BOKAZIOA AKUILU, PREKARITATEA EMAITZA

Kultur sorkuntzaren bokaziozko izaera aitzakia moduan erabiltzen dute bitartekariek batzuetan: lanaren truke gutxiago eskaintzeko sortzaileei, edo, are, kobratu gabe lan egiteko eskatzeko. Lana idealizatzeak prekarizazioa dakarrela diote BERRIArekin hitz egin duten lau kulturgilek.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Sortzaileak gustuko du egiten duen lana, eta, horrenbestez, egitearen poztasun hutsak aise ordaintzen dio jarduera profesionala. Hala, ez du zertan beste ordainsaririk jaso, edo ekarpen sinboliko batekin asea du beharra. Batzuetan esplizitua, gehienetan ezkutua, ideia hori ez zaie arrotz kulturgileei. Hainbatetan egin du topo harekin Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendariak: «Profesio honetatik bizi nahi dugunoi sinetsarazi digute zortea dugula, egiten duguna gustatzen zaigulako. 'Nik bulego batera joan behar dut, eta ez zait gustatzen', diote. Eta egia da nik aukeratu dudala, baina horrek ez du esan nahi sektore bat ez denik».

Zuzendariak azaldu duenez, batzuetan entusiasmoa aitzakia bezala erabiltzen dute programatzaileek ikuskizunak balio duena baino gutxiago eskaintzeko, eta, dioenez, «gutxi dira jada zuhurrak ez diren» bitartekariak. Alabaina, halabeharrez onartu beharreko kontratuak izaten dira askotan, kulturaren egoerak hala bultzatuta. «Begiratzen duzu egutegia eta bost edo hamar emanaldi dituzu itxita, baina 50 edo 100 behar dituzu bizirik irauteko. Adibidez, lanak 2.000 euro balio baditu, prest egon gara momentu batean 1.000gatik ere egiteko. Esaten duzu: 'Esfortzu hori egingo dut, ikusten banaute agian gehiagok kontratatuko nautelako'; esne saltzailearen ipuina. Etengabe egiten duzu». Programatzaileetatik haragoko erantzukizuna begitantzen zaio, halere: «Soka bat da: udaletako teknikariek hori egiten dute haien politikariek kontuak eskatzen dizkietelako: zenbat balio duen ikuskizunak eta zenbat publiko ekarriko duen. Sistema kapitalista baten barruko kate bat da».

Irudiaren sektorean egoera berdintsu dabil Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaile eta Lanartea eta Euskal Irudigileetako kidearen hitzei erreparatuta, nahiz eta hobekuntzak ikusi dituen azkenaldian, hark horretan egindako lanari esker: «Igual garai batean gehiago gertatzen zitzaidan orain baino. Hasi nintzenetik ibili naiz ulertarazten nire lanak balio bat duela, bokazioz egin arren. Askotan aipatu behar da gure lanak eta denborak dirua balio dutela, eta uste dut nire bezeroak hori ulertzen hasi badira izan dela neu ere horren aldeko borrokan ibili naizelako etengabe».

Bezeroei mugak jartzea «zaila» suertatzen dela dio, eta «beldurra» ere izan duela gehiago eskatzeko orduan: «Adibidez, bezeroak uste duenean zenbait gauza daudela lanaren barne, eta zuk esaten diozunean lan horiek aparteko aurrekontua beharko luketela, lana galtzen dugu batzuetan. Malabarismo lan handia eskatzen duen gauza bat da». Pedagogia ariketak aparteko esfortzua dakar: «Zergatik egin behar dut, nire lanaz gain, aparteko lan bat hura justifikatu eta duintzeko?».

Arte garaikidearen egoerak ere egiten du bat, hein handi batean, antzerkian eta ilustrazioan gertatzen ari denarekin, Kontxa Elorza eta Nerea Aierbe irakasle eta Prekariart ikerketa taldeko kideek diotenez. En Riesgo liburua koordinatu dute, arte garaikidearen egoera prekarioa hainbat ertzatatik aztertzen duen artikulu bilduma, eta entusiasmoa eta bokazioa dituzte ahotan, halaber, liburuan parte hartu duten autoreetako batzuek. Bi kontzeptu horiez gain, «irudimena» edota «adierazpen askatasuna» ere aintzat hartzekoak iruditzen zaizkio Aierberi, orobat egozten baitzaizkio lan kulturalari, haren ustez.

Kultur lanean dagoen «oinarrizko arazoa» dela dio Aierbek, gainontzeko sektoreetan ere hori gertatzen baita, haren iritziz. «Lan ideal gisa dute, askea delako gainontzeko ogibideekin alderatuta. Gozagarria denez, eguneko edozein momentutan egin dezakezu, instituzio publiko eta pribatu pila batentzat, eta batzuetan ikusgaitasunaren edo curriculum baten truke baino ez». Kontzeptu sortari Azpiazuk aipatutako «inspirazioa» gehitzen zaio: «Badaude ezarrita dauden zenbait ideia, baina azaleratzen ez diren bitartean, indarrean jarraituko dute. Oso gauza bohemioekin lotzen dugu artea».

Horiek horrela, artistak eurak izaten dira jarduera artistikoaren «mezenas nagusiak», Elorzak azpimarratu duenez. «Lana sostengatzen da artistek haien baliabideak aurreratzen dituztelako egiten duten ekoizpena egin ahal izateko». Idealizazioarekin egiten dute topo berriro ere, ordea, egoeraz ohartarazi eta hura iraultzeko bitartekoak galdegiten dituztenean, eskaerok sorkuntza lana «kutsatuko» balute bezala, Elorzaren iritziz. «Aurreiritzi asko existitzen dira, eta hori izan liteke haietako bat».

Iritzi berekoa da Azpiazu: «Artearen amorez esaldiak dena esaten du. Ematen du diruak gauzak zikintzen dituela». Alabaina, kulturak bete-beteko lotura du ekonomiarekin, lan izaeragatik, batetik —«Gu etengabe ari gara lan egiten ditugun ordu horiek kontabilizatzen», dio— eta bestetik, kultur produkzioak «eragina» duelako ekonomian. «Beste uste kolektibo bat da kulturak ez duela onura ekonomikorik sortzen, edo hori da behintzat niri iritsi zaidan irakurketa. Eta ez da egia: musikak, literaturak... dirua mugitzen dute. Datu ekonomikoak jakinarazten dizkigutenean, nik ez dut ikusi hori kontuan hartzen denik», dio.

Dena dela, «gero eta kontzientzia handiagoa» dagoela antzeman du Elorzak, eta aldaketa horren adibide praktiko bat aipatu du Aierbek: «Tailer gero eta gehiagotan erakusten zaie artistei fakturak egiten. Ez da kontuan hartua izan, artetik kanpoko gauza bat bezala ikusten baitzen, baina orain konturatu dira ezagutu behar dituztela oinarrizko kontu horiek ere». Halaber, kontzientzia hori ez da bitartekarietara orokortu. Izan ere, artistek gero eta gehiago «exijitu» behar izaten dute egindako lanarengatik ordain diezaieten, Elorzak dioenez. «Edukiak garatzen ditugun espazioetan lan egiten duten guztiek —elektrikariek, garbitzaileek...— kobratzen dute. Hortaz, espazioari zentzua ematen dion edukia egiten duenak, artistak, beste horrenbeste egin behar du».

Halere, bokazioa «interesgarria» ere izan liteke batzuetan, Elorzak dioenez: «Ulertua denean zure lanarekiko pasioa bezala eta egiten duzunarekiko maitasuna bezala, kontuan hartzeko balioa iruditzen zait». Hala ulertzen da beste ogibideetan, Aierberen arabera: mediku batek bokazioa izateak, kasurako, ez baitu lanari dagokion gainontzeko guztia «zalantzan jartzen». Edonola ere, beharrezkotzat du Intxaurragak: «Batez ere urteetan iraun nahi baduzu, bokazioa derrigorrezkoa da, kultura oso sektore ahula delako».

Doakotasuna balazta

Oro har, kultur lana «berezia den ustea» dagoela dio Azpiazuk. Harekin lotzen diren ezaugarri bereizgarriak gorabehera —bokazioa, motibazioa, askatasuna eta gisa horretakoak—, kultur adierazpen asko musu truk izateak ere areagotu ditzake bai ilustratzaileak aipatutako uste hori, baita lan kulturalaren inguruan errotu diren beste guztiak ere. «Kulturak doakoa izan behar duelako ustea irauli behar da. Jendeak kontuan hartu behar du zer ari den eskatzen zeozer debalde eskatzen duenean; adibidez, norabait joatea eta han arratsaldea pasatzea zerbait egiten». Horiek horrela, eragileak zer baldintzatan dauden aztertzeko «plan integral» batez gain, «sozializazio kanpaina bat» ere egin beharko litzatekeela uste du ilustratzaileak: «Kulturgileak ere gizartearen parte direla ulertarazi beharko litzateke sentsibilizazio kanpaina baten bidez, balio batzuen alde egiten den bezala. Ulertzeko, azkenean, hor gabiltzanok zer sokaren gainean ibili behar dugun askotan».

«Gobernuak bere gain hartzen duen zerbitzua ez» den heinean, kulturgileen lana «ezin da» doakoa izan, Intxaurragaren ustez. «Baina hori ezin da konparatu orain egiten denarekin. Kulturako dena doan denez, sartu eta atera egoten dira ikusleak. Hori kaleko antzerkian asko gertatzen zen pandemia baino lehen». Horri gehitzen zaio, gainera, «ekitaldien gizarte batean» bizitzea, Intxaurragak dioenez. Hala, herrietako obrak «ezikusiak» izango dira, alderatuta Bilboko Arriagan edota Donostiako Viktoria Eugenia aretoetan ematen direnekin. «Eta gero nahiko dute haien herrikoa doan izatea, baina prest daude Arriagan edo Viktoria Eugenian behar dena ordaintzeko».

Publikoak «selektiboagoa izateko ardura» duela uste du Aierbek ere: «Ikusten dutenaren inguruko ikuspegi kritikoa izan behar dute, ez kontsumitzea soilik instituzio handiek eskaintzen dutena». Horretarako, «interesa eta formazioa behar» direla uste du ikerlariak. Alta, hezkuntza sistemak berak oztopatzen du horiek eskuratzea, Elorzak azaldu duenez. «Heziketaren kontua oso garrantzitsua da. Artea desagertu egin da Lehen eta Bigarren Hezkuntzako programa gehienetatik. Kontraesankorra da egitura handiak martxan jartzea, beste esparruetan ez denean artearekiko interesa hauspotzen».

«Babesik gabe»

Bokazioaren mitoak dakarren prekarizazioari aurre egiteko, instituzio publikoen pisua aipatu dute denek. Intxaurraga, zehazki, kexu da «kultur politikarik ez» dagoela. «Dagoena da kultur administrazio politika, erakustera lotua dagoena». Dioenez, «ez badaude ezarrita zeintzuk diren gutxieneko kultur eskubideak, norbere burua salbatzeko ardura hartu behar du kulturgileak». Bere «subjektibotasunetik», Azpiazuk antzeman du «erabat babesik gabe» daudela ilustratzaileak. «Gauza batzuk ez badira estimatzen, mahai gainean jartzen ditut; deserosoa da, eta amorrua ematen dit zama nik hartu beharra, baina babes instituzionalik ez dago». Usteak orain ere. «Kultura bere kabuz sostengatzen dela ulertzen dugu, eta ez da hala. Egitura eta babes bat eman behar zaio, eta, edozein langilek bezala, guk ere gure lan baldintzak bermatuak izatea merezi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.