Michael Barkham Huxley. Geografoa

«Selma Huxleyk ildo pila urratu zituen, ez bakarrik arrantzari dagokionez»

Selma Huxley ikerlariaren semea da Barkham: XVI. eta XVII. mendeetan Ternuan baleak arrantzatzen zituzten euskal marinelen inguruan ikertu zuen Huxleyk. Amaren ikerketekin jarraitzeaz gain, haiek aldarrikatu ere egiten ditu Barkhamek.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Luze, zabal eta harro dihardu Michael Barkham Huxley geografoak (Ottawa, Kanada, 1959) bere ama zenaren bizitzaz eta lorpenez: Selma Huxley historialariak (Londres, 1927-Chichester, Erresuma Batua, 2020) XVI. eta XVII. mendeetan Ternuan (Kanada) aritutako euskal arrantzaleak ikertu zituen, baita haien arrastoak aurkitu ere. Ildo beretik jarraitu du semeak, eta, orobat, oinordetzan jaso du Euskal Herriarekiko lotura: Hondarribian (Gipuzkoa) bizi da egun, eta euskara hobetzeko asmoa du. Amaren jardunaz aritu da berriki Bilboko Sabino Arana fundazioan.

Selma Huxley txikitatik egon zen zientziaz inguratuta, ezta?

Zientzialarien eta intelektualen familia batean hazi zen. Haren aita diplomazialaria zen, baina baita Geographical Magazine aldizkariko sortzailea eta editorea ere. Beti etortzen zitzaizkien bisitan idazleak, esploratzaileak eta halakoak.

Gerra heldu zen arte.

Aita Washingtonera bidali zuten, eta harekin joan zen familia ere. Bera barnetegi batean utzi, eta gurasoak Londresera itzuli ziren; 1944an, institutua bukatu, eta Ingalaterrara itzuli zen, justu aliatuak Normandian [Frantzia] lurreratzen ari ziren garaian. Erizaintza ikasi zuen Londresen, azken bonbak erortzen ari zirela.

Zer egin zuen gerra bukatzean?

Erizaintza utzi, eta Parisera joan zen andereño, eta errusiera ikastera; independentea izan nahi zuen. 18-19 urte zituen, ezkertiarra zen, eta Errusiara joan nahi zuen basetxe komun batera laguntzera, baina aitak ez zion utzi. Londresen ikasi, eta 21-22 urterekin Geografia Elkartean hasi zen lanean. Konprometituta zegoen diplomazialari ingeles gazte batekin, eta beti zioen: «Bere familiaren zilarrezko mahai tresnak biltzen ikusi nuenean, neure buruari esan nion hura ez zela niretzat». Kanadara joan zen osabarekin.

Nolatan sortu zitzaion euskal marinelen inguruko interesa?

Montrealgo [Kanada] unibertsitate batean liburuzain hasi zen lanean, eta hango Artxibo Artikoen Institutuan kontratatu zuten gero, frantsesez, ingelesez eta errusieraz hitz egiten zuelako. Han ezagutu zuen aita: arkitektura master bat egitera joan zen, eta Euskadi maite zuen. Andaluziara [Espainiara] joatekoa zen lagun batekin gradu amaierako lana egiteko, baina istripua izan, eta Alegiako [Gipuzkoa] apaiz nazionalista batek eman zien aterpe, Don Piok. Aitak euskal basetxeez egin zuen lana azkenean. Amarekin ezkondu zenean, hara itzuli ziren, 1956an. Don Piok aipatu zien Kanadan bazegoela euskal arrantzaren tradizioa.

Noiz heldu zion berriz gaiari?

Zortzi urteren ondoren, aita hil egin zen, eta amak lan egin behar izan zuen berriro. Kanadako Leku Historikoen Atalean hasi zen lanean: tokietako bat Louisbourg zen, XVIII. mendeko frantziar gotorleku bat. Garai hartako dokumentazioa aztertzean, ikusi zuen hango merkatari eta arrantzale asko Iparraldekoak zirela. Jakina zen euskal jendea lehenago ere egon zela, XVI. eta XVII. mendeetan, baina ez zegoen dokumentaziorik. Jakin-mina sortu zitzaion.

Interes horrek eraman zuen lekualdatzera.

Bizpahiru urteren ondoren, 1969an, gogaituta zegoen hotzaz, Europako familiarengana hurbildu nahi zuen, eta espainolez ikasi behar zuen ikertu ahal izateko; beraz, Mexikora joan ginen. Hiru urtez egon ginen han. Amak ingeles irakasle egin zuen lan, eta senarraren heriotza gainditu zuen. Gero, Kanadako Gobernuari beka bat eskatu zion ikerketak hasteko, eta, zamaontzi batean, Bilbora iritsi ginen 1972an. Iragarri zioten ez ziotela bekarik emango; Algortako portu zaharrean [Bizkaia] pisu bat alokatu, eta, lan egiteaz gain, XVI. mendeko idazketa irakurtzen ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean.

Ikerketaren arrastoak Burgosera (Espainia) eraman zuen ondoren, ezta?

Bilboko Udal Artxiboko orduko artxibozainak, Manuel Basasek, ez zuen nahi amak han ikertu zezan, eta esan zion Burgosen Ternuaren inguruko dokumentazioa ikusia zuela. Arreba txikia eta ni Algortako pisuan utzi, eta hara joan zen. Bazeuden agiriak, baina sailkatu gabe, eta banan-banan joan zen bilatuz Ternuako espedizioetakoak aurkitu arte, 10.000 bat dokumentu; Valladolideko [Espainia] artxiboan ere arakatu zuen, eta Oñatin [Gipuzkoa] bukatu genuen; hori izango zen amaren basea hogei urtez. Beste inork aurkitu gabeko dokumentazioa topatu zuen. Ternuako arrantzaz asko idatzi zen Kanadan eta hemen, baina denak ziren epopeiak, daturik gabekoak. Amak aurkitu zuen euskal marinelek ez zutela soilik bakailaoa arrantzatu, baita baleak ere.

Nola gogoratzen dituzu urte horiek? Hainbeste bidaia...

5 urte nituela hil zen aita; oroitzapen fotografiko modukoak ditut, baina gogoan dut haren hilobiaren ondoan egotea. Martxoan hil zen, eta Kanadan, garai horretan, lurra izoztuta egoten da; ehorztea oso zaila da. Baina haurtzaro zoriontsua eduki nuen. Arreba gaztea eta biok ondo moldatu ginen aldaketetara. Ni Ingalaterrara joan nintzen ikastera, eta oporretan Oñatira etortzen nintzen. Edonola ere, ez zitzaion erraza izan ama izatea, alarguna, lau seme-alabarekin.

Nola bizi zenituen zure amaren ikerketak?

Ternuakoa eguneroko zerbaiten gisa bizi genuen, ikerketaren parte baikinen. Burgosen, artxibozainak mahai handi batean jarri gintuen arreba eta biok, ez zegoelako haurtzainik, eta artxiboan aritu ginen dokumentuak kopiatzen ikasten, 14 urterekin. «Ternua» irakurtzen nuen bakoitzean, urrezko pipita bat zen hainbeste agiriren artean. Zirraragarria izan zen.

Noiz erabaki zenuen amaren ikerketekin jarraitzea?

Gai bat gustatzen bazaizu, miatu egin nahi duzu. Ez zen Cervantesen edo Shakespeareren inguruko tesia egitea, askok jorratutako gai bat; Selma lehena izan zen XVI. eta XVII. mendeetako euskal itsas historia ikasten sistematikoki. 1970eko urteetan, inor ez zebilen hori ikertzen, euskal egoera kulturalagatik, Francogatik... Barandiaranek eta bestek aurreko garaiak aztertu zituzten. XVI. mendea urrezko mende bat izan zen euskal ekonomian, burdinagatik, balearen gantzagatik... Asko zegoen ikertzeko.

1977an, Ternuan lehen espedizioa egin zen euskal balea arrantzaren arrastoak topatzeko. Huxleyk gidatu zuen. Parte hartu zenuen?

Bai, baita nire arrebak ere. 18 urte nituen, eta arrebak, 16. Dokumentuetan agertzen zen balea arrantzaleak «Ternuako badia handira» joaten zirela. Ternua erraldoia da, baina ama konturatu zen bakailao arrantzaleek uhartearen hegoaldean jarduten zutela. Poliki-poliki, mapen laguntzarekin, jabetu zen badia zela Ternua eta Labrador probintziaren arteko itsasartea, Belle Isle; eta, hala izatekotan, arrastoren bat egon behar zuela Labrador hegoaldeko kostaldean. Inork ez zion sinistu; inork ez zuen ikertzera joan nahi izan.

Nola joan zen espedizioa?

Hirurok joan ginen, lagun genuen arkeologo familia batekin. Orduko hartan, Labradorrera heltzea zaila zen, itsasontziz eta helikopteroz joan beharra baitzegoen. Hasieran ez genuen aztarnarik topatu, eta gogorra izan zen, ziztadaz josten baikintuzten hango zomorro beltz batzuek; konplikatua da han egotea. Kanpadendak genituen, baina arrantzaleen etxeetan aterpetu ginen lo egiteko.

Baina, azkenean, arrastoak aurkitu zenituzten.

Eureka momentu itzela izan zen. Izan ere, XVI. mendean, europarrak ez ziren Kanadan finkatu. Quebec, lehenengo kokalekua izan zena, Champlainek fundatu zuen 1608an. Kolonen eta 1608. urtearen artean, bakailao arrantzale europarren presentzia izan zen, baina baita euskal balea ehiztariena ere. Arrasto horiek oso garrantzitsuak dira, bakailao arrantzaleek ez baitzuten aztarnarik uzten; arraina hartu, eta joan egiten ziren. Baina baleak harrapatzen zituztenek labeak egin zituzten gantza urtu eta olioa ekoizteko.

Zure lana, amaren ikerketekin jarraitzea ez ezik, haren jarduna aldarrikatzea ere bada?

Bai, uste dut baietz. Hainbat arrazoirengatik. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan ikertu zuen, Internet baino lehen; gaur egun, Interneten ikusgai egon beharra dago. Zorionez, instituzio asko gauza mordoa ari dira jartzen sarean, baina duela hamar urte ez zegoen gauza askorik amaren inguruan. Haren lanak ikerketa ildo pila urratu zituen, ez soilik arrantzari dagokionez, baizik eta euskal itsas ekonomiari eta itsas eraikuntzari dagokienez ere.

Adibidez?

Proiektuetako bat da Pasaian [Gipuzkoa] eraikitzen ari diren ontzi hori [Albaola San Juan ontziaren erreplika ari da egiten]. 1978an, amak informazioa eman zien Kanadako Itsas Arkeologia Zerbitzukoei, han inguruan hondoratu ziren galeoi pare baten istorioak berregin zituelako, eta bazekielako Ipar Amerikako zer portutan zeuden, zehazki. Dokumentuetan, San Juan ontzia hondoratu zen portua Butus dela ageri da; ondorioztatu zuen Red Bay zela toki hori [Labrador hegoaldeko kostaldean].

Han aurkitu zuten?

Hara joan, eta, hasierako murgiltzeetan, bi galeoi topatu zituzten. Kolaborazio bat izan zen; ezin daiteke esan arkeologoek bakarrik aurkitu zituztenik. Lehenengo ontzia ari dira berregiten; uste dugu San Juan dela, baina ezin daiteke jakin. Albaolako zuzendaria, Xabier Agote, arkeologo nagusiaren lagun min egin zen, eta ontziaren planoak lortu zituen. Erakusketa batzuk egin dira aurkikuntzaz —Burgosko Giza Eboluzioaren Museoan, Donostiako Itsas Museoan...—, eta ez dute behin ere Huxley aipatu.

Zergatik, zure ustez?

Batzuetan aipatzen dute, baina lore denak arkeologoentzat dira, eta eurentzat. Harrigarria da: gutxietsi soilik ez, historiatik ezabatu dute. Eta diru publikoarekin egiten da: adibidez, San Juan ontziaren erreplika Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dute. 2012-2013an hasi zen proiektua, Donostiaren 2016ko kultur hiriburutzaren testuinguruan. Proiektua sustatzeko argitalpen ofizialean, Huxleyri ez zioten aipamenik egin. Aipatu zituzten arkeologoak, Albaolakoak eurak, haien lanaren giza balioa eta zorroztasun zientifikoa. Horrek amorratzen nau gehien, esateak zehaztasunez egin dela.

Egon da salbuespenik?

2013ko udan, Donostiako Aquariumean, omenaldi handia egin zioten. Hurrengo egunean, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen Red Bay. Egunkari batean, orri osoa eman zioten: Selma Huxley, Red Bayko aitzindari handia. Orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua [Ana Oregi] Labradorrera joan zen, eta han jakin zuen guztiaren atzean emakume bat zegoela. Interesatu, eta gurekin bildu zen, eta, handik hilabete gutxira, 2014an, Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari saria eman zion. Horrek ere lagundu du ikusgai egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.