Ramona Lorenzo Lopez. Ospitaleko garbitzaile ohia

«Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan»

Urte luzeak eman zituen Lorenzok Gasteizko Santiago ospitaleko gela guztiak garbitzen. «Lan gogorra» izan arren, goxo oroitzen ditu korridore horietan bere lankideekin batera pasatutako orduak eta haiengandik jasotako tratua.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ikusezina sarritan, baina beharrezkoa beti. Horrelakoa da ospitaleetako garbitzaileen lana. ogibide nekeza da haiena, oso fisikoa, eta arreta handia eskatzen duena. Ospitale batek beti egon behar du garbi, eta sakon garbitu behar da. Baina konfinamendu garaiko txalo zaparradetan oroitzen al zen norbait garbitzaileez?

Gasteizko Santiago ospitaleko garbitzailea izan zen Ramona Lorenzo Lopez (Alvite, Galizia, 1956). 45 urte eman zituen horretan, 2020an erretiratu zen arte. Pandemia garaian lan egiteaz libratu bazen ere, haren lankide ohiek «asko sufritu» zutela oroitu du. Hala ere, aurretik ere garrantzitsua zen ospitalea beti garbi mantentzea. Akaso, zirujauak garbi ez dagoen gela batean operatu dezake?

Galiziarra izanda jaiotzez, zergatik erabaki zenuen Gasteizera etortzea?

17 urterekin etorri nintzen. Han ez zegoen etorkizunik. Ahizpa Gasteizen bizi zen jada, eta bera zegoelako erabaki nuen etortzea. Ordutik, beti bizi izan naiz Gasteizen.

Handik gutxira hasi zinen garbitzaile lanetan Santiago ospitalean. Baina zer egin zenuen aurretik?

Bi urte eman nituen fabrika batean lanean, ospitalean garbitzaile gisa lan egiten hasi aurretik. Egia esan, oso oroitzapen onak ditut lehen bi urte haietaz. Pozik bizi nintzen ahizparen etxean. Gainera, oso harrera ona egin zidaten Gasteizko jendeak eta, oro har, euskaldun guztiek.

45 urte eman zenituen Santiago ospitalean lanean, 2020an erretiratu zinen arte. Eskaini egin zizuten ospitaleko garbiketa taldean sartzea?

1975ean hasi nintzen. Bertan lan egiten zuten lagun batzuei esker lortu nuen sartzea. Lehen ez zen oposiziorik egin behar; han lan egiten zuen norbait ezagutzen bazenuen, sartzen zinen. Mojaren bat ezagutzen bazenuen, bestela.

Mojaren bat?

Zuzendaria eta mojak arduratzen ziren ospitalea kudeatzeaz. Hasiera ez zen txarra izan, baina mojak nahiko zorrotzak eta gogorrak ziren. Gogorra zen eguneroko lana ere.

Urteetan gauzak aldatuz joan ziren: garbitzeko tresnak, kudeaketa...

Gauza guztietan eboluzionatu du ogibideak, tresnetan batez ere. Erratz bat eta biltzaile bat bakarrik erabiltzen nituen hasieran. Azken urteetan, berriz, gutxitan erabiltzen genuen lanbasa; mopa erraldoiak erabiltzen genituen gehienetan. Aldatuz joan den ogibidea izan da.

Jendeak batez ere medikuekin, erizainekin edo zaintzaileekin lotzen ditu ospitaleak. Baina ezinbestekoa da ospitale bat garbi mantentzea.

Dudarik gabe. Adibidez, garbitzaile batek ebakuntza gela bat sakon garbitzen ez badu, zirujauak ezin du operatu. Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan. Adibidez, oso konplexua da ebakuntza gela garbitzea. Nik ez ditut hainbeste garbitu, baina sakon garbitzen nituen tokatzen zitzaidanetan. Oso garbitzaile zorrotza nintzen. Gainera, asko errepikatzen ziguten hori. Ospitale guztiko gelak garbitzeko beharrezkoak dira garbitzaileak.

Beraz, adibidez, ez da gauza beraeskola bat edo ospitale bat garbitzea?

Ez du zerikusirik. Guk beste produktu mota batzuk erabiltzen genituen. Adibidez, ez genuen lixibarik erabiltzen, debekatuta zegoen. Desinfektatzaile toxikoago bat geneukan. Kanpotik zekartzaten produktuak ziren, ez naiz oroitzen zein markatakoak ziren, baina ospitaleko garbiketarako espezifikoak ziren. Gela batzuetan garbiketa bereziak egin behar izaten genituen. Dena garbitzen genuen: gortinak, hormak... Eta dena,berriro diotsut, kontu handizeta pazientzia handiz egiten genuen.

Nahiz eta eskularruak erabili, larruazalak ez zuen batere sufritzen produktu toxiko horiek erabilita?

Eskularruak nahitaezkoak dira, oso produktu toxikoak eta arriskutsuak direlako. Zorionez, niri ez zait ezer larririk edo arrarorik gertatu. Halere, gogoan dut lanean hasi nintzenean eskularruak jantzita ere eskuak zartatzen zitzaizkidala.

Mugimendu handiko lana izanik, gorputzak asko sufrituko zuen. Lesio larriren bat duzu?

Ez, lesio larririk ez, baina hiru diskoko hernia ditut. Urte batzuk eman nituen ospitaleko garbitegian lanean; asko sufritu nuen hor. Zorionez, oso ondo nago, eta ezin naiz kexatu. Nire lankide ohi batzuk, bai, haiek gaizki daude. Nagusiak irakasten zigun nola lan egin gorputza ez behartzeko, baina gero ez genuen aplikatzen. Nahiz eta posturak zaindu, ezinezkoa da lesio guztietatik libratzea.

Zorionez, pandemia hasi baino lehen hartu zenuen erretiroa, baina zure lankide ohi askok pairatu zuten. Zer kontatu zizuten, gogorra izan zen haientzat?

Oso gaizki pasatu zuten pandemian. Askok depresioa izan zuten, ikusten zuten guztiagatik. Gehiegi sufritzen zuten egunero.

Etxetik jendeak mediku eta erizainak txalotzen zituen. Eta garbitzaileak, zer?

Bada, haiek ere lehen lerroan borrokatu ziren. Etengabe garbitu behar izaten zituzten koronabirusa zuen jendea zegoen gelak. Goraino estalita sartu behar ziren geletara: txabusina, eskularruak eta betaurrekoak jantzita. Zorionez, ni libratu nintzen; beraz, ezin dizut askorik kontatu.

Ikusezina den ogibidea da?

Gaur egun, zorionez, ez; baina lehen, agian, bai. Kategoria apaleko jendetzat hartzen ziren garbitzaileak, klase apalago batekoak balira bezala. Eskerrak hori aldatzen ari den. Nik ez dut inolako kexarik, zorionez. Mundu guztiak oso ondo tratatu izan nau beti: medikuek, erizainek, garbitzaileek... Lehen familia handi bat bezala ginen.

Garbitzaileena beti izan da asko mobilizatu den sektorea. Gogoratzen al duzu mobilizazio garrantzitsuren bat?

Greba eta protesta guztietan hartzen genuen parte, beti eragiten zigun guri. Gogoan dut ospitaleko garbitegia ez kentzeko borrokatutako bat. Horri esker, lanpostu asko mantentzea lortu genuen. Azkenean, duela urte batzuk kendu egin zuten. Ni eta nire lankideak ospitalean egon ginen bitartean, asko borrokatu ginen.

Pentsatzen dut etxera leher eginda iritsiko zinela egunero.

08:00etatik 15:00etara egiten nuen lan, eta, 14:00etatik 22:00etara astean behin. Ez dut inoiz gauez lan egin behar izan, beste jende finko bat zegoen horretan. Azken urteetan leher eginda iristen nintzen, ez zen gauza bera 20 urterekin egitea edo nagusiagoa zarenean. Gainera, alargun geratu nintzen 38 urterekin. Hiru seme-alaba nituen, eta nekatuta iristen banintzen ere, umeak zaindu behar nituen.

Oso harreman estua izango zenuen ospitaleko langile askorekin, ez?

Batez ere nire lankideekin, baina baita mediku batzuekin ere.

Eta pazienteekin?

Jende asko ikusten duzu, eta haiekin enpatizatzen duzu. Ospitalean egon diren pazienteak ikusten ditut kalean, eta haiekin hitz egiten geratzen naiz askotan.

Ospitalean hainbeste paziente ikusi ondoren, zerk hunkitu zaitu gehien?

Denetarik ikusi dut. Badaukat inoiz ahaztuko ez dudan oroitzapen gogor bat. Gogoan dut biriketan arazo bat zuen gizon batek ahotik... Ez dakit hau elkarrizketan esan dezakedan.

Lasai.

Odolez bete zuen gela osoa, eta dena garbitu behar izan nuen. Baina inoiz ez dut nazka sentitutankera horretako gauzak garbitu ditudanetan. Pena sentitzen nuen sarritan, hori bai. Kaka, pixa... Askotan tokatu zait hori eta gauza gehiago garbitzea.

Eta zer da garbitzaile baten lanean zailena?

Kristalak eta hormak garbitzea da zailena. Oso gaizki garbitzen dira ospitaleetako kristalak. Gainera, bizkarrak asko sufritzen du horrelako lanak egiten direnean.

Milaka pertsonak protesta egin zuten iaz Gasteizen, Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzua ixtearen aurka. Azkenean, Txagorritxura eraman dituzte. Uste duzu eraginik izan duela garbitzaileengan?

Lanpostuak kenduko dira, garbigunea kendu zutenean gertatu zen bezala.

Uste duzu instituzioei axola zaiela garbitzaileen etorkizuna?

Gaur egun ez naiz ausartzen ezer garbi esatera. Hori bai, nik lan egiten nuenean, behintzat, ez zioten garrantzi handirik ematen. Dena zen alderdikeria, eta beren arteko gatazkak. Boterean zeudenek erabakitzen zuten ospitalearen funtzionamendua. Sarritan aldatzen ziren gauzak.

Zer etorkizun izango dute Gasteizko ospitaleetako garbitzaile berriek?

Txagorritxun badago lana, lanpostu berriak jarri baitituzte. Halere, izango dituzte arazoak. Ezberdina da Santiagoren kasua. Nire lankide izandakoak ez daude batere pozik. Pixkanaka geriatriko bat bihurtzen ari dela esaten didate.

Zu zoriontsu izan zinen zure lanarekin?

Ni oso gustura izan nintzen. Asko zaindari postuetan sartu ziren, baina nik ordutegi ona nuen, eta gustatzen zitzaidan. Lan gogorra zen, baina oso lankide onak izan ditut, eta oso ondo moldatu naiz guztiekin. Jende askorekin nuen harremana. Baina batez ere nire lankideei esker egon nintzen gustura Santiagon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.