Felipe Murelaga. Itsas arotz ohia

«Ontziolan, egur handiak lepoan eramaten genituen: halan ezagutu nuen»

Murelagak gogoan du ontziolako lana «gogorra» zela, baina esan du, hala ere, beti gustatu izan zaiola. 40 urtez aritu zen han: baporeak egiten aurrena; egokitzen gero; eta, erriberako zurgintza makaltzean, motor txikiak konpontzen azkenean.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Lekeitio
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Material sintetikoek egurra ordezkatzearekin batera, euskal portuetako koloreak homogeneizatu ziren, Konrado Mugertza argazkilariaren irudiko. Aldaketa horren inguruko hausnarketa egin zuen Zura eta ura proiektu fotografikoan, eta, gainera, «galera» horren lekukotzak bildu zituen; tartean, itsas arotza izandako Felipe Murelagarena (Lekeitio, Bizkaia, 1947). Erriberako ontziolen sasoi ona ezagutu izan zuen Murelagak, baita gainbehera ere, joan den mende bukaeran: lau ontziola egon ziren herrian, baina jada horien arrastoak besterik ez dago. Desagerpen horretaz mintzatu da Murelaga.

Zure familiak ontziola bat zuen...

Lehenengo ontziola Madalena auzoan egon zen, txikiagoa zen. Lantzean behin, ezin zuten baporea bota, ez zuelako flotatzen. Eta pentsatu zuten Arropaingo ontziola hartzea. Aita ere Felipe deitzen zen. Ontziola berria egin orduko, bera hilda zegoen. Urte bi nituenean hil zitzaidan aita, 44 urterekin. Gure ama bost umerekin geratu zen, eta anaia zaharra soldadu bidali zuten. Ez genuen ondo pasatu garai hartan. Gero bai, anaiak lanean hasi zirenean.

Nork eraman zuen ontziola berria?

Ama zen sozioa, eta lehengo sozioak ere segitzen zuen; bi ziren. Senide arotzak ere bagenituen.

Noiz hasi zinen ontziolan behar egiten?

14 urterekin, 15 egiteko. Amak esan zidan: «Nahi duzu beharra egin edo ikasi?». Eta esan nion ontziolan egin nahi nuela behar.

Orduan, aukerarik izan zenuen ikasteko?

Nahi izan banuen, bai.

Lanean hasi baino lehen, zer lotura zenuen ontziolarekin?

Anaietako bi ontziolan ari ziren beharrean. Haiei janaria eramaten nien, eta txakurrari ere jaten ematen nion; txakur bat ere bageneukan. Anaiekin berbetan egon, eta lantzean behin lagundu egiten nien eskuz egindako behar batzuetan; beti desiratzen egoten nintzen handik eskapatzeko. Baina niri gustatzen zitzaidan ontziola. Gainera, batela ere bageneukan errekan, eta harekin erramutan ibiltzen nintzen, karramarrotan, lupietan; eskolara joaten nintzen, olgetan ibili... Eta behin beharrean hasi nintzenean, ba hantxe: beharra, egurra, ohola... Dena zen egurra han.

Zergatik erabaki zenuen lanean sartzea, eta ez ikastea?

Ez nintzen ikasle ona. Ontziola gustatzen zitzaidan; txikitatik ezagutu nuen, eta beste askatasun bat neukan: zapatuak eta domekak libre hartzen nituen, eta lagunekin hara eta hona ibiltzen nintzen, beste ardurak kenduta. Han ez neukan estudiatu beharrik; anaiek agintzen zidaten beharra egin, eta listo.

Zer-nolakoa zen lana?

Adibidez, baporea hasten zen gilarekin; gero, aurreko branka ipintzen zen, atzeko korasta... Egur handiak ipini eta gero, armazoiak egiten ziren, saihetsak. Armazoia okerra zen, eta egur okerrak behar izaten ziren; bederatzi zati eroaten zituen. Anaiek eredu bat zuten, eta harekin egurra markatzen zuten; guk zatiak lepoan hartu, eta ekartzen genituen. Armazoiak egiten genituenean, eskuilatzen genuen. Armazoia osorik formatuta zegoenean, leku batera kentzen genuen. 40-45 armazoi edukitzen genituen kanpoan, josita.

Eta gero?

Eta gero kontragila, beste egur handi bat, gilaren gainean ipinita. Goia eta behea amarratzen ziren. Gero, zintoia: egur batzuk ziren, barruan ipintzen zirenak, dena zarratu eta gogortzeko. Ontzia kanpoko partetik forratuta joaten zen egurraz. Hori egin, eta habeak ipintzen ziren: baporearen kubierta apur bat obalatua izaten zen urak eskapatzeko, eta halako egurrak hartzen ziren habeetarako. Tarte bat uzten zen jendeak lo egiteko; eta zuloak jartzen ziren makinarako, haztegietarako, hozkailurako, bodegarako...

Horrelako itsasontzi bat egiteko zenbat denbora behar izaten zenuten?

Guk orduan behar genituen hiru hilabete pasatxo. Urtean lau egiten genituen. 25-26 metroko baporeak izaten ziren. Guk haztegiak ipintzen genituen bakarrik, aluminiozkoak izaten ziren orduan; horrek sartu, gogortu eta bota. Gure beharra hor amaitzen zen; handik tailerrera eramaten zen, Bermeora edo Ondarroara [Bizkaia]; motorra ipintzen zieten, eta guri ekartzen ziguten berriro, kubiertako arkuak egiteko.

Zenbat langile zineten?

Hamalau-hamazortzi bat.

Bapore ontziak egiten zenituzten bakarrik?

Bai. Guk burdinarekin ez genuen ezer egiten, normalean. Adibidez, amarralekua burdinazkoa izaten zen, eta hori guk amarratu behar izaten genuen aurrean eta atzean.

Garai hartan, hasi zinenean batez ere, sasoi ona zen ofizioarentzat, ezta?

Ni hasi nintzenean, ondo-ondo zegoen.

Noiz hasi zen jaisten?

Gutxi gorabehera, nik edukiko nituen 50 bat urte. 1990eko hamarkadaren bukaeran gertatuko zen. Bapore berriak egin barik, berriztu egiten genituen. Baporeak txiki geratu ziren; armadoreek gehiago arrantzatu nahi zuten, eta haztegi gehiago behar ziren. Ontziolara altxatzen zen baporea, eta erdibitu egiten genuen: aurreko partea aurrera bota, eta bost metroko tokia uzten zen, eta bost metro horiek egurrarekin batzen ziren, haztegia han ipintzeko. Ia berriak irteten ziren, bost metro gehiagorekin. Urtetan egon ginen holakoak egiten.

Sasoirik onenean, zenbat bapore ontzi zeuden Lekeition eta inguruetan?

Asko, esajeratua zen. Noski, ontziak txikiagoak ziren; oraingoak handiagoak dira. 30 inguru egongo ziren, 14-18 metrokoak. Txikiak zahartu zirenean, 24-25 metrokoak zeuden. Gero, arrainik ere ez zen atrapatzen, ez zegoen denentzat. Lekeition, hamasei bat bapore geratu ziren.

Eta sasoirik onenean, zenbat ontziola zeuden herrian?

Lau.

Lekeitio inguruan ere bazeuden?

Bai. Bizkaian: Ondarroan, Bermeon...; Gipuzkoan: Getarian, Zumaian... Asko zeuden, baina azkenean denak itxi ziren.

Konpetentzia zegoen zeuen artean?

Bai, orduan bai. Bizkaian, Bermeokoa eta geurea geratu ziren. Ondarroakoak itxi egin zuen.

Orokorrean, lan gogorra izan da ontziolakoa?

Bai. Baina pozik egoten nintzen. Orain, makineriarekin, txapa bat ere ez dute hartzen; garabiarekin egiten dute dena. Guk dena eskuz egiten genuen, polearekin, eta dena lepoan eramaten genuen. Egur handiak eramaten genituen lepoan. Ez genuen pentsatzen horrela izan behar ez zenik; halan ezagutu nuenez, halan zen. Gero, garabi handia ipini genuen. Behargin gutxiago zeuden: zaharrak jubilatu egin ziren, eta ez genuen gehiago hartu.

Pisu hori eramateak ondorioak izan ditu zuretzat?

Ez, ez. Hasten bazara txikitatik, ohitu egiten zara gero pisuekin. Kantsatu, noski, kantsatu egiten ginen. Gizonek zortzi ordu egiten zuten, baina ni eta bi anaiak hantxe egoten ginen, hurrengo egunerako egurra prestatzen, armazoiak markatzen...

Anaiok zortzi ordu baino gehiago egiten zenuten lan, beraz.

Anaiok, bai. Gizonak joan eta gero, 19:00etan, aparteko beharra egiten genuen 21:00etara edo 21:30era arte. Egin egin behar zen, eta geurea zen, gainera.

Garabia noiz sartu zenuten?

Kosta zitzaigun ipintzea. Goiko egitura egurrezkoa zen, eta indartu egin behar zen; nahiko berandu ipini genuen. 1990eko urteetan izango zen, baporeak ebakitzen hasi ginen garaian.

Langileek behera egin zuten urteekin. Ez zegoen erreleborik?

Gutxi. Dena zen pisua, eta pisua inork ez zuen nahi. Gazteak etortzen baziren, joan egiten ziren, balio ez ei zutelako. Beharginak, gehienak, baserritarrak ziren: Amorotokoak, Ispasterkoak... [Bizkaia] Baserritarrak ziren gogorrenak. Bizikletan etortzen ziren, 5-6 kilometro eginda, jatekoa otzaran, ontziolan bazkaltzeko... Herriko gutxi egon ziren; lekeitiarra itsasorako zen. Ontzioletan behar asko zegoen garaian, marinelak joaten ziren beharrera, lixatzeko edo orea ipintzeko: joaten ziren eguraldi zatarrarekin geratzen zirenean hilabete bat edo bi itsasora joan gabe. Gurera ez zen etorri inor, baina ontziola batzuek hartzen zituzten.

Nola joan zen gutxitzen langileen kopurua?

Azken-azkenean, hiru anaiok eta beste bi geratu ginen: bost. Behartxoak egiteko eta baporeak konpontzeko: gaur, Getarian aritzen ginen; bihar, Ondarroan... Konpontzen genituen usteldutako egurrak, ura egiten zuten baporeak...

Ontzi batek zenbat irauten zuen konpondu aurretik?

Segun zer-nolako ontziolan egiten zen, segun fabrikatzaileak zenbat diru nahi zuen, egur mota, zenbat egur eta zenbat iltze erabiltzen ziren... Egur eta iltze gutxiago sartuta, bapore hori mugitu egingo zen, eta horrek beti egingo du ura. Batzuk urtero-urtero konpondu behar ziren, derrigor. Baina hurrengo urtean, ostera ere ura egiten zuten. Guretzat ona zen, lana zen eta.

Eta zuek egindako ontzi batek zenbat aguantatzen zuen?

Ba, ez da fanfarroikeriagatik, baina ur gutxi egiten zuten guk egiten genituen baporeek. Adibidez, Atyla belaontzia Lekeition egin zen. Hamabi lagun etorri ziren, lehortarrak denak: egina zuten estruktura, elegante eginda; baina ez zekiten bapore bat zer zen. Zarratutako ontziola batean egin zuten. Armazoia, egurrak nola moztu, ereduak, forrua... guk esan genien nola egin. Eta eurek gaineko gauza eleganteak egin zituzten: abilak ziren. Duela gutxi etorri zen baten loba bat, eta galdetu nion ea barkuak ura egiten duen; «ezta pixka bat ere», esan zidan. 40 bat urte dira egin zenetik. Baporeen egurra usteldu egiten zen; orduan, gainera, pinua erabiltzen zen. Gero, Afrikatik etorri ziren egur gogorragoak, eta, azkenean, horiekin konpontzen genituen baporeak, ia betiko.

Noiz utzi zenuen ofizioa?

55 urterekin, bi aldakak operatu zizkidaten hiru hilabetean, protesiak jartzeko, eta lanerako ezintasun iraunkorra eman zidaten. Baina, bestela, niri asko gustatu izan zait gure lana; gogorra izan da, baina asko gustatu izan zait.

Enpresak jarraitu zuen hortik aurrera?

Ez. Motor txikiak egiten ziren; urtean behin, azpiak garbitzen zitzaizkien presio urez, motorrak konpondu... Beste bi sozio sartu ziren; anaia nagusia jubilatu egin zen; sozioetako bati ere lan ezintasuna eman zioten. Gero etorri zen mutil gazte bat, mekanikoa, sozio zaharrari laguntzeko. Baina gazte hil zen.

Zergatik etorri da egurrezko ontziolen gainbehera?

Burdinagatik; bapore gehienak orain burdinazkoak dira. Eta plastikoagatik. Orain, motor txiki guztiak plastikoz eginda daude. Egurrezko motor txikiak lan handia du; plastikozkoa, moldeetan sartzen duzu, eta irteten da. Egurrezkoa hobea da itsasorako, arrantzarako, balantza gutxiago egiten du... baina mantentze lana du, aparte. Plastikoak ez; merkeagoa da; urtean behin pintura eman, eta listo. Eta egurrezkoa dena pintatu eta lixatu behar da. Guk egiten genituen motor txikiak, baina azkenean garesti irteten ziren. Jendeak esaten zigun: «Plastikozkoarekin berdin itsasoratuko naiz».

Gaur egun ontziolarik badago?

Egurrezkorik ez. Bilbon, zaharrak topatu eta berriztatu egiten dituzte museo batean [Itsasmuseoan]. Baina berririk ez dute egiten. Pasaian, bai, ontzi handi bat egiten ari dira [Albaolan].

Koloreari dagokionez, zer-nola aldatu da Lekeitioko portua?

Lekeition, bapore denek kolore bat izaten zuten, igualak egiten ziren, ez dakit zergatik. Nik portua ezagutu nuenean, baporeak berdeak ziren; baten bat egoten zen gorria; azkenean, baporeak handitu zirenean, azulak izaten ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.