Kazetarien aurkako erasoak %40 ugaritu dira Europan

Europako Kontseiluaren Plataformaren arabera, kazetarien kontrako inoiz baino indarkeria kasu gehiago gertatu ziren 2020an

Pikara Magazine aldizkariaren egoitzaren erakusleihoan pintaketak egin dituzte azken bi urteetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Kazetaritza babestu eta kazetarien segurtasuna bermatzeko ahalegina egiten du Europako Kontseiluaren Plataformak —kazetarien hamalau elkartek osatzen dute—, eta kontinentean prentsa askatasunak garai zailak bizi dituela ohartarazi du asteon. Argitara eman duen txosten baten arabera, iaz 201 alerta zenbatu zituzten, aurreko urtean baino %40 gehiago; horietatik 52 eraso fisikoak izan ziren, eta beste 70 kasutan jazarpena pairatu zuten kazetariek. Erregistratu dituzten kasuak dira, baina askoz gehiago ere gertatu ziren iaz.

Europako Kontseiluaren Plataformak ohartarazi du «inpunitatearen kultura» areagotu eta finkatu egin dela zenbait herrialdetan. Ugariak izan dira kasuak non Poliziak kazetariei galarazi egin dien haien lana egitea. Halaber, pandemia garaian osasun publikoaren inguruan informatzeko zailtasunak izan dituzte sarri kazetariek. Txostenak jasotzen duenez, politikari ugarik eraso egin diete kazetariei, eta haiek difamatu. «Kazetari independenteen kontrako difamazio kanpainak ere aurrera eraman dituzte politikari zenbaitek, haien izen onaren aurka egiteko xedez».

Hamalau kazetari elkarte biltzen dituen plataformak deitoratu du gobernu askok konpromiso falta erakutsi dutela prentsa askatasunaren aurkako erasoak geldiarazteko, eta salaketa zenbaiti ez dietela erantzun. Espainiako Gobernuak, adibidez, ez du bere bertsiorik ez informaziorik eskaini Pikara Magazine aldizkariaren Bilboko egoitzak jasan dituen erasoen inguruan; urtebetean lau alditan egin dituzte pintaketa matxistak aldizkariaren egoitzaren sarreran. Pikara Magazine-k salatu izan du erasoak mugimendu feministaren aurkakoak eta prentsa askatasunaren kontrakoak direla.

Zenbait gomendio

Europako zenbait kazetariren aurkako krimenak ikertzeko orduan herrialde batzuek «historia tamalgarria» dutela nabarmendu du plataformak. Testuinguru horretan, zenbait gomendio plazaratu ditu txostenean: inpunitatearen kontrako kontrolak «lehentasunez» aplikatu beharko lirateke; kazetarien aurkako delituek ikerketa eta epaiketa «inpartzialak» behar dituzte; etajustiziaren prozesuak bizkortu behar dira hedabideetako langileen aurkako abusu larrien auzietan zein haien hilketen auzietan.

Plataformari iruditzen zaio Europako herrialdeen konfiantza publikoari begira funtsezkoa dela ikerketa eta epaiketa garden eta sinesgarriak egitea kazetariei erasotzen dietenen kontra.

Europako Kontseiluko idazkari nagusi Marija Pejcinovicek, bestetik, borondate politiko handiagoa eskatu du kazetariak eta kazetaritza independentea babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.