Musika

Hitz eta doinu sinbiosia

Frederic Lo musikari eta ekoizle frantziarrak eta Pete Doherty abeslari ingelesak indarrak batu dituzte lau eskutara ondutako 'The Fantasy Life Of Poetry & Crime' diskoan.

Pete Doherty hitzez arduratu da, eta Lo, berriz, musikaz eta ekoizpenaz. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
The Libertines taldea 2000ko hamarkadaren hastapenetan Up The Bracket diskoarekin azaldu zenean, ez ziren gutxi izan Carl Baratek eta Pete Dohertyk gidatutako taldea Erresuma Batuko musika eszenak behar zuen pizgarria zela adierazi zutenak. Revival garaiak ziren, eta postpunkarekin eta mod mugimenduarekin lotu zuten taldea berehala, baina garai baikor horrek azkar batean izan zuen amaiera, taldeko bi kide nagusien arteko desadostasunak eta istiluak agerian gelditzen hastearekin batera. Bi disko eta kanta arrakastatsu mordoxka utzita, desegin egin zen The Libertines.

Ordudanik, Dohertyren bizitza eta musika ibilbidea errusiar mendi baten parekoak izan dira. Gora eta behera. Ziztu bizian betiere. Musikariak ez du inoiz ezkutatu drogekiko izan duen mendekotasuna, eta horrek berak baldintzatu du bere bidea. Nolanahi ere, The Libertines 2015ean itzuli zen. Dohertyk gainditu ditu bere arazoak, eta proiektu ezberdinak ateratzeko gogoz dagoela adierazi du behin baino gehiagotan.

Horietako bat da The Fantasy Life of Poetry & Crime, Frederic Lo musikari frantziarrarekin aurten argitaratu duen diskoa. Pandemia bete-betean eta ia kasualitatez garatu da lana. 2019an, eta istripu baten ondorioz gitarra jotzeko gaitasuna galduta, Doherty Frantziara lekualdatu zen, Normandiako kostaldera. Han zegoela jakinda, Lok proposamen bat egin zion: Daniel Darc zenaren omenezko disko batean parte hartzea. Musikari ingelesak aitortu du Loren gitarraren laguntzarekin lehenengo aldiz Inutil et hors d'usage abestu zuenean hunkitu egin zela : «Negarrez amaitu nuen; hain zen ederra!». Darcek grabatutako kantu ugarik bezala, Inutil et hors d'usage-k Loren musika zuen, eta, hori dela eta, Dohertyk bestelako kolaborazio posible baten hazia ikusi zuen hor. Lehendabizi, Loren melodia bat entzun zuenean: «Esan nion: 'Utzidazu kantu horrentzako letra bat idazten!'. Eta hortik sortu zen Yes I Wear a Mask. Hortik abiatuta, beste zenbait kantu idatzi genituen, ondoren beste batzuk, eta hamabi ziren azkenerako».

Lorentzat ere, Dohertyren lanaren jarraitzailea izanik, baztertu ezin zuen proposamena bihurtu zen: «Niretzat ere amets bat bezalakoa zen hura». Gainera, ez zen bakarrik batak bestearen lana miresten zuela; zaletasunak ere antzekoak dituztela aitortu dute biek: «Bioi gustatzen zaizkigu Nick Cave eta The Smiths, eta baita konpositore frantziar klasikoak ere: Ravel, Satie eta Debussy».

Eginbeharrak ondo banatuta egin dute lana Lok eta Dohertyk. Lehenengoak musikak sortu ditu, konponketak landu ditu eta ekoizpenaz arduratu da; eta bigarrenak, berriz, hitzak idatzi eta abestu egin ditu.

Damuaz eta itxaropenaz

Musikaren ikuspuntutik, The Fantasy Life of Poetry & Crime-ri edertasuna eta malenkonia darizkio. Folkean eta pop-rockean oinarri hartuta eta melodiei garrantzia emanda, musikari frantziarrak haientzako konponketa dotoreak egin ditu, baita batzuetan barrokoak ere, baina piezak gehiegi zamatu gabe betiere. Batzuetan 1960ko hamarkadako estilistak ekartzen ditu gogora, Burt Bacharach kasurako (Keeping Me On File); besteetan, Scott Walkerren dramatismoz janzten ditu abestiak (The Monster); pieza askoren konponketek The Divine Comedyren pop barrokoan dute oinarrietako bat (The Epidemiliogist singlea —hain zuzen ere, Darci erreferentzia egiten dio—, The Fantasy LIfe of Poetry & Crime), eta bada pop bizi eta bizigarriaren adibide bat ere (You Can't Keep It From Me Forever)

Dohertyren hitzek ez dituzte ezkutatzen azkeneko urteetan bizi izandakoak, eta badira drogen mendekotasunari buruzko erreferentziak, damu agerpenak ere bai, baina baita itxaropenerako printzak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.