Maria Jesus Arriola. Irakasle ohia

«Umeei esker lortu nuen eskoletan lotsa kentzea eta euskaraz egitea»

Ikasketak amaitu bezain laster eman zituen lehen pausoak irakaskuntzan Arriolak. Irakaslea ez ezik, ikasketa burua ere izan da, baina aitortu du nahiago duela eskolak eman.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Txikia zenean galdu zuen euskara Maria Jesus Arriola (Gasteiz, 1952) irakasle ohiak, eskolan hastearekin batera. Hala ere, emakume euskaltzale batek bultzatuta, irakasle ikasketak egitea eta euskara berreskuratzen hastea erabaki zuen. Pixkanaka, irakaskuntzan lanean hasi zen ikastoletan, eta ondo gogoan ditu ordu hartako oroitzapenak. Erretiratu aurreko azken urteak ikastetxe publiko batean egin ditu. Adierazi du irakasleak batetik bestera ibiltzen direla etengabe, eta horrek eragozten duela ikastetxe bakoitzak lerro jakin bat zehaztu ahal izatea.

Gasteiz, 1952. Jaiotza lekua eta eguna. Zer oroitzapen dituzu?

Gasteiz guztia erdalduna zen. Hemen jaio nintzen, baina nire aita Elgoibarkoa [Gipuzkoa] zen, eta ama, Berrizkoa [Bizkaia]. Eibarko lantegi batean egiten zuen lan aitak, eta lekualdatu egin zuten; horregatik, ezkondu eta Gasteizera etortzea erabaki zuten. Ingurua guztiz erdalduna zen.

Euskaraz hitz egiten al zenuen etxean?

Gurasoekin euskaraz hitz egiten nuen, baina 5 urterekin mojen eskola batean hasi nintzen ikasten, eta konturatu nintzen han soilik gazteleraz hitz egiten zela. Hizkuntza horretan hitz egiten hasi nintzen ni ere, jo eta ke. Etxean ere geroz eta gutxiago egiten nuen euskaraz, eta erdaldun bilakatu nintzen. Gurasoek euskaraz egin arren, nik gazteleraz erantzuten nien.

Nolakoa zen orduan eskola?

Ni erraz moldatu nintzen ikastetxearen errealitatera. Gaztelera zen hizkuntza nagusia; gainera, obedientea nintzen, eta mojek agintzen zutena egiten nuen. Garai hartako institutura pasatu nintzen 10 urte nituela, eta gerora irakasle ikasketak egiten hasi nintzen.

Halere, ez zenuen irakasle izateko asmorik.

Nire asmoa orduko komertzio ikasketak egitea zen, egun administrazioa litzatekeena.

Zergatik aldatu zenuen iritzia?

Emakume bat egon zen tarteko, gernikarra eta oso euskalduna zena. Haren aita 1936ko gerraren garaian Gernikako [Bizkaia] alkatea izan zen. Nire osabak emakume horren enpresan egiten zuen lan, eta hark animatu ninduen euskara berreskuratzera eta irakasle ikasketak egitera. Hasieran ezetz esaten nuen, beldurra ematen baitzidan. Hala ere, errepikatzen zidan Euskal Herria euskalduntzeko beharra zegoela, baina uste nuen ez nintzela gai izango; esaten nion ea nola euskaldunduko nuen jendea jada euskara erdi galdua banuen. Halere, azkenean irakasle izateko ikasketak egiten hasi nintzen, eta, aldi berean, euskara ikasten nuen iluntzean.

Nolakoa izan zen euskara berreskuratzea?

Erraza egin zitzaidan. Gainera, udaran Mungiara [Bizkaia] eta Elgoibarrera joaten nintzen familiarengana, eta, nahiz eta nik garai horietan euskaraz ez hitz egin, inguru guztia nuen euskalduna. Gurasoek ere oraindik euskaraz egiten zidaten. Pilak jarri nituen ikasketetan, eta erdibideko euskara maila bat ere lortu nuen, hitz egiteko maila, bederen.

Eta horrela hasi zinen Olabide ikastolan lanean.

Hala da. Irakasle ikasketak amaitu gabe nengoela, Olabide ikastolako guraso taldeko aita batek deitu zidan berarekin hitz egiteko. Esan zidan irailerako irakasle tituludun bat behar zutela, euskaraz zekiena. Proiektu hartan murgiltzeko hautua egin nuen azkenean, eta, egia esan, han ikasi nuen benetan euskaraz hitz egiten, umeekin eta inguruko andereñoekin praktikatzen. Hor euskaldundu nintzen.

Izaskun Arruerekin ere aritu zinen. Askorentzat, Arabako lehen andereñoa izan zen, eskolak euskaraz ematen hasi zena. Nolakoa zen harremana?

Harreman oso ona genuen, eta uste dut asko lagundu zidala nire autoestimua goratzen. Langilea eta zintzoa nintzela uste zuen, eta hori transmititu zidan. Olabiden sartu nintzenean, gela oso bat nire kargu hartu beharrean, Izaskunen laguntzailea izan nintzen. Garai hartan, mutilak eta neskak gela banatan zeuden, eta maila desberdinetako haurrak zeuden haietako bakoitzean. Halere, handik hilabete batzuetara andereño bat atxilotu zuten, eta hark zuen taldearen kargua hartu nuen, 4 urteko haurrekin. Ume horiei ipuinak kontatzen eta beste gauza batzuk egiten askatu nintzen irakasle gisa, eta lagundu zidan hizkuntza garatzen.

Beraz, haurrekin izandako hartu-emanak lagundu zizun euskarara gehiago gerturatzen?

Lotsa kendu nuen umeen aurrean. Ikastolan hasi nintzenean, irakasleekin harrituta gelditzen nintzen, euskaraz hitz jario handia zuten irakasleak bainituen alboan, eta hasieran ez nien ulertu ere egiten. Urduri jartzen nintzen, eta ez zitzaizkidan hitzak ateratzen. Beraz, umeei esker lortu nuen eskoletan lotsa kentzea eta euskaraz hitz egitea. Gainera, formakuntza klaseak ere jasotzen genituen eta jarraitu nuen hizkuntza lantzen.

Zer zen ordu hartan ikastola batean lanean aritzea?

Niretzat izan zen ezagutzen ez nuen mundu batekin topo egitea; hurbilekoa senti nezakeen mundu berri batekin. Ordu hartan, ikastola txikia zen, eta gurasoekin harreman oso estua genuen; asko mimatzen gintuzten, eta gustura sentitzen nintzen. Han lanean hasi nintzenean, hasiera-hasieratik pentsatu nuen ezin nintzela erdal ikastetxe batera joan lan egitera. Olabiden zazpi urte igaro nituen, baina lehen lau urteak oso baketsuak izan ziren.

Ordu hartako eta egungo ikastolen ereduan aldaketak egon al dira?

Bizitzan bezala, egon dira aldaketak. Nire ustez ez dute zerikusirik orduko giroak eta egungoak. Lehen familiek haurrak ikastolara eramaten zituzten seme-alabek euskaraz ikas zezaten, eta etxean hizkuntza berreskuratzeko nahia ere bazegoelako. Hau da, irakaskuntzari ez ezik, garrantzia ematen zioten euskaraz ikasteko lekuari. Egun, edozein eskolatan ez dakit hori den helburua. Irakaskuntza euskaraz garatzen da, baina gurasoen helburua ez dakit hizkuntza bera den.

Ba al daukazu ordu hartako anekdotarik?

Ikuskaria ikastolara etortzea beldurgarria izaten zen. Bazeuden titulurik ez zeukaten bi irakasle, eta gurasoren batek utzitako tituluarekin edo beste nonbaitetik ateratako batekin aritzen ziren lanean. Beraz, inspektorea baldin bazetorren, lehenbizi bi irakasle horiek eskolatik alde egin behar izaten zuten, eta abisua umeen bidez pasatzen zen. Gainera, hura zetorrenean gazteleraz hitz egin behar genuen, eta umeei ere esaten genien hala egiteko, euskaraz ezin baitzitekeen irakatsi. Bada, ikuskaria etortzen zen egunetan umeek inoiz baino euskara gehiago egiten zuten.

Duranako Ikasbide ikastolan ere aritu zinen 31 urtez.

Nire lan bizitzaren gehiengoa han garatu da. Laugarren mailan eskolak ematen hasi nintzen, eta horretan aritu naiz ia beti, maila zaharrenetan. Zuzendari ere izan nintzen urte gutxi batzuk, eta baita ikasketa buru ere, baina nahiago nuen eskolak ematen egon.

Nola aldatu da irakaskuntza urte horietan guztietan?

Irakaskuntzan hasi nintzenean ez geneukan ia materialik; gu ginen ipuin kontalariak, abeslariak eta marrazkilariak, eta guztia eskuz egiten genuen. Gerora material batzuk iristen hasi ziren, eta argitaletxeek ateratako testuliburuak ere erabiltzen hasi ziren. Berdin jokoekin. Esango nuke bat-batean hasi zirela materiala sortzen erritmo azkarrean.

Azken urteetan Gasteizko Salburua ikastetxean aritu zara, eta baita sorreran ere. Zer moduzko urteak izan dira?

Gogorrak, eta hainbeste urteren ostean banuen irakaskuntza uzteko gogoa ere. Ikasle gutxirekin hasi ginen, baina nik alde egin orduko jada bostehun inguru genituen. Erabatekoa izan zen garapena; ikasleen kopurua gehiegi ugaritu zen, eta horrek arazoak sortu zituen. Irakasleak ere ez ziren finkoak, eta urtero aldatzen ziren. Egun, asko mugitzen dira batetik bestera; ondorioz, ikastetxeetan hezkuntza lerro finko bat ezartzea ere zaila da.

Irakasleak batetik bestera ibiltzeak eragina izango du ikasleen hezkuntza prozesuan, ezta?

Bai. Eskolan metodologia finkatzeko nahia bazegoen, baina zaila izaten zen; izan ere, urtero irakasle desberdinak izaten genituen eta talde berria izatearekin batera desadostasunak iristen ziren.

Zer eskaini dizu irakaskuntzak urteotan?

Jendearekin izan ditudan harremanak aipatuko nituzke. Olabide eta Ikasbide ikastoletan urte asko igaro ditut, eta familia asko gertukoak nituen. Umeekin nahiko zorrotza izan naizela uste dut, baina badut sentsazioa ikasleak oso gustura egon direla. Esate baterako, maila batean nirekin eskolak bukatu eta datorren urtean bisita egitera etortzen zitzaizkidan. Hurbiltasun sentsazio hori asko eskertzen dut. Gainera, poztekoa da ikasleek aurrera nola egiten duten ikustea ere, norbere mailan, noski.

Azkenean, 45 urte eta bederatzi hilabeteren ostean erretiratu zinen.

Orain dela bost urte erretiratu nintzen, legeak utzi bezain pronto. Batzuek esaten zidaten irakaskuntzaren falta sumatuko nuela, baina batere ez; agian, adin kontua izango da, baina beti izango ditut gogoan igaro ditudan garaiak. Olabideko lehen lau urteak dira gogokoenak, oroimenean ondo gordeak ditudanak; pentsa, uda iristen zenean, pena ematen zidan umeak uzteak, eta irailean pozik joaten nintzen lanera. Jendeak esaten zidan depresioa izaten zutela, baina nik ez nuen horrelakorik sentitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.