Bi denboraldiz Espainiako Lehen Mailan jokatu eta gero, Alaves Bigarren Mailan ariko da datorren sasoian. Arabako taldea ataka estuan zegoen azken jardunaldian: batetik, Alhamari irabazi beharra zion Ibaian; eta, bestetik, Sporting Huelvak eta Vila-realek huts egitea behar zuen. Bada, baldintza horietako bakar bat ere ez zen bete; funtsezkoenetik hasita: Iñigo Juaristik entrenatutako taldea ez zen gai izan irabazteko. Bana berdindu zuen. Emaitza horrek kondenatu zuen, baita Alhama ere.
Denboraldi osoaren isla izan zen norgehiagoka: gogotik saiatu zen Alaves, baina ez zuen saririk jaso. Hori gutxi ez, eta aurkariak eman zion lehen kolpea: Alhamak gola sartu zuen 35. minutuan; Raquel Pinelek. Etxekoei oso maldan gora jarri zitzaien partida, eta are eta gehiago helburua.
Buruarekin baino gehiago, bihotzarekin aritu ziren Juaristirenak. Hala ere, lortu zuten itxaropenari bide ematea, gola sartuta. Camila Saezek egin zuen, 84. minutuan. Gutxi falta zen, eta gogoz saiatu ziren, baina ezin izan zuten miraria gauzatu.
Eguneko beste partidan, Athleticek bana berdindu zuen Lezaman, Vila-realekin. Sara Ortegak sartu zuen lehen gola, 46. minutuan, eta Fatumata Kantehek berdindu zuen, 72.ean. Nekane Diezek eta Leyre Monentek azkeneko partida jokatu zuten.
Hiru euskal taldeek amaitu dituzte lanak ligan: Reala zortzigarren izan da, 38 punturekin; Athletic, hamargarren, 35ekin; eta Alaves, azkenekoa, 21ekin.
Eibarrek Alavesek utzitako tokia hartuko du datorren sasoian. Osasunak ere igo egin nahi du, baina asko zaildu zaio egitekoa: 2-0 galdu zuen atzo Granadaren aurka, igoera kanporaketako finalerdietako joanekoan. Datorren astean jokatuko du itzulikoa.
Gizonezkoetan, Alavesek badu aukera Lehen Mailara zuzenean igotzeko. 2-1 irabazi zion atzo Malagari Mendizorrotzan, eta igo egingo da datorren larunbatean Las Palmasen (Espainia) irabazten badu. Garaipena lortu ezean, kanporaketak jokatu beharko ditu. Eibarrek, berriz, bina berdindu zuen Sportingekin Ipuruan, eta jada ezin da zuzenean igo.
Ez da egon miraririk
Alavesek bana berdindu du Alhamarekin etxean, eta maila galdu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu