotzear, atzean Oinatz Bengoetxea dela, atzo, Balmasedan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Partidaren erritmoa nork jartzen duen, huraxe izaten da demaren jabea. Horretarako, pilotari abiadura ematea aldagai garrantzitsuenetarikoa izan ohi da. Bada, Peio Etxeberria, distira handirik egin gabe ere, aise nagusitu zitzaion atzo Oinatz Bengoetxeari, Balmasedan (Bizkaia), Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkako partidan: 22-8. 23 urteko pilotaria arin eta bizi ibili zen kantxan, eta dohain horiek gogotik egin zioten min 37 urteko leitzarrari. Garaipen horrekin finalerdietarako urrats handia egin du Zenozkoak.

Etxeberria konfiantzaz beteta zetorren, Danel Elezkano 22-20 garaituta. Bengoetxea VI.arentzat, berriz, bere kirol ibilbideko hemeretzigarren Lau eta Erdiko Txapelketa zen jarraian. Aurtengoa, agian, azkenengoa izango du; urte amaieran bukatuko baitzaio Baikorekin duen kontratua. Hala eta guztiz ere, gogotsu zapaldu zuen kantxa, eta hark egin zuen lehen sakea; labur, ordea, Etxeberria 1-0 aurretik jartzeraino. Zenozkoak jokoa nahasteko eta pilotari abiadura emateko asmoz ekin zion demari; hankak arinagoak baitzituen Leitzakoak baino. Ba, bertute horri etekina atera zion, tantoak atzean nahiz horma bikoan bukatuz; lau tanto egin zituen jarraian.

Bengoetxea VI.a deseroso zebilen, lotuta, bere ohiko jokoa egin ezinik. Asier Garciak haren botileroak mezu argia bota zion ataka estu horretatik ateratzeko asmoz: kantxaren erdigunea bereganatzeko eta pilotak ertzera bidaltzeko. Sinplea ematen du, baina Baikoko pilotariak bazekien jokoaren agintea hartzeko galtzak bete lan zituela. Halere, bere burugogorkerian jarraitu zuen, hiru tanto erreskadan egiteraino. Leitzako basurdea ez da erraz etsitzekoa.

Etxeberria une batez presaka antzera zebilen. Gozakaitz. Joseba Ezkurdia zen haren botileroa, —herenegun Unai Lasori irabazi zion— eta joera hori erabat moztu nahi zion. Lasaitasuna transmititzeaz gain, erritmoa bizitzeko besterik ez zion esaten. Zenozkoak haren agindua beteta kaiolan eraginkorrago jokatu zuen: Sakez egiten zion minik handiena Bengoetxea VI.ari; azpi-azpitik, indarrez astintzen baitzuen pilota. Zortzigarren tantoa oinetara jokatutakoa izan zen. Ordurako, leitzarrari betealdia antzematen zitzaion, eta pilota motz geratzen zitzaion bakoitzean, Aspeko pilotariak ez zuen barkatzen kantxaren zabalera baliatuz.

Etxeberriak joko handirik egin gabe ere aurretik jarraitzen zuen, baina Bengoetxea VI.ak ez zuen soka inolaz ere eteterik nahi; bi tanto erreskadan eginda 5-8 hurbildu zen, azkena, errematea maisuki zabalera eginda, ia galdua zuenean. Pilotalekuan zeuden ikusleak piztu egin zituen, haur, gazte zein heldu. Etxeberriak ere nola edo hala laguntzen zion, bere kalterako; eramatekoak ziren bi pilotakada huts egin baitzituen. Presaren presaz aritzea ez zion bat ere onik egiten Zenozkoari. 6-11 heldu ziren atsedenaldi luzera. Bi pilotariek 120 pilotakada zeramatzaten pilatuta.

Patxadaz, hobekiago

Bengoetxea VI.ak eroso ekin zion bigarren zatiari; bi tanto eder egin zituen erreskadan, baina urteen zama nozitu zuen leitzarrak. Arnasari buelta emateko lanak zituen, Etxeberriaren mesederako. Aurkariaren ahulgune horri ahalik eta zukurik gehien ateratzeko ahalegin betea egin zuen, baita tantoak egin ere.

Etxeberriak bere buruarekiko konfiantza berreskuratuta, une hartatik aurrera hura geldituko zuenik ez zegoen. Bengoetxea VI.a, berriz, nekeak erasanda larri zebilen. Leitzarrari hasperenaren zantzuak igartzen zitzaizkion aurpegian zein ezpainetan; aurkaria olatu gainean ikusten baitzuen.

Etxeberria tantoz tanto bere bidea eginez joan zen, ondokoari mahai gainean aukera txikirik utzi gabe. Patxadak erosotasuna eman zion Aspeko pilotariari, eta tantoz tanto, 22.era heldu zen, baten poza eta bestearen etsipena azaleratzeraino. Balio handiko garaipena, beraz, Etxeberriarentzat. «Hustuta» baina egindakoaz gustura zen. «Partida gogorra joan da. Biak hustuta bukatu dugu, baina, agian, nik amaiera hobeagoa eman diot». Bengoetxea VI.ak ere guztiz akituta amaitu zuen. «Modalitate honetan, bete-betean hasi behar duzu, bestela jai duzu. Erritmo handian tantoak egin ondoren, bete egiten nintzen».

Altuna III-Elordi, gaur

Gaur jokatuko da A multzoko beste partida. Jokin Altuna eta Aitor Elordi ariko dira nor baino nor gehiago, (17:00, ETB 1), Eibarko Astelena pilotalekuan. Mallabitarra final-zortzirenetan Artolari 22-16 irabazita dator. Amezketakoak, berriz, lehen partida izango du Lau eta Erdikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.