Beltzetik zurira, istantean

Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak 19-22 irabazi diete Jaka-Martijari, eta Binakakoaren finalerdietako ligaxkan sartu dira. 18-13 atzetik joan arren, markagailua iraultzea lortu dute

Jokin Altuna, pilotari eman berri, Erik Jaka atzean duela, atzoko binakako txapelketako partidan, Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Nabaria zen asko zegoela jokoan atzoko Binakako Txapelketako partidan, eta edozein pilotazale jar zitekeen urduri. Jaka-Martijaren eta Altuna-Mariezkurrenaren aurpegiek dena esaten zuten, baita Labritera (Iruñea) bertaratu ziren berrogei ikusle apurren aurpegiek ere. Serio ziren denak, eta isiltasuna zen nagusi. Izan ere, partida horretako bikote irabazlea finalerdietako ligaxkara sailkatuko zen.

Bi partida jokatu zituzten elkarren aurka aurretik txapelketan, eta bietan aise hartu zituzten mendean Altuna-Mariezkurrenak Jaka eta Martija. Baina atzokoa zen irabazi beharrekoa, eta lehia horretan ere ez zuten hutsik egin. Hori bai, majo sufrituta, gozatu beharrean; bikote irabazlea 18-13 joan zen atzetik, baina ez zuten inolaz ere galdutzat eman partida. 19-22 nagusitu ziren.

Jaka-Martijak egin zuten partidako lehen tantoa, sakez, Lizartzakoaren (Gipuzkoa) eskutik. Aspeko aurrelaria lehen kolpetik lehia nahasteko asmoz hasi zen. Altunak eta Mariezkurrenak, baina, azkar berdindu zuten markagailua. Amezketakoak (Gipuzkoa) ezker txokoan goxo-goxo utzi zuen pilota. Maisua da horrelako egoeretan, eta modu horretara egin zuen bigarren tantoa ere, pilota ezker horman utziz, doi-doi. Mariezkurrena haren bikoteak mezu argia igorri zion Altunari: «Segi horrela».

Bikote batak zein besteak erritmo azkarra nahi zuen ezarri, demaren jabe egiteko. Batek jo, besteak erantzun. Biek ala biek oso gutxi behar zuten tantoa egiteko. Mariezkurrenaren nahia atzeko koadroetan agintzen saiatzea zen, Altunak aurrean tantoak buka zitzan, kantxaren zabalera baliatuz. Momentu batez, 5-7 aurretik jarri zen bikote urdina. Baina, Berriozarkoari (Nafarroa) pilotakada motz geratzen zitzaion aldiro, Jakak ez zuen barkatzen.

Gorriek zortzinako berdinketa lortu ostean, sakea alde izanda, euren gustuko pilota hautatu zuten. Eta baita asmatu ere. Hiru tanto egin zituzten erreskadan: 11-8. Jakak bazekien boleaz min egin zezakeela, eta halaxe egin zuen, modu zital eta erasokorrean. Atzean, berriz, Martija ez zen kikildu Mariezkurrenaren ondoan, eta gauzak zail jartzen zizkion une oro. Berriozartarrari hasperenaren zantzuak antzematen zitzaizkion aurpegian zein ezpainetan. Bien arteko aldeak txikiak ziren arren, bikote gorria zihoan aurretik. 12-11 heldu ziren lehen atsedenaldi luzera.

Zirt edo zart, besterik gabe

Eroso ekin zioten bigarren zatiari Jaka-Martijak, eta joko errazean hanka egin zuten, 18-13 jartzeraino. Lizartzako aurrelariak seigarren tantoa zuen egina, eta bikote hark ordura arteko abantailarik handiena zuen. Altuna eta Mariezkurrena, berriz, egoera kritikoan zirela jabetu ziren. Zirt edo zart egin behar zutela.

Markagailuan aldea izanda ere, 22. tantora iritsi egin behar da gero, eta, sarritan, presaren presaz aritzea ez da lagungarria. Halakoxe trantzean sartu ziren Jaka eta Martija, Altuna eta Mariezkurrenaren mesederako. Martija, bereziki, gozakaitz aritu zen azken zatian. Pilotakada gutxirekin bikote gorriarengana hurbildu ziren, baita parean jarri ere: 19-19. Animoz gainezka ziren Altuna eta Mariezkurrena, eta dantzan jarri zituzten Jaka eta Martija, 1-9ko partziala egin eta 22-19 nagusitzeraino. Bikote baten poza eta bestearen etsipena azaleratu ziren amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.