Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Gerraren ondorio hotzak

Bigarren Mundu Gerraren amaieran dago girotua filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun

'Beanpole'



Zuzendaria: Kantemir Balagov. Herrialdea: Errusia.Iraupena: 137 minutu.

Leningradon gaude, 1945. urtean. Bigarren Mundu Gerra amaitu da, eta harekin eraman ditu eraikinak eta bizitzak. Iya eta Masha, elkarrekin frontean egondako bi emakume gazte, gerra amaitu ondoren topatuko dira berriro, Iyak lan egiten duen ospitale batean. Bakoitzaren gorputzak era desberdin batean egiten dio aurre bizitako guztiari: Mishari sudurretik odola irteten zaio ezustean, eta Iya izoztuta bezala gelditzen da gutxien espero duenean. Baina gorputz horiek adierazten duten oinazeak ondorio ugari edukiko ditu bi emakumeen bizitzetan.

Gerra baten ondorioak erakusten dizkigu Kantemir Balagov zuzendari gazteak; oraingo honetan, baina, bizirik irten diren bi emakumeren begiradatik. Ulertu ezin dezakegun mina bizi izan duten emakumeak dira, eta horrek une bakan batzuetan soilik hausten den hoztasuna ekarri die. Bakoitzak bere erara aurrera jarraitu nahi du, bizitza berri bat eraikiz, baina iraganak pisu handia du, eta ihes egiten saiatuko badira ere, bizitakoari aurre egin beharko diote.

Koadroak balira bezala zuzendu ditu eszenak zinemagile errusiarrak. Mina eta hondamendia besterik ez dagoen ospitale bati berotasuna eman dio kolore horixkak erabiliz, eta argirik ez duten protagonisten arimei kolore gorri eta berde biziak eman dizkie. Kontrasteekin jokatzen duen filma da Beanpole: koloreekin, argiarekin, klaustrofobia eragiten duten espazio irekiekin eta baita emozioekin ere; protagonistek zoriontasuna lor dezaketela ikusten dugun bakoitzean iristen da ezbeharren bat, lasaitasuna sumatzen dugunean dator berri txarra. Eta, horrela, kontraste eta koadro artean eraikitzen du zuzendariak gerrak dakarren hondamendiari buruzko drama gogor hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.