Egun argia noiz ikusiko zain

Albaola Itsas Kultur Faktoriak ekainean ireki zituen berriro ateak bisitarientzat. 'San Juan' baleontziaren eraikitzeko lanak aurrera doaz, eta kanpoko estaldurarekin ari dira lanean. Hezurdura amaituta, goialdeko azken zatia falta du estruktura osatzeko: kanpora irtengo da horretarako.

Lantegia. Arotzek eta eskolako ikasleek egiten dituzte egurrezko piezak han. GORKA RUBIO / @FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Pasaia
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Itsasoa laino dago, kantatu zuen Oskorrik halako egun batez. Goibel esnatu da eguna, astun dago uztaileko goiz bateko zerua. Behe lanbroak irentsi du Pasaiako badia (Gipuzkoa), eta hezetasunak busti kaleak. Trintxerpeko portura heldu da itsasontzi berdea, eta bertan jaso ditu zain dituen lagunak. Joan-etorriak egitera ohituta dago gidaria, hark baitu bisitariak Albaola Itsas Kultur Faktoriara garraiatzeko ardura.

Pasai San Pedroko itsaslabarraren amaieran dago faktoria, eta itsasoa da egun bertara iristeko bide bakarra. Luizi batek bidea estali zuen iaz, eta konponketa lanek itxita dute pasabidea. Batzuen kalterako, besteen gozamenerako. Itsas sarreraren albo bietako etxeek eta ikastaroan dabiltzan gaztetxoen piraguek ematen diote kolorea egun grisari.

Bost minutuko bidaiaren ostean, faktoriaren parean lehorreratu dira bisita egitera datozen bi lagunak. Isiltasun barea hautsi dute barnetik datozen lanabes hotsek. Sara Arbulu Guardiakoa (Araba) da, baina Donostia du bizitoki. Lankideen ahotik izan du Albaolaren berri, eta lehen aldia du gaurkoa. Norvegian bizi den Victor Strimbu bikotekidearen bisita baliatu du bertara joateko. Ingelesezko azalpenak emango dizkien gida dute zain, sarreran.

Eider Bergaretxek euskarazko bisitak egiten ditu, eta berak azaldu ditu faktoriaren nondik norakoak. Museoa, ontzigintza eskola eta faktoria da aldi berean Albaola, besteak beste. Duela hogei bat urte sortu zen Albaola fundazioa, Xabier Agote buru zuela eta euskal arrantzaleek erabilitako hainbat txaluparen erreplikak eginez hasi ziren. Txalupetatik abiatu zen proiektua haziz joan zen, eta 2014an sortu zuten egungo ontziola, asmo batekin: Ternuan (Kanada) hondoratu zen San Juan baleontziaren erreplika bat egitea.

Red Bayko ur izoztuetan baldintza onetan mantendu zen ontzia, eta 1978an berreskuratu ahal izan zuten. Bi hamarkadatako ikerlan luzeei esker, informazio xehea atera ahal izan zuten itsasontziaren arrastoetatik, eta horrek bide eman zuen erreplikaren proiektua eskala errealean egiteko. Badute, gainera, erronka handi bat: XVI.mendean eraiki zen modu berean eta material berdinekin ari dira egiten. Materialen eta prozesu guztien informazioa xehe-xehe azaltzen dute museoko paretek: aurkikuntzatik hasi eta ontzia eraikitzeko beharrezkoak diren baliabide guztietaraino.

Emakumeen itzalpeko lana

Itsaso harroari aurre eginez ingurune izoztu eta babesgabeetara heltzen ziren marinelak, edo arpoiak eskuan baleari aurrez aurre eraso egiten zieten gizon indartsuak. Euskal baleazaleen eta, oro har, euskal itsas munduaren epika gizonaren iruditik eraikia izan da. Historian beste askotan lez, kosta egiten da emakumezkoen erreferentziak topatzea kontakizun horietan. Baina egon bazeuden, eta haien oroimena berreskuratu nahian dabiltza Albaolan.

Gizonek sasoi luzeak ematen zituzten arrantzan edo lanean, baina euskal portuetako lanek ez zuten etenik, eta herrian geratzen ziren emakumeek izaten zuten zeregin horien ardura: itsasontzietako kargak hustu, materiala garraiatu eta salerosketan aritu, besteak beste. Orain arte ukitu gabe egon den eremu hori arakatzen hasi dira Albaolako historialariak.

Orduko agirietan emakumeen makina bat erreferentzia topatu dituzte. Baleontzietarako elikagai hornikuntza handia behar izaten zen, eta gariz eginiko ogia izaten zuten jakirik oinarrizkoena. Garia, baina, kanpotik ekarri behar izaten zuten maiz, eta salerosketa horien agirietan topatu dituzte garai hartan enpresariak ziren emakumeen izenak. Garia erosteaz, lantegietan ekoizteaz, eta hornikuntzaz arduratzen zirenak. Era berean, Pasai San Juan-en dokumentaturik topatu dute garai hartan 60 taberna baino gehiago omen zeudela, eta guztiak emakumeen eskuetan. Bergaretxek dio orduko bizimodua ulertzeko ofizio asko ikertzeko daudela, eta haiek berreskuratzeko urratsak egiten ari dira: «Ternuako espedizioak ez lirateke gertatuko bestea ez bazen gertatu. Ezin da historiaren alde bat ulertu, bestea ulertu gabe».

Museoko barrunbeetatik, goiko solairura daramate eskailerek. Areto zabal eta argitsu bat da bisitaren hurrengo geldialdia. Egurraren usainak ematen dio ongietorria bisitariari. Lantokia da, eta hor dabiltza arotzak hainbat pieza zizelkatzen. Egurrezko bospasei txalupa daude: amaituak batzuk; oraindik hezurdura besteak. Bertan da Veneziako (Italia) ontzi tradizional baten erreplika bat ere. Txaluparen eraikuntzan aritu da Ioanna Motoisidi ikaslea. Greziakoa da, eta duela hiru urte etorri zen Albaolara, ontzigintza eskolara. Irailean amaituko ditu ikasketak, eta «oso esperientzia ederra» izan dela adierazi du.

Gainazaleko estaldura

Lantegian aurrera jarraituz, pasabide bat gurutzatu, eta azken geldiunea dator, zirraragarriena: San Juan baleontzia. Pasabidetik,handi ikusten da ontzia. Egurrezko saihetsak bistan ditu eskuin aldetik, baina hasiak dira dagoeneko azkeneko geruzarekin estaltzen. Mailuen kolpe hotsak hartzen du inguru guztia.

Hiru langile dabiltza hara eta hona. Estaldura egiteko oholak jartzen dabiltza. Egurrezko ziri bat hartu, mundruna beroaz busti, eta dagokion zuloan sartu du punta. Kolpe gutxian, barruan da iltzea. Saul Hoffman italiarra ari da kolpe joka. Ontzigintza eskolan ikasitakoa da hura ere, eta baleontziaren eraikuntzan ari da orain: «pribilegio bat da», dio. Bi kiderekin batera, oholen gainetik doan pieza jartzeari ekin diote hurrena. Zintoia deritzo pieza horri. Astuna zaie hiruei. Zirraragarria da unea Bergaretxerentzat, eta argazkia egin dio sakelakoarekin: «Hau ez da beti ikusten».

Baleontziaren hezurdura guztia eraikia dagoen arren, zaila da amaiera data bat zehaztea, Bergaretxerentzat. Oholak jartzean, popako gaztelua egin behar da; hau da, ontziaren gainaldeko azken zatia. Baleontzia, baina, goia jotzen ari da dagoeneko, eta ez du tokirik faktoriaren babespean hazten jarraitzeko. Eguzkiaren argia ikusteko garaia helduko zaio orduan. Kanpoaldean dagoen arrapalara aterako dute, eta bertan amaituko dute estruktura. Gero, bere habitat naturalera joango da: itsasora. Uretan jarriko baitiote masteria: mastak, sokak eta belak. Halaxe egin izan baita tradizioz.

Badute azken zeregin bat ere. Haritz, pago eta izeien kolore marroixka mundrunaren beltzak estaliko du erabat: ontzia margotuko dute. Ez da lan erraza baina. Mundrun kopuru handia behar da horretarako, eta, materiala eskuz egiten denez, langile asko beharko dira. «Gauza asko dira eskuz egitekoak; hemendik kanpo ere material asko lortu behar da. Horregatik, zaila da estimazioa egitea» azaldu du Bergaretxek. Halaber, badute data bat buruan. Datorren maiatzean Pasaiako bigarren itsas festibala ospatuko dute, eta badia egurrezko ontzi tradizionalez beteko da: «Zoragarria izango litzateke baleontzia amaituta edo kanpoan egotea».

Prozesua eta prozesutik berreskuratu duten ondare guztia ezinbestekoa da Albaolarentzat. Eta bisitariak ere horren parte izatea da proiektuaren xarma. COVID-19aren eraginez, urte hasiera zaila izan dute faktorian, baina ekainetik zabalik daude ateak. Ostegunetik igandera bitarte dago ontziola ezagutzeko aukera. Joan nahi duenak izena eman behar du aldez aurretik, itsasontziaren txandak antolatzeko.

Muntaketa lanekin amaitu da bisita, eta, eskerrak emanda, Albaolako kaira itzuli dira bisitariak. Zain dute bueltan eramango dituen itsasontzia. Zeruak motel jarraitzen du. Oso berezia iruditu zaio Arbuluri faktoria eta bertan egiten ari diren lana. Badiak berak eman dio arreta Strimburi, Norvegiako fiordoak ekarri baitizkio gogora. Heldu da ontzia Trintxerpeko portura. Gidaria agurtu, eta hustu egin da barkua. Zain daude hurrengo txandan joango diren bisitariak. Gutxiago falta da belak zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.