Albistea entzun

Aurelia Arkotxa. Idazlea, ikerlaria, sortzailea eta euskaltzain osoa

«Maite dut kameleoia izatea»

Mapa eta liburuen itsasoan sortu zen. Ur horietatik edanez ari da tai gabe hitzak sortzen, bai irudiak ere, edonongo bidaietara gomitatuz, euskaraz. 'Zertana' proiektua karrikaratu berri du.
GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko martxoak 6 - Hendaia

Aurelia Arkotxarik (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1953) ezin da ediren kartografia ofizialean. Bere buruaren izarira diseinatu mapak sortzen ibili da ttipitik, izan Baigorrin, Hendaian (Lapurdi) edo Erriberan. Geopoetikan denboraren koordenatu guziekin jostatzen da, «oreka bilatzeko» kolonialitatearen erresumetan. Euskal poesiaren lurrak hedatzen ditu klasikoen testuak eta mapak orainaldira ekarriz, berridatziz, arra marraztuz, duela guti arte unibertsitatean irakatsiz, argazkitan hartuz, baina baita zientifikoki ikertuz ere. Zertana «portulan poetiko musikala» karrikaratu berri du, Isa Suarezekin batean.

Zertan datza Zertana? «Itsas bazterreko eta uharteetako kartografia poetiko baten bila» zenbiltzanean...?

Isa Suarez adiskidea eta biok 2003an jadanik Argonauta proiektuan elkarlanean aritu ginen, Bruno Agerrekin batera: mapa zaharrak eman nizkien, Etxeberri Ziburukoaren eta euskal marinelen testu zahar batzuk... Oso polita izan zen. Ondotik ere, Ziburun [Lapurdi] emanaldi bat egin genuen, Joxean Artzek irakurri zituen Etxeberri Ziburukoaren olerki eder batzuk. Zinez inpresionagarria izan zen. Hala, Euskal Kultur Erakundearen, Euskal Itsasbazterraren eta Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiaren laguntzari esker muntatu dugu Zertana. Bi emazte gara, eta hori oinarrizkoa zait. Zeren eta giro maskulinoetan ibilia naiz, eta haiek errespetatu naute. Baina hor bertze etapa bat da, heldutasun baterat iritsi gara biok, eta bi sortzaile femenino nahi nituen. Indarrarekin egin dugun proiektua da.

Hamahiru piezak non goza daitezke?

SoundClouden hedatzea erabaki du Isak. Justu atzo [asteartean], musikari batek erran zidan denbora ez dela gehiago lineala. Jendeak gauzak entseatzen dituela, eta haietako bat izan daitekeela iraganeko gauzak hartzea eta orainaldira ekartzea. Denboraren itzulikatze molde berria da, oso interesgarria zait. Internetek hori ahalbidetzen du. Horretan datza gure proiektua ere. Xano musikariaren estudioan irakurri eta grabatu nituen hamahiru testuei Isak musika gehitu die. Irakurtzea biziki maite dut, Maiatz aldizkariaren hastapenetan jada ere aritu nintzen. Gero ohartzen zara bazuela funtsa...

Denbora ez baita lineala!

Bai! Memoria bezala! Gure Irratian emankizun literarioak egiten genituen. Luzien Etxezaharreta, Xarriton, Xipri Arbelbide, Jaki Lautre , Ermiñe Madariaga... Hartan hasi nintzen beraz testuen irakurtzen. Geroago ere irakurrarazi zidaten Etxamendiren Aurora, euskal literaturan dagoen testu ederrenetarikoa zait, fan naiz!

Zertana itsasoz inguratua dea?

Hastapenean urrunera joan banintzen ere —egoera bortitzetatik jalgi testu feministak, konparazione—, poliki-poliki, zentratu da nire obsesioetan: Septentrio liburuan eta BERRIAko Maratila zutabeetan agertu direnak: bidaiaren kontua. Bidaia zentzu guzietan hartuta. Literaturan ezagutuak diren pertsonaiak euskaraz agertzen ditut, adibidez Ulises, betidanik interesatu zait. Omeroren hori baino, maiteago dut Ulises behin Itakara heldu eta Peneloperekin elkartu ondoren, horizonteak berriz deitu eta bidaian doalarik. Alta, urteak pasa dira. Denbora ez da sekula estatikoa, ez baikara gaztetasun eternalean gelditzen. Hori da gizartearen problematika, merkantilismo batean kokatuta, zahartzearen ukazioa. Beraz badoa berriz, ustez beti gazte. Mediterraneoko fronterarat heldu dira, jainkoak desafiatu nahian, suntsitzen da. Nire lehen liburuan jada agertu zen, Atari ahantziak.

«Hain ziren eternitateaz segur», idatzi zenuen bertan.

Horren inguruan meditatzea gogorra da, baina maite dut.

Senekak ere gogoetatu zuen denboraren laburtasunaz.

Axularrek ere hartu du filosofo zaharretatik. Dantek ere oso pasarte ederra du Jainkotiar komedia obran. Ovidio poetak ere biziki hunkitzen nau, erbesteratu zutelarik garaiko fronteretara joan zen, Tomes herrira, harako bidean ere idazten aritu zen.

Pasarte haiek hartu dituzu, eta...?

Berridatzi; nire prozedura da. Erabat berridatziak diren poemak dira. Dena dedikatua diot Kenneth Whiteri, lehen aldikoz.

Septentrio liburuko sar hitza egin zizun ber berari.

Oinarrizkoa izan da haren ezagutza niretzat, 1990eko urteetan. Zerbait izkiriatu nahi nuen bidaiaren inguruan. Atari ahantziak atera eta gero, erdi Kanadan eta erdi Euskal Herrian bizi izan naiz kasik hamar urtez. Nire baitako urraduran agertu zait Ipar Amerika. Fisikoki sentitu nuen espazioaren inpresio hori, oihan ikaragarriarena. Handik Ternuara bietan izana naiz, baina ez sekula turista bezala. Nahi nuen geografiaz idatzi, inportantea izan baita. Herentzia bat izan baitut.

«Mapa zaharrek erakusten dute uharte ttipi baten gainean emana» zela Ziburuko Errekoletoen komentua, eta, «memoria kulturala zainduko dutela, diote», entzuten da Portu piezan.

Ez da beti aisa geografia edo topografiaz mintzatzea, fite hunkitzen baituzu geopolitika. Oldartu nintzen duela hamabost urte.

Zerk zintuen oldartu?

Euskal funtsa eta historia nola utzia den. Itsasoko memoria hori erabat puskatua da. Ez nabil historiaren jujatzen, baizik eta diot historiak, oro har, baduela sakontasun bat, arkeologiako denbora-geruzak. Kostako memoria erabat ezabatua da. Etxeberri Ziburukoa, adibidez, poeta erabat ezaguna zen, Bordeleko Millanges orduko inprimatzaile garrantzitsuenak argitaratu zuen! Hor ibiliko zen, Errekoletoen komentutik hurbil, baina «Qui c'est celui là?» [nor da hori?] galdetzen didate. Bertze hizkuntzen artean, euskaraz ere eginen zen hor, bidaia lekua baitzen. Hori, gaur egun, ezabatua da, ez da existitzen, eta gainera bada kulturaren kolonizazioa. Beraz, Portu testu hori oso garrantzitsua zait.

Kolonialismoaren ondorioa dea ignorantzia interesatu hori?

Ez dakite ignoranteak direla, haiendako zu zara. Ez da errespeturik. Fundamentala da geopolitika: geografiak beti aldatzen baitira, ez dira estatikoak. Lehengo geopolitika ez zen gaurko ideien araberakoa, Erromak zuen ideologia ematen. Ez zen arazo Bordelen euskaraz inprimatzea, gaur bai. Okerrena da ez duzularik justifikatzeko paradarik ere, ezabatua zarelarik. Eta ez ezazu uste izan maleziarekin egina denik.

Karima Lazalik dio ezabatzean datzala frantses kolonialitatea.

Hala da. Ohartzen naiz, baina ez dut sufritzen. Ekialdeko filosofiakoa naiz, orekaren bilatzailea, erraza ez bada ere.

Nola egiten duzu oreka horren bilatzeko?

Irekia naiz erabat. Lehen ardatza euskal izatea dut, ez dut errekuperatu behar izan, ez dut konplexurik. Betidanik euskaraz egin dut eta integratu naiz oso naturalki kanpoko hizkuntzei, hibridoa naiz, ez dut hizkuntza borrokarik nire baitan. Hori bai, izan daitezke hizkuntzen artekoak. Oreka atzematea ez da prozedura intelektual bat: gakoa da ikastea laxatzen eta gauzei uztea beraien baitatik etortzea. Eskuzko sorkuntzak laxatzen nau. Errespetu handia diot, ttipitik horretan hazi naiz. Urteak joan ahala, bizia bizitzen dut ahal bezainbat, kasu eman gabe zergatik dudan egiten. Gaur teorizatzen duzun ustezko egia, bihar okerra baita.

Kontatu, otoi, zein izan diren oinordetzan jaso zenituen bi mapak.

Oraindik idazten ez nekiela ukan nuen amaren aita baztandarrarengandik: Euzkadi es la patria de los vascos. Gerla zibil garaian gorde behar izan zuen bere burua mendian, mapa hori eta bertze gauza batzuk. Oso gogorra izan ziren: bortxazko errekrutatzeak eta bertze. Ezagutu ez nuen aitatxi minbiziak hil zuen, hainbertze baitzuen sufritu. Hamarkadetan isildu behar izan dutenen memoria hori oso gogorra izan zen.

Eta bigarrena?

Juan E. Barra Argentinako herriarena da. Sortu zutelarik han zen aitaren aldeko gure aitatxi, trenbideetan lanean. Markatu ninduten mapa horiek. Ttipitik liluratu izan naute mapek, eskolan koloreztatzen nituen... Niretzat, mapak arte ederretako parte dira. Gainera, oker ulertzen nituen, kanpo nintzen! Pays Bas [Herbehereak] eta Pays Basque nahasten bainituen, adibidez! Edo Quebecen, autoktonoez interesatzen bainintzen: bizipenek kokatzen zaituzte ofiziala ez den mapan.

Euskaldun gisa ere zaudea mapaz kanpo?

Batzuetan bai, bertzeetan ez, baina ez da garrantzitsua. Engaiatua naizen norbait naiz, EH Bain sartua naiz, Hendaia Biltzen sostengatzen dut...

Erran nahi dudana da ibilbide akademikoa erdaraz hautatu izan bazenu, bertzelakoa izanen zatekeela, ez?

Hautu bat izan da bai; baina ez ditut ukatzen frantsesa eta espainola. Idazten dut ere espainolez, ikerketarako. Garrantzitsua zait, behar baita ere komunikatu zuk idatzi duzun hori. Engaiamendua oinarrizkoa da, zentrala ene bizian. Preseski, Xabier Leteren engaiamenduaz egin nuen lana lizentziatura bukaeran. Eta tesia ere Gabriel Arestirenaz. Erran nezake ez dela sekula erraz.

Zure lumak bidaiak euskarara ekartzen ditu, eta, aldi berean, euskaraz bidaiatzera eramaten.

Bai, hori da! Bidaiarietatik nator. Premuak ez zirenak mugitzen ziren, ez ziren estatikoak. Alderantziz! Aitatxi Tiburtzio Arkotxa bizkaieraz ari zen, baina ez nintzen ohartzen, beti elkar aditu baitugu. Mantendu dute beti euskara, naturaltasunez edota borondate politikoz. Beraz, Munduan zabiltza euskaraz. Bidaia ez da behar hartu zentzu turistikoan, maite dut biziki anonimo izatea. Behin, Donostian, Euskal Herrian biziki famatuak diren idazle batzuk sartu ziren, Maratila idazten ari nintzen ostatura. Anonimatuan gelditu nintzen. Maite dut kameleoia izatea, norbera den bezalakoa, bere hizkuntzarekin.

Onartuko zenuke sortu duzula euskal geopoetika generoa?

Ez!

Eta onar zenezake Aurelia Arkotxaren estilo autentikoa?

Ez! Lehenik, Maiatz aldizkarian lekua utzi zidaten Etxezaharretak eta Itxaro Bordak. Gero, Pamielako taldeak ninduen zinez idazle bilakarazi: Txema Larreak eta Aranazek, Eduardo Gil Berak... haiek gabe ez bainintzatekeen sekula hala izanen. Gero, BERRIA biziki garrantzitsua izan da. Eta Apalategi familia ere bai. Azkenik, Gatuzaineko taldea, Iparraldean argitaratu dudan liburu bakarra atera baitzidaten: Bidaide [2013]. Ni bezala, hibridoak dira, mugaz gaindikoak.

Septentrio atera eta gero beharra sentitu nuen talde batean sartzeko. Geografia zaila da emazteendako. Horregatik, geopoeta frankofonoekin ibili izan naiz, idazleez mintzatzeko. Anitz ikasi dut haiekin, asko ibiliz. Nik elkartu nituen Zuberoan, Bereterretxeren khantoreaz mintzatzeko, ibilbidea egin genuen. Haiekin nuen argitaratu Septentrioren zati bat frantsesez, Bruselan, ez Frantzian: Out Portuak eta Mare magnum fine. Arrunt edizio ederra.

Ikerlari gisa zertan zara?

Emeritu naiz, baina gutirako. Alta, segituko dut idazten, nire izate nagusia baita. Eta arteak egiten ere, pluralean. Euskal liburu inprimatu zaharren historian sakontzen segitu nahiko nuke. Baditut atera beharrak bi liburu kolektibo, Euskaltzaindiaren mendeurrena kari. Eleaniztasunaz. Bereziki kontuan hartu behar da bertze hizkuntzetan ere egiten direnak. Jarraitu nahiko nuke ere iruditeriaren inguruan ikertzen, eta, azkenik, Miranderen testu literarioen bitartez nazismoa. Ez baitu zentzurik errateak heterodoxoa zela; nik uste dut, Lopez Adanek bezala, oso ortodoxoa zela. Iruditzen zait ardura bat badudala hor, memorioak galarazten baititu zenbait aspektu. Mirande ez baita ongi aztertua literaturaren aldetik. Ideologia hunkituko dut, baina testutik.

Ematen zaion balio literarioa kordokan dea zuretzat?

Ez, idazle bikaina baita, erabiltzen duen hizkuntza miresten dut. Baina garrantzitsua zait gauzak beraien lekuan kokatzea. Mirande zatikatzen dugu, alta, batasuna eta koherentzia bat badu, eta hori testuetan agertzen da.

Zer hautu linguistiko egiten duzu idazteko?

Gazte-gaztetik hasi nintzen gau eskolan euskara erakasten, AEK sortu aitzin, Haize Garbia elkartean, Mitxelena apezarekin-eta. Alta, Jon Oñatibiaren metodoarekin deseroso sentitzen nintzen. Karriketan beharbada eztabaidarik ez bazen ere, ene baitan jada bai: batuaz erakatsi? Txillardegi oso ongi ezagutu nuen. Batua hautatu nuen, eta elkartea utzi nuen Akelarrera joateko. Horrek ez du erran nahi euskalkiak baztertzen ditudanik, hala mintzo bainaiz. Hori bai, batuak ez du zertan izan Gipuzkoakoa baizik, izan dadila ahal bezain aberatsa, aski da hiztegi batuari begiratzea ikusteko denetarik onartzen duela. Hibridotasunak asko lagundu nau. Euskaldun idazle gisa diot hori. Arestiri buruzko tesian dut hori ikasi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Berdea nola berdatu

Berdea nola berdatu

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hosto berdeko barazki eta landareak ohikoak dira entsaladetan. Gero eta aniztasun handiagoa dago: tonu, forma, testura eta propietate ezberdinak dituzte.

Rafa Gorrotxategi, Tolosako Txokolatearen Museoan. ©JON URBE / FOKU

Bisita gozoa Tolosako museoan

Iraia Irazusta Mujika

Tolosako Txokolatearen Museoa 2020tik dago zabalik. Bisita gidatu zein birtualen bidez ezagutu daiteke, eta hainbat tailer egiteko aukera ematen du, txokolatearekin jolasteko

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Jaiak gasteiztarron topagune dira»

Unai Etxenausia

Kazetari eta parrandazale moduan ezagutu ditu Fiestrasek Andre Maria Zuriaren festak urteetan. Bizitza osoan bi urtez baino ez du huts egin, eta datozen guztiez «gozatzeko asmoa» daukala iragarri du.
2 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Jana eta edana azkenera arte

Eider Etxeberria Soria

Zeledonen igoerarekin amaitu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Gasteiztarrek azkenera arte zukutu dituzte festa egunak. Txorizoa eta patatak banatu dituzte kuadrillek, eta buruhandi eta erraldoien konpartsak kalejiran ibili dira. Tabernariak gustura daude jaiekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...