Ibon Koteron. Albokaria

«Albokari izaera mitologikoa eman zaio: benetan, jotzea ez da hain gaitza»

Kantuak entzuten, eta partitura irakurtezinek lagunduta: hala ikasi du alboka jotzen Koteronek. Autodidakta izan da: tresnaren inguruan ezer gutxi egon denez, sortuz joan behar izan du, beste batzuekin batera. Filosofia irakaslea da ogibidez.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Erandio
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Txirula, nafar gaita, txalaparta, baita musika zerra ere. Beti egon da musikari lotuta Ibon Koteron (Bilbo, 1967), eta haren dibulgatzailea ere izan da. Bereziki, albokarekin egin du behar hori, alboka berriak baliatuz eta eskalak landuz. Gaztetako eztabaida politikoek akuilatuta, Filosofia ikasi zuen, eta hura irakasten du Erandioko (Bizkaia) Ategorri institutuan. Bi diziplinek lotura handia dutela uste du. Aurten, Farolin izendatu dute Bilboko inauterietan, hiribilduko aratusteetako pertsonaia protagonistetako bat, Zaranbolasekin batera.

Noiz sortu zitzaizun musikarekiko interesa?

Txikitatik. Ikastetxean txirula goxoa irakasten ziguten, baita bestelako gauzak ere. Bereziki, piano jotzailea den lagun batek eta biok bikain jotzen genuen perkusioa [barreak], 7 urterekin. Abileziaren bat-edo baneukan. Bosgarren mailan, txistuarekin hasi nintzen. Eta, etxean, musika zerrarekin, AEBetara erosia postaz. 14 urterekin, edo igual lehenago, zeharkako txirularekin hasi nintzen. Beti ibili naiz zerbait jotzen. Karreran, 1987an, albokarekin hasi nintzen, txalapartarekin pixka bat, eta nafar gaitarekin.

Ikastetxean soilik izan zenuen musikarekiko harremana?

Txikitan bai, ikastetxean. Curriculum arruntean ematen zenaz gain, eskolaz kanpoko ekintza gisa txistua eta solfeoa ikasten nituen. Gero, autodidakta izan naiz gehienbat, horrek dakartzan gabeziekin, baina baita abantailekin ere.

Zeintzuk izan dira gabeziak eta abantailak?

Ez baduzu prestakuntza arautu bat, gauza batzuk galdu egingo dituzu, hori argi dago. Baina zure interesak gidatzen zaitu, eta igual beste batzuek ikertu ez dituzten gauzak nik ikertu egin ditut, akustikan eta holako gauzetan.

Autodidakta izatea hautu pertsonala izan da?

Ez, horrela izan da, besterik gabe. Inoiz ez nuen pentsatu modu arautuan ikastea.

1987an egin zenuen topo albokarekin. Nola izan zenuen instrumentuaren berri?

Etxean ezagutzen genuen alboka, Leon Bilbaoren diskoetatik batez ere. Aita zale amorratua zen, eta musika entzuten genuen, zein polita zen, arbasoak barrutik ateratzen direlako soinu horrekin. Ikusi genuen urte hartan hori ikasten hasteko aukera zegoela Bilbon, Udal Txistu, Alboka eta Pandero akademian. Arnasa ikasten hasi ginen; anaia eta biok joan ginen hara, ezagutu genituen beste zale batzuk, eta hasi ginen gure lehenengo gauzak egiten. Apurtxo bat ondo jotzen hasi ginenean, klaseak bukatu eta pote batzuk hartzera joaten ginen Bilboko Alde Zaharrera, eta alboka jotzen genuen.

Zergatik erakarri zintuen albokak, bereziki?

Daukan soinua, horren benetakoa... Batez ere, alboka tradizionalak daukan soinua. Oraingoak hobeak dira beste soinu tresnekin jo ahal izateko, baina tradizionalak duen soinu grabeago, lodiago horrek xarma berezi bat dauka.

Orduan, alboka ezaguna zen?

Gutxi batzuen artean, gaur egungo moduan.

Egoera ez da aldatu, orduan. Ez du hobera egin.

Igual orain apurtxo bat ezagunagoa da, baina, hala ere, geure buruari ziria sartzen ibiliko ginateke pentsatuko bagenu oso hedatua eta ezaguna dela. Gutxiengo batek ezagutzen du; lehenago, are gutxiagok.

Horrek zure formakuntza autodidakta zaildu zuen, ereduak topatzeari dagokionez?

Ez; albokan dena egiten zen modu autodidaktan. Ez zegoen metodorik. Egia da albokariren batek idatziak zituela partitura batzuk libururen batean, beste batzuk zeuden eskuz egindakoak... Ni hasi nintzenean, liburuko partiturak ezin nituen irakurri; oso gaitzak ziren. Albokak ahots bi ditu, eta hor nahasten ziren biak; baina batak partitura zikintzen du bakarrik; ez duzu ezer ulertzen. Leonen diskoa ipintzen nuen, ateratzeko dena belarriz. Partitura batzuk irakurtezinak ziren, beste batzuk hobeak, baina ez ziren guztiz fidagarriak. Ondo zeuden laguntza bezala, baina jatorrizkoarekin bakarrik fidatu behar zenuen.

Musika tresna gutxietsia izan da euskal musikaren historian?

Lagun batek, Manu Gojenolak, idatzi zuen liburu bat: Albokaren alde batzuk [Herri Musikaren Txokoa, 2004]. Hor albokaren eta albokarien historia egin du. Baina albokaren alde batzuk agertzen dira, batzuk bakarrik; izenburuak bi zentzu ditu. Esango nuke gutxietsia izan dela, baina trikitia ere bai. Izaera mitologikoa ere eman zaio: oso gaitza da jotzea, ezinezkoa, arnasa... Eta horrek ez dio mesede egin, ze jendea ez zen jotzen saiatzen; benetan, ez da horrenbesterako.

Nolakoa izan da albokaren bilakaera?

Aspaldi ditugu alboka berriak. Garai hartan, bazegoen Jorge de Riezuk eta Mariano Barrenetxeak idatzitako liburu bat: Alboka. Entorno folclórico [Aita Donostiaren artxiboa, 1976]. Proposatzen zen, alboka tradizionalaren eskalaren ordez, beste bat: la-si-do-re-mi-fa sostenido, beste soinu tresnekin jo ahal izateko. Folk talde batzuek aplikatu zuten. Adibidez, Joxerra Fernandezek Oskorrin horrela jotzen zuen, eta horrek eman zuen aukera soinu tresna beste esparru batera mugitzeko. Baina batez ere luthierren lana izan da: gaztetan alboka jotzen izandakoek, bizitza osoan lan egin eta gero, albokak egiten hastea erabaki zuten.

Nolakoak ziren?

Tradizionalak egin zituzten, Leonek, [Silbestre Elezkano Uribarri] Txilibrin-ek eta Eugeniok [Etxebarria Arrooita] egiten zituzten modukoak; baina aldatuak ere bai. Beste batzuk izan dira gazteagoak: [Juan Antonio Martinez] Osesek irauli egin zuen albokak egiteko modua, baita Antzuolako [Gipuzkoa] Joseba Gaztiainek ere. Hasi ziren egurrezko tutuak egiten, modu desberdinetan eskala hori zuzentzeko. Gaur egun, badaude albokak eta albokoteak eskala askorekin; asko esperimentatu daiteke.

Albokaren dibulgatzailea ere bazara?

Bueno, bai, nolabait. Keparekin [Junkera] egindako Leonen Orroak [Elkar, 1996] mugarria izan zen. Dibulgatzailea baino gehiago, iraultzailea izan zen. Airea [Elkar, 2004] diskoa uste dut ez dela oraingoz asumitu. Eta Albokak 2.1-en [Leonen Orroak elkartea, 2010] daude eskala horien guztien ikerkuntza, azalpena eta erabilera musikala.

Dibulgazioaren ildotik, Lur Soinuak musika eskola sortu zenuten Junkerak eta biok.

Ekitaldiez eta entseguez gain, Kepak bazituen trikiti eta pandero eskolak. Hasi ginen leku batzuetan alboka ikastaroak egiten, udalek eskatuta, eta Bilbo aldean ere eskaini genituen, Infernuko Hauspoa elkartearen eskutik. Baina norbaitek utzitako lokaletan ibili behar genuen; eskolak eman ahal izateko sortu genuen Lur Soinuak.

Esan duzu Leonen orroak iraultza izan zela. Asmo horrekin sortu zenuten?

Bai, argi dago. Ideia bera ja bazen iraultzailea: nola egingo duzu disko bat dena albokarekin? Bagenekien apurtzailea izan beharko zuela.

Nolakoak izan ziren gogoeta eta sortze prozesuak?

Orduan banituen zenbait konposizio, albokarako bereziki, doinu tradizionalen egiturarekin... Eta Kepa ere alboka joa zen, eta bazituen albokarako asmatutako zatiak. Batzuk ja nahiko egituratuta zeuden, baina beste batzuk, ez: hilabete pare bat ibili ginen haren etxean, goizero, gai horiek guztiak uztartzen.

Jauzia egon zen disko horren eta Airea-ren artean?

Bai, zortzi urte pasatu ziren batetik bestera. Airea-ri dagokionez, nik banuen material berria. Bion artean egin beharrean, bera ekoizle artistikoa izan zen. Aurrekoan, eskala estandarra erabili genuen; bigarrenean, desbideratu ginen ohikotik eta betiko eskalatik. Bazeuden alboka luzeagoak, beste tonu batzuekin, eta jotzeko beste proposamen batzuk agertu ziren. Ildo berari jarraitzen dio, baina badago jauzi bat. Leonen orroak oso freskoa da, entzuteko erraza, eta sekulako eragina izan du. Airea-k ez dut uste horrenbeste izan duenik, kantu batzuk kenduta, baina denbora gehiago behar da eragina izan dezan. Apur bat laborategikoagoa da, baina oso ekarpen interesgarriak egiten ditu.

Nazioarteko musika molde batzuk nahasten dituzu, ezta?

Bai, gonbidatuak ere badaude, baita Sardiniako lagunak ere. Hurrengo diskoan, Albokak 2.1-en, beste alboka berriago batzuekin soinu horien imitazioa egitea lortu genuen. Beste kantu batzuek badaukate irlandar kutsua, eta beste tresna bati txanbuna deitu genion: Grezia eta alde horretako soinu tresna bat da, albokaren antzekoa, baina zorroa duena; jotzeko era ezberdina da. Orain ja jende asko dabil proposatzen beste modu batera jotzea: Mixel Ducau, adibidez. Baina garai hartan, ez. Nahiko estandarrak ziren jotzeko modua eta konposizioak egiteko planteamendua. Eta lan guztietan egon dira ekarpenak.

Ildo horretatik, Basque-Irish Connection taldeko kide izan zara. Zer helbururekin sortu zenuten?

Niamh Ni Charrak, hango musikari apartak, berak bazuen aukera egiteko bira bat Irlandan kanpoko musikariekin, eta euskaldunekin egin gura zuen. Gure managerrari deitu zion, eta nitaz galdetu zuen, besteak beste. Prestatu genuen errepertorio bat gehienbat hango eta hemengo kantuak uztartuz.

Nolako ibilbidea izan zuen?

Hilabete batzuk eman genituen bakoitzak bere lekuan lan egiten; gero, elkartu ginen entseguetarako, Irlandan bira egin eta gero errepikatu genuen; hemen ere egin genuen pare bat aldiz; eta, azkenik, hirugarren partaidearen, Gavin Ralstonen estudioan grabatu genuen diskoa [EuskÉirea, Imeartas Records, 2011]. Oso esperientzia ederra izan zen, albokak, albokoteak eta gaita txiki bat ere erabili ziren, eta txistu berriak: re tonuan zegoen bat, lehen aldiz erabilia; luthierrak bazuen ideia eta prototipo bat, baina lehenengoa niretzat egin zuen.

Zer harrera izan zuen taldeak?

Irlandan oso bira polita egin genuen, oso kritika onak jaso genituen. Kritikari batek esan zuen: «Uste nuen gauza estandar bat izango zela, baina folkloreari egindako disekzio bat izan da».

Filosofiari dagokionez, nondik dator interesa?

Txikitatik eztabaida politikoan nahiko murgilduta ibili ginen orduan, eta, Batxilergoa bukatuta, zer ikasi? Ez neukan oso argi filosofia edo filologia. Irakasle batek esan zidan: «Filosofia da lehenengoa beti». Uste dut oso erabaki ona izan zela.

Nola uztartu da zure alde musikalarekin?

Nietzschek esan zuen filosofo on bat dela musikari zapuztu bat. Ni, nola ez naizen musikari zapuztua, igual ez naiz oso filosofo ona, baina ondo moldatzen naiz. Musikak eta filosofiak oso harreman estua daukate.

Non igartzen duzu hori?

Azken finean, musika matematika da; matematikak eta filosofiak harreman oso estuadute. Eta, gainera, niri filosofian batez ere interesatu zaizkit logika eta hizkuntzaren filosofia. Dena dago oso lotuta, bai.

Bilboko aurtengo inauterietako Farolin izan zara. Zelakoa izan da esperientzia?

Esperientzia oso polita izan da. Eta, gainera, nire lagunen babesa izan dut. Momentu guztietan ibili ginen musika jotzen eta alaitasuna sortzen.

Inauteriak musika tradizionalarentzako toki garrantzitsua al dira?

Guk Bilboko aratusteetan urte luzez jo izan dugu, baina gero krisialdiak eta murrizketak heldu ziren, eta aspaldian ez dugu jo; Aste Nagusian, bai. Ondo egongo litzateke hori berreskuratzea. Uste dut 2008tik hona galera handia izan dela herriko eta kaleko musikan eta aratusteetan.

Berreskuratzen ari da, joera hori ikusten duzu?

Ez dakit. Baina, edonola ere, izango da jendeak nahi duelako jotzen duelako, ez inork kontrataturik. Gure kasuan argi zegoen: kontratazioak desagertu egin ziren, udalak ez zuen dirurik, eta horrela izan da hainbeste urtez. Ez dakit berriz egingo den; oraingoz, aurten ez da gertatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.