Jordi Nomen. Filosofia irakaslea

«Filosofia pentsamendu kritikorako sarbidea da, ataria»

BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Bigarren Hezkuntzako filosofia irakaslea da Bartzelonako Sadako institutuan, eta Unibertsitate Autonomoan klaseak ematen ditu astean behin. El nen filosof (Haur filosofoa) liburua idatzi zuen 2017an Jordi Nomenek (Batzelona, 1965). 2019an, El niño filósofo y el arte kaleratu zuen, gaztelaniaz, eta azaroa amaitu aurretik aterako du hirugarren alekia, El niño filósofo y la ética izenburukoa.

Edozein haur izan liteke filosofo?

Filosofia ulertu eta definitzen badugu pentsamendu sakonaren ondorioz garatzen den jakintza akademiko modura, eta hura komunikatzeko lengoaia konplexu modura, filosofoak izan litezke soilik gutxi batzuk, historian ezagun egin direnak baino ez. Filosofia baldin bada galdera existentzialak egiteko gaitasuna, inguratzen gaituen errealitatea kuestionatzekoa, eta pentsamendu kritikoa garatzekoa, orduan edonor izan liteke filosofo, baita haurrak ere. Galdera existentziala berezkoa dugu, batez ere, zailtasun egoeretan.

Noiz hasten da garatzen haurraren pentsamendu filosofikoa?

Pentsamendu filosofikoa hartzen badugu, pentsamendu kritikorako prestakuntza modura, zurearengandik desberdin diren iritziak entzuteko gaitasuna baldin bada, haiek baloratu eta zure iritziekin izan ditzaketen elkarguneak bilatzeko gaitasuna, argumentu sendo eta ahulak daudela bereiztekoa... haurra has liteke pentsamendu filosofikoa lantzen ia-ia 3 urte dituenetik. Nola? Jolasekin, ipuinekin eta artearekin, batez ere. Filosofia pentsamendu kritikorako sarbidea litzateke, bezpera, ataria.

Zertarako zaie baliagarria haurrei filosofia?

Funtziorik garrrantzitsuenetakoa da pertsonala, norberaren pentsamendua ezagutzea eta ordenatzea, autonomia eta askatasuna lortu ahal izateko. Bestalde, funtzio sozial bat ere badu: entzuten jakitea, huts egitea ikasteko modua dela, besteek beti dutela zerbait interesgarria esan eta erakusteko, eta desberdintasuna onartzen ikasi behar dugula.

Eta nola egiten da hori?

Oso ariketa soilak izan daitezke: esaterako, nahikoa da besteak, bere lagun edo ikaskideak esan duena errepikaraztea. Horrek eskatzen die entzunaldi arretatsu bat. Edo ipuin bat irakurri ostean titular laburtzaile bat eskatzea. Eta, horretarako, denbora tarte bat eman behar zaie, denbora huts bat, isiltasunik gabe ez baitago pentsamendurako aukerarik. Eta, ondoren, gogoeta parte-hartzailea izan dadin, denei ematea hitz egiteko tartea.

Erreparo intelektualik jarri dizu mundu akademikoak?

Modu publikoan ez dira ausartu, baina pribatuan egin izan dizkidate kritikak eta gaitzespenak. Filosofia jakintza akademiko, abstraktu, konplexutzat duten horiexek, hain zuzen ere. Paternalismoz egindako kexak izaten dira, esanez bezala, «tira, horrela distraitzen bazara ...».

Filosofia prestigioa galtzen ari da etengabe irakaskuntzan.

Erakundeetan erabat ari da galtzen prestigioa. Aldiz, herritarren artean azaldu da filosofiara hurbiltzeko halako behar bat. Filosofia eite akademiko batetik herrirantz aldatzen ari da; ez dago gaizki hori. Erakundeek, gutxietsia dute erabat; badirudi produkziotik aldendutako jakintza ez dela jakintza edo ez duela hainbeste balio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.