Euskarabentura

Musikak eta euskarak, biek bat

Pausoz pauso, espedizioaren erdigunera iritsi da Euskarabentura. Indarrei eusteko, sorpresa bat izan dute gazteek:. Iñigo Etxezarreta musikariak bisita egin die

Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmiento taldeko abeslaria. EUSKARABENTURA.
Olatz Silva Rodrigo.
Argantzun
2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Mila izarreko hotelean lo eginda, euriak itzartu zituen Euskarabentura espedizioko kideak, herenegun. 05:45ean, lehenengo euri tantak hasi ziren erortzen. Zaparrada etorri zen ondoren. Dena batu eta Argantzunera abiatzeko prestatu ziren. Añana aldea zeharkatu zuten, herri txikiak lotzen dituen errepide estu eta garo soro artean igarotzen ziren landa-bideetatik. Trebiñun dagoen herri bat da Argantzun. Arabako Errioxan zegoela harritu zituen taldeko zenbait partaide, baita xerpa (hezitzaile) batzuk ere.

Argantzunen ikastola bat dago, eta hango irakasleek euren egoeraz hitz egin zieten gazteei. Zailtasunen aurre eginez lan eskergarekin aurrera eramandako hezkuntza egitasmoa da Argantzungo ikastola. Egoera politikoak nolako ondorioak dituen egunero azaldu zuten, bai hezkuntzan, bai osasunean, baita euskararen arloan ere.

Arratsaldean, sorpresa bat izan zuten gazteek. Denak frontoian eserita zeudela, espero ez zuten norbait etorri zitzaien bisitan: atetik sartu, eta Iñigo Etxezarreta zen, En Tol Sarmiento musika taldeko abeslaria. Txaloz, irribarrez eta oihuka agurtu zuten gazteek. Abeslariak bere bizitzan eta bere taldean euskarak duen indarrari buruz hitz egin zuen.

Etxezarretak B ereduan ikasi zuen euskaraz, eta gerora euskaldun aktibo bilakatu zen. Herriko beste batzuekin sortu zuentaldea, baina hura zen taldeko euskaldun bakarra. Besteak taldearen arrakastaren ondorioz bildu dira euskarara. Euskaltegian hasi ziren, baina ez dute jarraitu. Euskarazko abestiak buruz ikasten dituzte.

Hasieran, dena gaztelaniaz egiten zuten. Pixkanaka, euskara sartzen hasi ziren, baina taldekide erdaldunek ez zuten garbi ikusten. Arrakastarekin batera, herrietan izaten zuten harrerarekin aldatu zuten jarrera.

Euskarabenturan badaude En Tol Sarmientoren jarraitzaileak. Izan ere, bost gaztek, Auritzen, akordio bat egin zuten antolatzaileetako batekin, Iker Goñirekin: «Iñigo etortzen bada, komunak garbitu beharko dituzue». Hurrengo goizean garbitu zituzten, eta tratua bete.

Gazte askok galdera asko egin zizkioten Etxezarretari, musika ibilbiderako baliagarriak izan dakizkiekeenak. «Zergatik zaude hemen gurekin?», galdetu zioten, harrigarria iruditu baitzitzaien frontoi berean haiek eta abeslaria egotea. Etxezarretak gustura erantzun zituen galdera guztiak, baita abesti batzuk kantatu ere, Musikaren doinua eta euren azken kanta Zein erraza, beste batzuen artean.

Txalo zaparradarekin amaitu zuen Etxezarretak, eta gazteak poz-pozik geratu ziren. Gauerako soziolinguistika hitzaldia zuten prestatuta Ane Pedruzo eta Beñat Garaio antolatzaileek, baina igandera atzeratzea erabaki zuten, nahiko egun bizia izan zelako. Biek patxadaz eta indarrez egin nahi dute hitzaldia, Arabak bizi izan duen bilakaera soziolinguistikoak baduelako mamia, eta saioari ahalik eta zukurik gehienaatera nahi diotelako.

Harreman sakonagoak

Kilometroak aurrera doazen heinean, harremanek ere aurrera egin dute. Konfiantza gero eta handiagoa da, eta gazteen aurpegietan irribarreak dira nagusi.

Nora Garcia Zizurrekoa da, eta 17 urte ditu. Nahiz eta sanferminetan ez egoteak «pena» eman, oso pozik dago espedizioan. «110 gazte izanik, normala da guztiekin harremanik ez izatea. Baina,hala ere, giro ona ikusten dut», esan du. Espedizioa ez zaio oso gogorra iruditzen. Euskalki desberdinak ezagutzea izan da gehien gustatu zaion gauzetako bat.

Ibon Barrasak, berriz, azaldu du espero baino gogorragoa izaten ari dela. 17 urte ditu, eta Errioxan bizi da (Espainia), Haron, baina Lapuebla de Labarcako ikastolan ikasten du, euskaraz. Abenturara apuntatu zen euskara praktikatzeko: «Haron ezin da erabili euskara. Hemen, eguneroko bizimoduan erabil dezaket; hori probatu nahi nuen». Esperientzia izugarria izaten ari da harentzat, eta triste dago bi aste oso azkar pasatu direlako. «Familia giroa dagoela esan du, nahiz eta zaila izan guztiak ezagutzea.

Hurrengo egunetan, euskaraz gehiago egiteko eta toki berriak ezagutzeko aukera izango dute gazteek. Bi aste dituzte oraindik aurretik, eta hamaika ekintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.