Laso 22-8 Peio Etxeberria

Heldutasunak eman dio saria

Unai Laso 22-8 gailendu zaio Peio Etxeberriari, eta lau eta erdiko finalerako sailkatu da lehendabizikoz. Nahiz eta 1-5 atzetik joan, partida iraultzea lortu du, nagusitasun handiz

Unai Laso, garaipena ospatzen, atzo, Peio Etxeberriaren aurka jokatutako Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdian, Labriten. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Pilotakadak. 204.
Iraupena. 49.52.
Sakez. Lasok bost; Peio Etxeberriak bi.
Egindakoak. Lasok hamabi; Peio Etxeberriak sei.
Huts egindakoak. Lasok bi; Peio Etxeberriak hamar.
Markagailua. 0-2, 1-2, 1-5, 13-5, 13-6, 17-6, 17-8, 22-8.
Bestelakoak. Jende asko bildu zen Iruñeko Labrit pilotalekuan. Apustuak Lasoren alde atera ziren nabarmen: 100 40ri.

Nork esango zuen bederatzi hilabetez profesionaletatik kanpo egon ostean Unai Laso sailkatu egingo zela azaroaren 14an Bilbon jokatuko den Lau eta Erdiko Txapelketako finalerako ? Bada, aspalditik buruan zuen «ametsa» gauzatu du Bizkarreta-Gerendiaingoak. Peio Etxeberriari 22-8 nagusitu zitzaion atzo, bor-borka egon zen Iruñeko Labriten. Baikoko pilotariak txapelketako lehen partidatik erakutsi dituen bertute asko berretsi zituen atzoko lehian ere, heldutasuna eta patxada makulu zituela.

Hain zuzen, Lasok izan zuen lehen sakea, baina Etxeberriak, ezustean, airez erantzun zion, tantoaren dominatzailea izateraino. Sekulako erritmoarekin ekin zio lehiari, distiraz eta ausardiaz. 0-2 aurreratu zen, eta Jon Mariezkurrena Lasoren botileroak etenaldia eskatu zuen berehala, Zenozkoaren sua itzali nahian; on egin zion Lasori. Sakea berreskuratu zuen, baina opari galanta egin zion Etxeberriari; motzegi sakatu baitzuen. 1-3. Deseroso zebilen Bizkarreta-Gerendiaingoa; Aspeko pilotariak, berriz, bere lanean serio jardun zuen. Erasokor zebilen, eta egoera ondo baino hobeto aprobetxatzen ari zen. 1-5.

Harik eta Lasok piztia otzantzea lortu zuen arte, ezker boleaz motz-motzean egindako tanto handi bati esker. Ordutik aurrera, sekulako erakustaldia eman zuen kantxan, harmailetan zeuden pilotazaleak aho bete hortz uzteraino. Baikoko pilotariak 12-0eko partziala egin zuen, bizi-bizi, markagailua 13-5ean uzteraino. Sakez, ezker zabalean nahiz txokoan maisuki amaitzen zituen tantoak. Guztia ondo ateratzen zitzaion, eta partida haustear zen; Etxeberria, berriz, nekeak erasanda, erabat lotuta zebilen, bere ohiko jokoa egin ezinik. Gozakaitz ari bazen ere, nola edo hala, 6. tantoa egitea lortu zuen.

Susperraldiak, ordea, ez zion askorik iraun Zenozkoari. Lasok behin eta berriz pilota zabalera bidaltzen zuen, Etxeberria zigortzeko; eskuinez ez baita ezkerrez bezain abila. 19. tantoa, esaterako, ederra izan zen; pilotakada sarri baten ostean, Lasok bigarren koadrotik horma-biko zoragarria egin zuen, frontoian zeuden zaleak zutik jartzeraino. Gertu zuen garaipena, eta ez zion ihes egin: 22-8. Pozik zen amaieran Bizkarreta-Gerendiaingoa: «Hasieran, markagailuan joan zaidanez, banekien gogor borrokatu behar nuela, eta lortu dut. Gozatzera noa finalera». Txanponaren alde iluna Etxeberriari egokitu zitzaion. «Pena handia dut. Batek irabazi behar zuen, eta Unaik [Laso] nik baino hobeto jokatu du. Zoriondu egin behar da».

Gaur, Altuna III.a-Ezkurdia

Lasok gaur jakingo du nor izango duen aurkari finalean; Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dute, Gasteizko Ogetan (16:30, ETB 1). Azken lau urteetan, diziplina horretako txapeldunak izan dira biak: bina txapel jantzi dituzte. Bi pilotariek lau alditan neurtu dituzte indarrak, eta Arbizukoa hirutan nagusitu zaio Amezketakoari: besteak beste, bi finaletan, 2018koan eta 2019koan. Iaz, Altuna III.a izan zen txapelduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.