Albistea entzun

Bernadette Iratzoki Luro. Antzerkilaria eta dantzari ohia

«Batzuek behar dituzte bidaiak egin; ni beti ene tokian izan naiz, sinpleki»

Bizitzarekin balsean aritu da dantzan bizi guzian Iratzoki, bide berriak ezagutzeko «beti prest» baita. Pertsonaiaz tai gabe aldatzeko gaitasuna du: antzerkilari amorratua baita. Goi mailako dantzaria ere izana da. Eta hori guzia, euskaraz.
BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko ekainak 19 - Senpere

Bide berriak ezagutzeko urratsak egiteko beti prest da Bernadette Iratzoki Luro (Azkaine, Lapurdi, 1959), betidanik gainera. Horregatik ibili da dantza ezberdinak dastatzen, Azkaineko dantza taldean lehenik, Oldarra talde famatuan gero, Donibane Lohizunen (Lapurdi) dantza klasikoan eta flamenkoan...

Antzerkian ere badu ibilbide luzea eginik: irakasle gisa betitik landu baitu hori ikasleekin, baina gero, Iduzkilore taldeko obra guzietan aritu da antzerkilari gisa. Berriki agertu da Ziburuko iturri zaharrean, haurrendako emanaldian. Hori bai, ibilbide artistiko zein profesional oso-osoa euskaraz egin du, bere tokitik.

Nolakoak izan ziren zure lehenbiziko urratsak dantzan?

Azkainerat heldu ziren Koldo eta Maite Zabala senar-emazteak euskal dantzako kurtsoak ematera, bertze herri batzuetan egiten zuten bezala. 7-8 urterekin hasi nintzen: anitz maite nuen. 15-16 urte arte Azkaineko taldean egon nintzen.

Dantza klasikoan ere hasi nintzen Donibane Lohizunen; zenbat maite nuen! Baina gurasoek ulertu eta onartu artean... berantegi zen zen serioski hasteko.

Oldarra [Miarritzeko dantza taldea] Pariserat joatekoa zen kongresuen jauregian astebetez dantzan aritzera. Bizpahiru dantzari eskas zituztenez, Azkainetik bi hautatu gintuzten, orduan 16 urte nituen. Sekulakoa izan zen, aurkikuntza handia niretzat.

Zure pauso trebeek eraman zintuztena Pariseraino?

Maite bainuen, segur aski trebe nintzen, bai... egia erran, dantzari bilakatu nahi nuen; hori zen ene ametsa. Oldarran hamazazpi urtez egon nintzen. Interesgarria izan zen, dantza klasikoa ere jorratzen baikenuen; barra lantzen... Sorkuntza batzuk ere bai: Gernika, Nafarroa... ikusgarri ederrak ziren.

Ospetsua zen orduan Oldarra.

Bai. Etorki taldea ere bazen, Filipe Oihanburuk eramaten zuena, eta, bestaldean, baziratekeen beste batzuk, baina ez zen halako loturarik. Hemen Oldarra biziki famatua zen, maila onekoa. Sekulako bidaiak egin genituen: bestalderat joaten ginen maiz.

Zer ekarri zion Oldarrak zure errealitateari?

Nire baratze loreduna zen Oldarra: kristoren bestak egiten genituen, ateraldiak; abertzaletasuna ere hala bizi nuen. Bestaldeko herri guzietatik iragan ginen: Getxon, Bergaran, Donostian, Bilbon... zinez interesgarria izan da.

Dantzari klasikoa izateko amets hori bete zena osoki ala erdizka, Oldarran sartzearekin?

Bete zen erdizka. Dantzari profesionala bilakatzeko gaitasunak behar dira; norberak daki lan anitz egin behar dela, horretara dedikatu behar zara. Ez zen nonbait nire bidea... Segur aski gurasoak ez nituelako aski akuilatu dantza klasikoan ni igortzera... Orduan Oldarrak erdizka bete ninduen, bai. Baina, geroztik, bertze alor batzuk ere hunki ditut: flamenkoan aritu bainaiz. Nire bide ttikia egin dut. Nire tokian izan naiz beti, batzuek behar dituzte sekulako bidaiak egin; nik, berriz, nire tokia atzeman dut sinpleki.

Oldarrak ekarri zizun abertzaletasunaren oldar berria?

Bestaldeko ezagutza egin nuen Oldarrari esker: hemen ikusten ez nituen egoera eta giroak orduan neurtu nituen. Baina lehenagotik abertzaletasuna eta euskara aitarengandik hartuak ditugu. Batere politikarik egiten ez bazuen ere, etxean euskaraz mintzatu behar ginen, eta kito. Momentu batez, 18 urte inguru nituelarik, ohartu nintzen biziki inportantea zela.

Zerk zintuen ohartarazi?

Zaila da erratea. Beharbada Oldarran nintzelako. Eta, aldi berean, Kanboko [Lapurdi] eskola pribatu batean abiatu nintzen ere lanean, euskara irakasle ibiltari gisa. Bizpahiru urtez egon nintzen, maitatu nuen ofizioa, alta, ez nuen euskara irakatsi nahi, baizik eta euskaraz egin nahi nuen. Orduan Seaskan sartu nintzen, 1981ean, Angeluko [Lapurdi] Blancpignongo ikastolan hasi, gero Donibane Lohizunekoan, eta, azkenik, 32 urtez Azkainekoan. Dena batean izan zen.

Seaskan sartu zinen Frantziako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioarekin hitzarmena izenpetu aitzin. Zer garapen ikusi diozu Seaskari?

Diferentzia sumatu dut, bai: ordura arte ikastolen arteko trukaketa anitz egiten genituen: metodo berriak frogatuz eta. Hitzarmen hori izenpetu eta gero, ikasketei lotu behar izan ginen lizentzia lortzeko. Gero, ikastolak handitu ziren... eta trukaketa horiek ttipitu. Bestalde, gurasoen aldetik, Seaska publiko zabalagoarengana joan denez, militante gutiago ere bada. Erakasleei dagokionez, zaila da hemen erakasleen hezurdura egonkor bat atzematea, Hegoaldetik badatoz asko, baina badoaz berriz... Eta ikasle erdaldun askoz gehiago bada orain; batzuetan beldurgarria da, eta horregatik garrantzitsua da Euskaraz Bizi taldeek egiten duten lana, euskara ikastoletatik ateratzeko.

Ibilbide artistiko osoa ere euskara hutsean egin duzu.

Bai. Aita bakarra izan zen sei haurrideetarik euskara atxiki duena seme-alabekin. Ohartu nintzen toki hori gurea zela, euskararena. Hain segur ez nintzatekeen Bernadette bera frantsesez ariko banintz.

Aitaren atxikimendu horrek badua azalpenik?

Beharbada bai: aitaren aitak seme guziei zuka egiten zien, gure aitari salbu: toka. Hurbila zuen, eta elkarrekin aritu ziren lanean.

Ipi-apak ere harrapatu zintuen.

Aitaren gurasoak hala mintzo ziren guk uler ez genezan, eta hola dugu ikasi! «Gose naiz» errateko: goposepe napaiz, «Bernadette nauzu»: Bepernapadepette napauzupu. Jakin nahiko nuke nondik heldu den hori. Guk ijitoen mintzaira deitzen diogu. Jostatzen ginen anitz horrekin.

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan eman berri duzu haurrendako ikusgarria: Ama Lurrak pausa behar du.

Maddi Zubeldiak idatzi dituen testuetatik abiatutako hirugarren ikusgarria izan da hori. Txotxongiloak sartu ditugu arrunt sinpleki. Beti egin izan ditut gauzatxo batzuk: ikastolan ikusgarriak, mimo ikastaroak, laborategi ttipiak ziren. Emeki-emeki, gauza handiagoak ematen hasi ginen; bertzeak bertze, Amaia Hennebute baitzen gure lantaldean.

Nola abiatu zen zure antzezle ibilbidea?

Senperen abiatu zen 1609 elkartea. Mintzaldiak egin zituzten orduko gertakari haiek oroitarazteko. Eta antzerki bat ere eman nahi izan zuten. Hala abitu nintzen Iduzkilore taldean; lehen lanak ere izen bera zuen. Manex Fuchs izan genuen zuzendaria, bikain, plazer hartu genuen denek. Bigarren lana Hazparneko anderea izan zen, gailurrerat eraman gintuen Ander Lipusek. Izugarria izan zen! Zenbat ikusle!

Geroztik ere, bertze bi egin ditugu, Inazio Tolosarekin Telesforo ez da Bogart, eta azkena, Maika Etxekoparrekin Herriko bozak, Piarres Larzabalek idatzia.

Zertan zarete orain?

COVID-19arengatik dena gelditu da, batzuek utzi dute. Baina bagara bortz bat zerbait berria egiteko arrunt piztuak.

Kultura kontsumitzaile handia zarea?

Anitz maite dut dantza ikusgarrietarat joatea eta antzerkiak ikustea. Publiko ona naiz, dena hartzen baitut. Baionako oholtza nazionala, Kursaalerat, Miarritzeko Maitaldirat ere erregularki noa...

Baduzua antzerki eredurik?

Euskal antzerki mundua gustatzen zait, Axut, Artedrama, Le Petit Theatre de Pain —Fuchs anaiak partitu badira ere—... Ikusten duzularik nola bizitzen dituzten pertsonaiak beraien baitan... harrigarria da. Eta... aurten zerbait berezi zulatu dut: Aulestiko ADEL [Arte Drama Euskal Laborategia], urtero ematen dute astebeteko formakuntza. Han izan naiz, ze xantza! Bortz irakasle ziren Lipusen inguruan, loriatu naiz!

Zein da zuri gustatzen zaizun antzerki mota?

Herrikoia maite dut, baina orain ametsa nuke antzerki ezberdina egitea: eroa edota absurdoa. Horren bila gabiltza. Maite dut egunerokotasunetik ateratzea, eta antzerkiak dizu ematen horretarako parada.

Askatasunerako espazioa dea antzerkia zuretzat?

Bai, eta bertze pertsonaia batzuk gurutzatzeko edo bizitzeko parada ematen dizu.

Badirea momentu bereziak hori sentitzeko?

Pixka bat dantzan bezala da hori: zerbait adierazten ari zarelarik, zu zara, baina bertze testuinguru batean; edo ez zara zu: beldurra edo poza zara. Hori dut maite antzerkian ere, nire esperientzia xumetik.

Hazparneko Anderea antzerkian anitz gustatu zitzaidan egin nuen pertsonaia: gizon guziak bere gibeletik zihoazela uste zuen mutxurdinarena. Aski seriosak gara etxean, lanean... laxatzeko manera bat da antzerkia.

Zer behar du zure ustez antzerkilari edo pieza batek ona izateko?

Antzerkilari on batek justua izan behar du; hori da zailena. Ez duzu irri eginarazi behar irri eginarazteko. Ezin duzu emozioren bat pasarazi bortxaz. Testuak ere ona behar du izan.

Zer erran nahi duzu «justua» izan behar horrekin?

Funtzionatu behar duela, publikoak zuregandik behar du zerbait errezibitu. Publikoak sentitzen du jokalari batek gehiegi egin badu. Gogoz ikasi eta botatzeak ez du fitsik erran nahi. Dantzan ere gauza bera duzu: ez du balio puntetan ibiltzea miresgarriki, ez baduzu fitsik pasarazten. Antzerkian eta dantzan, teknika ongi ikasi behar da, bai, baina ez da aski: behar da zerbait gehiago. Transmisioan datza dena.

Lantzen dea zerbait gehiago hori?

Bai, baina ulertu eta pasarazi behar da. Denei irekia da, hori polita da; gero, batzuek lortzen dute bertze batzuek baino gehiago. Euskal Herrian badugu xantza badela publikoa, aspaldidanik. Ez gara estralurtarrak; badakigu onartuak izanen garela nolazpait.

Publikoaren arabera, gauza batzuek funtzionatzen dutea eta bertze batzuek ez?

Preseski, Larzabalek idatzitako obraren umorea berdintsu hartua izan da orokorrean Iparraldean; haatik, sentitu dugu, bai, mugaz bestaldean aldaketa ttipia.

Oroit duzua emanaldiren batean kordokarazi zaituen deusik?

Herriko bozak piezaren emanaldi batean, igeltsua eskas genuen, nehon atzematen ez, eta justuki, bozak kontatu behar! Baina lortu genuen! Alegia beti egin behar duzu! Bertze behin, argiak itzali zitzaizkigun, baina segitu genuen, eta berriz piztu ziren.

Oholtzarat igaiteko momentuan badea egiten duzun ariketa berezirik?

Taldean egin izan dugu beti, energia zerbait partekatzen dugu. On egiten du talde indarra sentitzeak.

Lehenik testua ikasi eta gero pertsonaia barneratu, ala ifrentzuz?

Pertsonaia miatzen dugun bitartean, testua barneratzen dugu. Badut uste batak bertzea elikatzen duen, pixka bat espartzu bat bezala. Mailaka egiten da.

Pertsonaiaren miaketarako zer manatzen du iparrorratzak?

Ez da beti erraza. Badira trukoak. Adibidez, animalia batetik abiatzen ahal da: bere izateko maneratik edo ibilkeratik. Mutxurdin horren rola, demagun, oilarrari pentsatuz jokatu nuen, oilarra bezala egoten baitzen, beti pikoka bezala! Besteak nola begiratuko nituen... Horrek sekulako ateak irekitzen dizkizu. Antzerkia ez baita zinema, ez da egunerokotasun hori; beti estrapolatu behar duzu. Zainetan baldin bazara, nola egin? Ez da eguneroko zer horretan, antzerkian handitu behar dituzu gauzak, baina ez sobera.

Zu bietan ibili zara, film labur batean ere aritu baitzara: Eider Rodriguezen Bihotz handiegia liburuko ipuin batean. Esperientzia enpiriko horretan nola sentitu duzu zure burua?

Maika Etxekoparrek alabarena egiten zuen, eta nik amarena. Beti prest naizenez gauzak esperimentatzeko, baietz erran nuen. Bilboko audiobisual eskolako ikasleen proiektu bat zen. Ama horrek burua galtzen zuen. Ti-tau egin nuen, landu gabe, pena, nehork ez baininduen zuzendu eta ez baitzen biziki ongi atera. Baina esperientzia polita izan zen.

Zertan sumatu duzu ezberdina zela antzerkiarengandik?

Gauza bera oholtza batean, gauzak desberdin aterako ziratekeen: boza gehiago eraman behar baituzu, publikoari zuzendu, begiradak... Bertze lan bat da. Film bat hamar aldiz egin dezakezu; antzerkian, berriz, hor da, oraingoa da: orain bizi duzuna zuk publikoarekin, bikaina da une hori. Hemen eta orain da antzerkia. Norberaren bizian zinez garrantzitsua da orain eta hemen bizitzea. Adinarekin ikasi dut hori.

Dantzak ere ematen duen zerbait dea?

Bai. Zinema niretzat artifizialagoa da; antzerkiak badu bizitasun hori eta gertutasun hori bikaina dena. Horrek ez du kentzen ikaragarri laket dudala zinema.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Baltsa piratak, portutik Kontxarako bidean. ©JON URBE / FOKU

Donostia abordatu dute piratek ia 200 ontzitan

Hodei Iruretagoiena - Mikel P. Ansa

Itzuli da Aste Nagusi Pirataren ikur bihurtu den ekitaldia, bi urteko etenaren ondoren. Ia berrehun ontzi abiatu dira, 17:00ak jo dutenean. Abordatzeak hogeigarren aldia du aurten.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...