Netflix Euskaraz herritar taldeak euskalgintzaren babesa jaso du

Netflixi euskarazko edukiak eskatzeko, 10.500 sinadura bildu dituzte. Jarraitu egingo dute sinadura biltzen: 20.000 lortzea da xedea

Hamasei eragileren babesarekin egin zuen atzo agerraldia Netflix Euskaraz taldeak, Durangon (Bizkaia). E. PORTILLO / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Euskalgintzako, ikus-entzunezkoen sektoreko eta euskal komunikazio esparruko askotariko eragileen babesarekin, agerraldi publiko bat egin zuen atzo Netflix Euskaraz herritar taldeak, Durangon (Bizkaia). Bi hilabetean 10.500 sinadura bildu ostean, taldearen bidea ez dela amaitu ohartarazi dute. Sinadura bilketak jarraitu egingo du, abenduaren 3ra arte. 20.000 sinadura lortzea jarri du xedetzat taldeak.

Izaskun Rekaldek, Netflix Euskaraz taldearen izenean, honela esan zuen: «Ordainpeko plataformen harpidetzak %40 hazi dira azken bost urteotan; euskaldunon hamarretik seik edaten dugu iturri horretatik. Horien artean, Netflix da merkatu kuotarik handiena duena». Eta plataforma horietan ez dago iaeuskarazko edukien eskaintzarik.

Hartara, euskararen larrialdiaz ohartarazi nahi du herritar taldeak: «Euskarak bizi gura badu, ikus-entzunezkoen alorrean ere egun daukan baino presentzia handiagoa izan behar du».

Netflix Euskaraz taldearen aldarrikapenak une garrantzitsu batean iritsi dira. Bi arrazoirengatik: «Batetik, plataformek indar handia hartu dutelako, eta itsaso gero eta zabalago horretan euskararen presentzia gero eta txikiagoa delako. Bestetik, Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berria tramitatzen ari direlako, eta aukera ikusten dugulako gure indarrarekin lege horretan eragiteko. Plataforma horien jarduera arautu behar da, euskarazko eskaintza izan dezagun».

Hartaz, eskaera hau egin nahi dio herri mugimenduak Netflix plataformari: «Tokian tokiko komunitateekin betebeharrak ere badituela gogorarazi nahi diogu. Euskara eta plataforma honen kontsumitzaile potentzial garen hemengo eta hango 800.000 euskal hiztunen beharrizanak ase ditzala. Euskal hiztunok euskaraz jaso nahi ditugu plataformako ikus-entzunezko eduki guztiak».

Epe laburrean Espainiako Kongresuan onartuko duten Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berriari dagokionez, Netflix Euskaraz taldeak nahiko luke lege horretan hizkuntza aniztasuna jasota gera dadila, eta streaming plataformetan hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko eduki kuotak zehaztea eta bermatzea. Alderdi politikoei, hortaz, eskatu die beren gain hartzeko dagokien erantzukizuna. «Lege horrek gure eskubideak jaso behar ditu, eta euskarak gaur egun ez duen lekua izan behar du», azaldu zuen Rekaldek. Eta zera ere eskatu diete alderdi politikoei: «Datozen asteetan, Espainiako Kongresuan, alderdi politikoek euskal hiztunen eskubideen defentsan bat egiteko eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Lege Orokorrari jarritako alegazioak babesteko».

Halaber, Netflix Euskaraz taldeak uste du Euskal Herriko erakundeei dagokiela euskaldunen eskubideak bermatzea. Horretarako tresna egokiak behar direla deritzote: «Batetik, Euskal Herriko parlamentuek eskumena daukaten esparruetan, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia legez arautzea eskatzen dugu. Beste alde batetik, ez daukagu benetako egitura sendorik:Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua behar dugu, ikus-entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publikoa».

«Gure egitasmoa mugatua da, behar zabalago baten isla. Aurrerantzean, bidea ez dugu bakarrik egingo», adierazi zuen Rekaldek. «Gaiari behingoz sendo helduko dion nazio mailako herritar mugimendu bat behar dugu. Berandu baino lehen elkartu gaitezen ikus-entzunezkoen arloko Euskal Herri osoko eragileak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.