Movistar Plusen 148 film azpidatzi zituzten euskaraz 2021. urtean

Iaz, 31 telesailetako 279 atalen euskarazko azpidatziak jarri zituen plataformak. Konpainiak 2014an hasi zuen akordioa Jaurlaritzarekin

Paul Verhoeven zinemagilearen Benedetta filma (2021) euskarazko azpidatziekin ikus daiteke Movistar Plusen. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Netflix duela egun gutxi hasi da zenbait filmetan euskarazko azpidatziak jartzen —orain arte, hirutan baino ez—. Bada, ordea, beste ordainpeko plataforma bat ehunka edukitan euskarazko azpidatziak eskaintzen dituena: Movistar Plus. Konpainiaren datuen arabera, azkeneko zazpi urteetan 3.803 film, dokumental, film labur eta telesailetako atalen euskarazko azpidatziak jarri dituzte.

Horren abiapuntua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak —Patxi Baztarrika zen sailburuorde— eta Canal Plus telebistak sinatutako ituna izan zen. 2014ko azaroan sinatu zuten akordio hura, eta urte hartako abendutik aurrera Canal Plus makina bat filmen eta telesailen euskarazko azpidatziak eskaintzen hasi zen.

Horren ondotik, Telefonicak Canal Plus erosi zuen, 2015ean, eta urte berean jarri zuten martxan Movistar Plus. Iazko udazkeneko datuen arabera, lau milioi harpidedun inguru zituen Hego Euskal Herriaren, Herrialde Katalanen, Galiziaren eta Espainiaren artean. AEBetako zenbait streaming plataformek akordioak egin dituzte konpainiarekin, eta Movistar Pluseko harpidedunek ikus ditzakete zerbitzu horiek —bezeroen tarifen arabera—.

Azkeneko hiru urteetan Movistar Plusen euskarara azpidatzi dituzten edukien artean askotariko lanak daude. Iaz, adibidez, honako filmen euskarazko azpidatziak jarri zituzten: Rifkin's Festival—Donostian girotua; baina ez dago bikoiztuta—, Personal Assistant, The Mauritanian, Wonder Woman 1984, Relic, Shadow in the cloud, Emma, Druk —Donostiako Zinemaldian lehiatu zen eta Oscar sari bat jaso zuen—, The Father, Wild Mountain Thyme eta abar. 148 filmen euskarazko azpidatziak jarri zituzten iaz. Aurreko urtean, 2020an, ordea, gehiago izan ziren: 202.

Telesailen atalen kopuruan, berriz, antzeko kopurua izan da urte batetik bestera: 288 atal, 2020an; eta 279, 2021ean. Iaz azpidatzitako telesailen artean daude Devils, Dexter: new blood, Atlantic Crossing, Yellowjackets eta American Rust. Baita City on a hill-en bigarren denboraldiko atalak, Black Monday-ren hirugarrenekoak, The Good Fight-en bosgarrenekoak, Alex Rider-en bigarrenekoak eta The Blacklist-en bederatzigarrenekoak ere.

Aurten zenbat film eta telesail azpidatziko dituzten jakiteko goiz da oraindik, baina okerrik ezean, aurreko urteen antzeko kopuruetan ibiliko dira. This is going to hurt telesail berria dago horien artean, baita Billions eta Outlander telesailen seigarren denboraldietako atal batzuk ere. Aurten azpidatzitako pelikulen artean, berriz, Fast & Furious 9, Peter Rabbit 2: The Runaway, Benedetta, Il materiale emotivo, Le bonheur des uns..., Spirit Untamed, Trigger Point eta The Boss Baby: Family Business daude.

Datozen hilabeteetan lan berriak iritsiko dira. Arazoetako bat da, ordea, plataformako erabiltzaile ugarik ez dakitela euskarazko azpidatzi horiek erabilgarri daudenik.

Beste plataformetan, gutxi

Movistar Plus da oraintxe bertan euskarazko azpidatzietan edukiak ikusteko eskaintzarik zabalena egiten duena. Kasu bakanak dira beste plataformetakoak, nahiz eta batzuk hasi diren iragartzen horri ekingo diotela.

Netflixek martxoan esan zuen urtean 200 ordu azpidatziko dituela euskaraz. Oraingoz, Choose or die, 365 dni eta Senior year filmetan baino ez dituzte jarri euskarazko azpidatziak.

Amazon Prime Videon, berriz, euskarazko azpidatziak dituzteSpencer, Fatima, La abuela, After We Fell, The Courier, Envole-moi eta Queenpins filmek, En la corte del principito telesailak, eta Lola Indigo. La niña eta El Desafío: 11 M dokumentalek.

Beste plataforma batzuetan ez dago euskarazko azpidatzirik eduki bakar batean ere. Disney Plusen, HBO Maxen eta Apple TV Plusen, kasurako.

Euskarara bikoiztutako edukiak ere bakanak dira plataformetan. Netflixek asmoa du urtean hogei ordu euskarara bikoizteko. Amazon Prime Videoren telesail bat euskarara bikoizten ari dira: Un asunto privado. Gaztelaniazko fikzio bat da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.