Jean-Jacques Etxeberri, 'Llargo'. Hargina

«Jendetasunari lotua izan naiz beti, harriari bezainbeste»

Hargintzat dauka bere burua lehenik Etxeberrik. Euskarri gotor horrek adar asko ditu, alta: hautetsia, kulturaren eta tokiko ekonomiaren bultzatzailea, militantea, eta sustut, jendetasunez emokatua.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
Urdiñarbe
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Jean-Jacques Etxeberri Llargo-k (Urdiñarbe, Zuberoa, 1958) balituzke urtebetetze franko ospatzeko: kasik 50 urte egin dituela hargin, Xiberoko Botzak 40 urte bete dituela, Odace elkartea ez dela urrun 30. urtemugatik, Musikaren Egunak 30 urtez antolatu zituztela... Eta, 30 urteko enpresa utziko duela erretreta hartzeko. Diddue semeak lauzpabortz besodun jainko indiar bat bezala irudikatu zuen aita; hautatzekotan, mila esku eta begiko Guanyin izan zitekeen. Beharko, hainbertze ardura besarkatzeko ez baitzukeen ukanen eskurik sobran. Batean, segur da, palotea izanen zukeen; bertze batean, euskara.

Hargin eta argi egile baten semea zara.

Aita Bunuzeko [Nafarroa Beherea] Llargotegitik heldu zen, eta hortik, beraz, Llargo. Hargin plantatu zen. Ama hemen [Urdiñarben] ezagutu zuen. Amaren gurasoak eiherazainak ziren, 36 etxerendako argindarra sortzen zuten. Espezimen bat eta bakarra egin zuten: iduriz zaila nintzela, eta haurtzaro zaila ukan dut. 11 urtetan Mauleko apezen etxean sartu ninduten, igandetik ebiakoitz arratsaldera arte. Denetan gogor zen: etxean eta eskolan.

Nola lortu duzu azkartzea?

Barnetegian, 120 bat kasu ginen bertan. Bost urte pasatu nituen hor, eta anitz ikasi nuen nihauren buruaz. Filmetan, batzuetan bada hamar lekuko mahai bat, eta azkena jatekorik gabe gelditzen da; hori ezagutu dut. Gero, aitarekin aprendizgoan hasi nintzen, 1973an: berehala 50 urte! Atzo berean [asteartean] ESTIA ingeniaritza eskolan nintzen, ene esperientziaren kontatzeko. Ukan dudan xantzarik handiena da maite ukan dudala betidanik ene ofizioa, beti ber pasioa baitut! Urdiñarbe eta Muskildi artean ibiltzen ginen; opeak egiten zituzten, auzolanak. Paueko eskola batean atera nuen hargin titulua.

Zer eboluzio izan du hargintzak 50 urte hauetan?

Bordak muntatzen genituen, baina denak parpinez; harriz, guti. Izugarritan maite nuen. Emeki-emeki entseatu nintzen barnatzen. 1982an, segida hartu nuen. Bixintxo [Etxegoinberri] sartu zen orduan, aprendizgoan, duela 40 urte! Armadarat joan zelarik, bi langile hartu nituen Muskildiko bestetan; orain, 32 gara.

Enpresa zure gain hartu duzunez geroztik, zein izan da haren ildoa?

Hargin baten ibilbidea da enea. Jendetasunari lotua izan naiz beti, harriari bezainbeste. Lehenik, jende istorio bat da.

Nola egin duzu bloketik harrira pasatzeko?

Enetako, dena lotua zen. Gaztedanik, ene lurraldeari eta hizkuntzari lotu naiz, militantzia batean sartu. Ofizioa maite ukaitez holako lurralde batean, behar duzu lehenekoek egin duten arkitektura errespetatu, so eginez nola egin duten, eta, haiei moldaketak ekartzez, etxearen izateari kasu eginez. Batzuek bulldozer bat pasatuko zuten, arrasatuz: ez, hori ez dut konprenitzen. 150 urtez egon bada etxe hori, ezin dut nik barreiatu. Izan da garai batez betoiaren moda, baina nik nahiago dut etxe zahar horien historian barnatu, eta ikusi nola molda daitekeen egungo beharrei egokituta, betiere etxearen itxura eta arima errespetatuz. Etxe sartzeak sekulako inportantzia du etxe batean: kanpotik so egiten delarik itxura bat badu, baina, sartzen garelarik, arrunt beste bat ukaiten ahal du.

Kanpoa auzoarena da...

Eta barneak norberarenak. Kanpotik so egitez, edozein lagunek badu itxura bat, eta horrekin uste dugu barnekoak halako itxura duela, baina borta ireki arte ez dakigu. Dena lotua da. Etxe bat arra-moldatzen duzularik izugarri inportantea da jendearen intimitatean sartzea. Norberak du bere etxe barnea bere arabera pentsatu behar, nik ez dut laguntza bat baizik ekarriko. Erraten didate: «Hik, Llargo, badakik orain zein den etxerik egokiena». Erantzuten diet: «Berantegi heldu zarete, zeren eta 20 urtetan banekien, 30 urtetan dudak banituen, eta orain, 65 urtetan, ez dakit deus!». Jendea ontsa delarik bere etxean, hori da lorpena. Auzolanetan aholkuak ematen ditut, baina jabetzen utziz. Kontsumitzaile izan gabe, kontsumaktore izatea garrantzitsua zait, jendea jabetu dadin bere egoitzaz.

Ikasitakoaren kopia hutsa ez, bertzerik da zurea...

Ez dea beste manera batez egiten ahal? Zimenduaren partez gisua? Kalamua egun denetan ezartzen bada, gu bagabiltza duela hamar urtetik. Bretainian eta Normandian izan nintzen ikusteko nola egiten zen... Egun, lurrarekin egiten ditugu zartadurak... Beste teknika eli batzuk ezarri ditugu hondarkinen baliatzeko... Entseatzen gara baliatzen egin dena egungo nahiei buruz hobekuntzak ekartzeko, tokiko hurbiltasuna atxikiz. Betidanik atxiki izan ditugu petral, ate eta leiho zaharrak berrerabiltzeko. Elkarren konexioa ere garrantzitsua zait: Bordeleko edo urrunagoko enpresen bila goaz zenbaitetan, jakinez lau kilometroan denak egiten duela... Elkarlanak beti hazi nau.

Ibilbide guzian obra bat hautatzekotan, zein?

Garaibin [Urdiñarbeko auzo bat] egin genuen zubi bat, 1985ean. Aitari erran nion: «Orain, badakigu egiten lan hori»; alta, egitean, erori zitzaigun! Gainera, garai beroak ziren. 1983an, bi zerrenda izan ziren herriko hauteskundeetan, eta guk hirugarrena aurkeztu genuen: Guk ziekin. Bi hizkuntzetan ezarri genuen egitaraua. Ikastola eta gure hizkuntza defendatzen genituen. Gure ogenez ez zen pasatu eskuin frantseseko zerrenda. Bero zen! Hiru familia gotorrek erran zuten: «Llargo gure kontra presentatzen da? Fini gure etxean!». Hola galdu genituen bezero horiek. Aitzin, gazte komiteko lehendakari egon nintzen lau urtez. Eta 1979an, maskarada egin genuen: 30 urtez ez zen izan. Hor erran zidaten kauter gehien eginen nuela, bixi-bixia beti! Gibelapen pixka bat egiteko: kolegiotik ateratzean, ez nekien gehiago euskararik.

Justuki, zein izan da zure hizkuntza ibilbidea?

Etxeko hizkuntza euskara genuen, baina eskolan hein bat gogor erraten ziguten horko hizkuntza frantsesa zela.

Antia ezagutu duzua?

Ez, baina muga-mugan. Hor, beraz, frantsesa hartu nuen, eta kolegioan areago, nahiz apezen bat sentitzen nuen euskararen aldekoa edo, Fabien Bereterbide. Geroago, aprendizgoan hasi nintzelarik aitarekin, laborari etxeetan ibiltzen ginen, eta hor jendeak euskaraz ari ziren, eta nik arrapostuak frantsesez ematen. Uda batez, aitañi batek erraten zidan: «Jean Jacques, haugi enekin bi sagarren pelatzerat, hor epantxuan haiz». Eta hor pentsatu nuen: «Hor baduk jakitate bat; nortasun bat, nik galdua diat, hizkuntza galdu badut». Hola arra-hartu nuen euskara. Jendeak ez zuen hori soportatzen, euskararekin ez bainuen Bildozeko [Zuberoa] zubia pasatuko.

Frantses blokea, euskal harria?

Kur-kur-kur. Garai batez, hemen errugbiari lotu zitzaien, eta erraten zidaten ni ere hasteko, nuen altueragatik, baina giroa anti-basque zen arrunt, eta ez nuen soportatzen ahal euskarari buruzko ikusmolde txar hori, ez nekien zergatik. Baziren Beñat Sarasola eta abar abiatuak, beharrik. Emeki, konprenitu nuen borroka eta lurralde bat bazela... Eta Sohütan hasi nintzen saskibaloian.

Bil Xokoa elkartea sortu zenuten.

Herriko bestetako afariak oso berantiarrak zirenez, hasi ginen jatekoa-eta goizago eskaintzen. Afera da kantatzen hasi eta sekulako giro beroa zegoela, inguruko herrietako bestei konkurrentzia eginez. Jean Mixel Arraietek, orduan besta batzordeko lehendakaria zenez, kanpo ezarri gintuen. Zinez gogor izan zen. Hegoaldetik ekarrarazten genituen musikariak, harri altxatzaileak... Iparragirre pastorala egin genuelarik, oroit naiz, jendea xixtuka ari zela kartzelara sartu zutelarik, ni eta Arraiet ginen guardia zibilen rolean. Ez zuen entelegatu zerendako xixtuka ari zen jendea.

Beti hautetsi zara.

Arño Berrogain jin zitzaidan bere zerrendan sartzeko, eta orduko Xiberoko Herri Elkargoaren herriko ordezkaritza hartzeko. Iragan nintzen, eta, beraz, ordezkari lanetan hasi nintzen. Artean, Jean Mixel Arraiet sartu zen auzapez, Berrogain herbaldu baitzen. Hondarreko mandatu honetan adostu ginen, jendeak jada ikusten baitzuen ene zerrenda berearen kontra aurkeztuko zela. Baina ez nuen gogorik 1983ko giro hori errepikatzeko. Etxeko biak euskaldunak zituen Arraietek, baina berak ez zuen ikasi, eta, barneko min baten ondorioz, ez zuen soportatzen gu euskaraz entzutea.

Zerk eragin zizun aldaketa?

Ene lurraldeak, loturak, etxeak, lurrak, badute historia, eta haiek ematen dute alpoa. Ez dut dudarik ukan sekula.

Hiri Elkargoaz zer balorazio egiten duzu?

Orain, bitxi da. EH Baiko partaide naiz betidanik. Peio Etxelekuk egiten duenaren helburua ez dut ikusten. Bestalde, hor da Jean Mixel Etxegarairena; beraz, EH Bai non da hor? Nik maite dut hein bat argi delarik. Nik ezagutu ditut iheslariak, Antton Lopez Ruiz Kubati Euskadiko geopolitikaz mintzo, hilabete batzuk geroago Filipe Bidart ere entzun nuen... Nik ez dut horretaz deus entelegatzen, badakit euskaldun direla eta militante hutsak, hori bai.

Uhaitza elkartearen sortzean parte hartu zenuen, eta Xiberoko Botzaren hasmentan, duela 40 urte.

Bai, lehen emankizunean parte hartu nuen Allande Sokarrosekin. Ikastolan ere han ginen, palotea eskuan, beti zerbait egiten.

Herri Urratsen ere beti ageri zara hesien ezartzen...

Bai, duela hogei urte!

Odace elkarteak ere kasik 30 urte ditu, Zuberoan enplegua eta ekonomia sustatzen. Asko aldatu dea ekonomia?

Pretentsiorik ukaiten ahal badut mintzatzeko, elkarretaratu ditugu enpresa mundua, irakasleena, animazioena eta hautetsiena. Garai batez, sinesgarritasuna galdu genuen, Mixel Etxebest eta Beñat Elkegarai enpresaburuen arteko gudukengatik: biziki konplikatua izan zen. Erran nuen orduan gauzak argitu behar zirela, eta haiek baztertu. Uste dut egiazki aitzinarazi genuela, eta plazer bat da oraingo egunean, elkartu baititugu berriz bloke horiek. Gune tekniko bat muntatuko dugu Sohütako [Zuberoa] lizeo ondoan, erdi fab-lab, coworking, enpresa hotela, espazio esperimental gisako bat, ikasketei ere lotua... Oro kostan ez izateko.

Zuberoa bukolikoa, poesiarako ona.

1983an defendatu genuen herrian bizi eta lan egitea. Filosofia bera dut, salbu ez dela gehiago herritarrik gure enpresetan sartzeko! Denak kanpotarrak dira: Frantziatik, Portugaldik... etorriak.

Ofizialeen ganbara sortu zenuten.

ELBren ber denboran muntatu genuen ofizialeen ganbera; baginen talde gotor bat. Hamar bat urtez ibili gara, baina ez gara heldu ELBren heinera.

Musikaren Eguna aipatu gabe ezin utz: 30 urteko musikaldia.

Bil Xokoa elkartetik abiatu zen, 1983an, Urdiñarben. Tokirik ez genuen, herriko etxeak ez zigun deus baimentzen... Debekatu ziguten karpa muntatzea. Guk ekarrarazi genuen, jendez mukuru betea... Andde Duhalde... Gu bai, baina besteekin: horregatik ekarrarazi dugu mundu zabaleko jendea. Ongi jin gure etxerat, baina gure kodeen arabera, gure hizkuntza baitugu...

Ekialdetik mendebaldera Zuberoaren hedadura... Usurbil [Gipuzkoa] oso hurbiletik ezagutzen duzue.

Ahal balira haboro ukan harremanak hegoaldearekin, hobe. Normalizatu beharko lirateke. Alta, iruditzen zait gazteetan badela haustura. Usurbilekoekin aspaldikoa da gure harremana, pastoral eta maskaradetara heldu ziren frankotan, eta, Dominika Agergarai zenaren bidez, finkatu genuen urteroko sagarno apairua. Preseski, aste honetan dugu. Integrazio Batzordearen alde emanen ditugu irabaziak. Beti partekatzea izan da nire xedea, ez guretzat edo nihaurentzat. Besteei irekitzea, elkarlana, talde lana: horretan pasatu dut denbora.

Zure leloa dea: hobeki, kalte?

Hobeki bai, baina zer da hobeki? Talisman bat banu egiteko, iceberg bat litzateke. Zuhaitzarengisa, lurpekoa gabe ezin baita kanpoan bizi, ageri ez denak du hazten. Nehor edo lurralde bat ezagutu behar bada, barnetik egin behar da. Ez da aski ikurrina bat astintzea; Euskal Herria ez da salgai. Erroak barna, enborra sendo, eta adarrak irekiak kanpoari, hori da itxura ederrena. Mezu bat banu helarazteko, hauxe: hizkuntza gabeko lurralde bat ez dela gehiago lurralde bat. Espekulazioa hurbiletik ikusten dugu hemen: kontra joatea ontsa da, baina proposamen bat behar da. Kasu, eztabaidatzea ontsa da, baina ez luzeegi, egin egin behar baita. Enpresan, transbertsaltasunari eman diot garrantzia beti. Kristina [bikotekidea zena] eritzean, beharrik lankideek bazekitela; oro ene gain balitz, enpresa eroria bailitzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.