Albistea entzun

Francisca Garcia. Zaramaga auzoko boluntarioa

«Adinekook ere norbaitekin partekatu behar dugu bizitza»

Bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea ez dira gauza bera. Garciarentzat, gizarteak «inposatutako bakardadea» da adineko askok sufritzen dutena. Urteak daramatza jendeari laguntzen, bakarrik senti ez daitezen.

ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Etxenausia -

2022ko azaroak 13 - Gasteiz

87 urte betetzear dago Francisca Garcia Pakita (Daroca de Rioja, Espainia, 1935). Espainian jaio zen, baina 58 urte daramatza Gasteizko Zaramaga auzoan bizitzen, eta ezaguna da auzo osoan. Duela hamabi urte hil zitzaion senarra, eta, dolua pasatu zuen arren, sekula ez da bakarrik sentitu. Hala ere, badaki edadetu askok isilik eta bakardadean sufritzen dutela. Bizitza osoan aritu da auzokideak laguntzen, are gehiago zahartzaroan. Esaterako, 35 urte daramatza edadetuen talde bati laguntzen: haiek bakarrik senti ez daitezen eta «gizartean bizitzen» ikas dezaten.

Zergatik sentitzen dira bakarrik edadetu asko? Pertsona bat bakarrik sentitu al daiteke jendez inguratuta egonda ere?... Juxtu-juxtu, baina atera du tarte bat bere agenda estutik bere gogoeten berri emateko.

Zer nahiago duzu, Francisca edo Pakita deitzea?

Nire izena Francisca da. Paki Janaria izena zeukan elikadura denda bat izan nuen auzoan, eta 30 urtez egon nintzen bertan lanean. Beraz, Pakita deitzen naute gehienek. Deitu Pakita, hurbilagoa da.

Bakardadeaz hitz egiteko elkartu gara. Bakarrik sentitu al zara noizbait?

Nik, zorionez, ez dut oraindik bakardadea sufritu, eta hamabi urte daramatzat alargun. Hala ere, bakardadea sumatu dut besteengan, eta urduritu egin nau horrek. Biztanleria zahartua bizi gara auzo honetan.

Nola definituko zenuke bakardadea?

Niretzat, bakardadea ez da gauza bakarra. Ondo sentitzen bazara, onuragarria da bakarrik egotea, ez baitzaude inoren menpe; askea zara. Niri irakurtzea eta idaztea gustatzen zait, eta askotan egoten naiz bakarrik. Izan ere, badakit maite nauten, baloratzen nauten eta estimatzen nauten pertsonak ditudala nire bizitzan: familia, lagunak, bizilagunak...

Beste bakardade mota bat, ordea, gizarteak inposatzen diguna da. Asko sufritzen dut tratu txarrak ematen dizkieten adinekoak daudela ikustean eta irakurtzean. Pertsona talde batekin bizi zaitezke, eta aldi berean oso bakarrik sentitu. Oso gogorra da bakardade inposatu hori.

Orduan, bakardadea ez da bakarrik egotearen sinonimoa?

Ez, ez. 35 urte daramatzat adinekoen harrera talde batean. «Zergatik sentitzen zarete hain bakarrik?», galdetzen diet askotan. Nik esaten diet haietako askok bizi duten gauza bera bizi izan dudala, baina ez naiz inoiz bakarrik sentitu. Nire senarra hil zenean, auzokideak laguntzeko lanak egiten hasi nintzen: emakume itsu bati laguntzen nion kalera irten zedin, laguntza talde batzuetan nago ordutik, barre terapia tailer batean nago... Etxetik irten behar da, gozatu egin behar da. Horrela disfrutatzen da bizitza.

Zergatik kostatzen zaie batzuei hainbeste?

Beren munduan sartu dira. Burua ordenatuta dagoen bitartean, ez zaude inoren menpe, hori uste dut nik. Seme-alabek ez badituzte jardueretara apuntatzen, ez dira joaten. Errespetatzen dut, baina gizartean bizitzeak meritu handia du.

Zuk badakizu, ordea.

Ni beste belaunaldi batekoa naiz, baina fedea izan da aurrera egiteko nire oinarria. Katekesia eman dut, gaixoei lagundu diet. Aste osoa dendan pasatzen nuen, baina igandero gaixoak ikustera joaten nintzen. San Frantzisko parrokiako lagun batzuk hasi ginen jendeari laguntzen. Egunero joaten naiz mezatara. Horrek ere laguntzen dit asko.

Bakardadea ez dute edadetuek soilik sufritzen, ez?

Ezkongabe bat daukat taldean, eta bakarrik sufritzen ari da, ez baitigu laguntzen uzten. Beti dago bere bakardadean, eta ez du ezer egiten hori aldatzeko. Bere burua maitatu behar duela esaten diot nik. Gazteagoak ere bakarrik sentitzen dira.

Tabu bat al da bakardadeaz hitz egitea?

Ez luke horrela izan behar.Batzuetan, lotsa ematen digu zer sentitzen dugun kontatzeak. Horren aurka borrokatu behar da, eta baliabideak bilatu behar dira adinekook bizitzaz goza dezagun.

Zer sentitu zenuen alargun gelditu zinenean?

Batzuek laguntza behar dute. Horretarako, oso garrantzitsua da laguntzeko prest dagoen jendea egotea. Nik lagundu egin nahi nuen. Senarra hil zenean, auzokideak laguntzeko boluntario gisa eskaini nuen neure burua. Goizak familiarekin egoteko gordetzen nituen, baina etxetik kanpo pasatzen nituen arratsalde guztiak. Barre terapian apuntatu nintzen lehenengo, negar egiteaz nekatu bainintzen. Barre egin nahi nuen. Gizartean bizitzen hasi nintzen orduan.

Auzoko jendeak dio jende askori laguntzen diozula oraindik.

Ez pentsa, ez diet askorik laguntzen. Uste dut pertsonok ahal dugun guztia egiten saiatu behar dugula laguntzarik eskatu gabe, baina eskatu egin behar da beharrezkoa den guztietan. Adinekooi kosta egiten zaigu laguntza eskatzea. «Seme-alabek lan asko dute», «ez ditut molestatu nahi» eta halako aitzakiak jartzen dizkiogu geure buruari. Behar denetan laguntza eskatzea da ondo sentitzeko oinarria. Ez dugu ahaztu behar hori.

Erakundeei presio egin behar izan diezu?

Bai, noski. Duela gutxi arte, emakume edadetuen harrera talde bateko presidente izan nintzen. Pandemia hasi zenean utzi nuen. Presidente nintzenean, begirale bat behar genuela esan nion alkateari. Asteartean eskatu nion, eta ostegun horretan bertan etorri zen begiralea.

Orokorrean, nola ikusten duzu Gasteizko adineko jendea?

Adineko jendearekin hitz egiten dudanean, beren gaixotasunak eta penak kontatzen dizkidate lehen-lehenik. Normala da: norbaiti kontatu behar dizkiete horrelako gauzak. Ez ditut gaizki ikusten: aukera asko dituzte. Gasteizen adinekoen zentro asko daude: kartetan jokatzeko edo beste hainbat gauza egiteko. Niri ez zaizkit asko gustatzen, baina laguntzen dute. Egunean zehar gauzak egiten badituzte, zoriontsuagoak izango dira etxera heltzen direnean.

Nola tratatzen zaituzte gizarteak?

Ez zait gustatzen gurekin ez kontatzea teknologia modernoak erabiltzen ez dakigulako. Horregatik, zoritxarrez, ez dugu gauza askoren berri izaten. Nik ez dut ikasi nahi teknologia berri horiek erabiltzen; beste gauza batzuekin gozatzen dut. Teknologiaren aurrerapenen alde nago: gauza on asko ekarri dituzte. Adibidez, etxetik oso erraz jar zaitezke harremanetan familiarekin. Halere, aurrerapen hori ezin daiteke baztertzailea izan.

Familia aipatu duzu. Askotan elkartzen zara haiekin?

Asko gozatzen dut familia etxera bazkaltzera etortzen denean. Haiekin hitz egiten dut, eta haiekin gozatzen dut. Beharrezkoa da.

Gogorra izango zen pandemia auzoko adinekoontzat, ez?

Nire senarrak bederatzi urte egin zituen alzheimerrarekin, eta nire lagun mina den bizilagun batek asko lagundu zidan bera zaintzen. Bizi osoan asko lagundu diogu elkarri. Orain dena aldatu da; etxea giltzaz itxi, eta ez du jende askorekin hitz egiten. Koronabirusak jende askori eragin dio, adinekoei batez ere. Nabaritzen dut nire inguruko asko beldur direla oraindik. Oso garai gogorra izan zen pandemia.

Zaramaga beti izan da borroka sozial asko izan diren auzo bat.

Lehen, asko borrokatzen ginen auzo elkartean. Haur asko zeuden auzoan, eta oroitzen naiz asko borrokatu behar izan genuela eskola bat eraikitzeko. Auzo ederra, familiarra eta oso solidarioa zen. Hemen gertatu zen martxoaren 3ko sarraskia ere. Kaotikoa izan zen guztia, eta oso gaizki pasatu genuen. Egunero zeuden manifestazioak, eta gerta zitekeen okerrena gertatu zen azkenean. Asko borrokatu gara auzo honetan.

Orain zer lortu nahi duzue martxoaren 3a gertutik bizi izan zenutenok?

Auzoan eguneko zentro bat eraikitzeko eskatzen dugu adinekook. Hiriko auzo guztietan egon beharko luke batek. Adinekook ere norbaitekin partekatu behar dugu bizitza.

Hainbeste gerra, hainbeste miseria, hainbeste gose... Nola dago mundua, Pakita?

Asko baloratzen dut bizitza, beti baloratu dut, baina ikusten ari naizena ikusita, askotan pentsatu ohi dut ez litzaidakeela gustatuko mundu honetan bizitzea. Oso gogorra da gertatzen ari den guztia ikustea. Hain da zaila agintzen dutenak ados jartzea... Herritarrei lagundu beharrean, gobernuak asko sufriarazten dio gizarte honi. Adinekooi ere bai.

Espero duzu gauzak noizbait hobetzea?

[Barre ironikoa] Jai-jai. Espero dut baietz. Ez dugu hainbesteko egoa izan behar: solidarioagoak izan behar dugu. Gaur egun, ez gara oso solidarioak hemen luzaroan bizi izan garenon artean, eta are gutxiago kanpotik bizimodu berri baten bila datozenekin. Ez dut orokortu nahi, gauza batzuetan hobera egin dugu-eta, baina asko aldatu behar du gizarteak. Asko penatzen nau elkartasun falta horrek.

Batasunak egiten du indarra?

Duda barik. Nik asko sufritzen dut familia bananduak ikusten ditudanean: bikote bananduak, aitona-amona abandonatuak...

Nola indartu daiteke batasuna?

Duela hilabete, Ameriketako Estatu Batuetako neska bati alokatu nion nire etxeko gela bat. Oso zoriontsu egiten nau, eta nik ere zoriontsu egiten dut bera. Elkarri laguntzen diogu, eta dena partekatzen dugu. Kontua ez da lehen bakarrik sentitzen nintzela eta orain ez. Lehen ere ondo nengoen, baina zoriontsu egiten nau neska horri laguntzeak, eta berak ere eskertu egiten du nirekin bizitzea. Elkar errespetatzen dugu. Asko baloratzen dut errespetua bizitzako alderdi guztietan. Horrek ez du esan nahi inoiz haserretuko ez garenik. Halere, batuta gaude, eta batasun hori sortu egin dugu.

Bukatzeko. Nola egin diezaioke gizakiak aurre bakardadeari eta zoriontsu izan?

Zoriona ez da existitzen: norberak sortu behar duen zerbait da. Zoriontsu izan zaitezke. Ni oso zoriontsua naiz gauza gutxirekin. Pentsio txiki bat kobratzen dut, baina etxe bat daukat, eta asko iruditzen zait hori. Horregatik, nik bezala, mundu guztiak lo egiteko leku bat izatea nahiko nuke. Mundua eta bizitza besteekin partekatzen ikasi behar da; uste dut gizarte irekia izan behar dugula.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Musika ekoizleok artistak ere bagara»

Unai Etxenausia

Musika urbanoa ekoizten hasi zen Denso duela bost urte. Euskal Herrian indarra hartzen ari den generoa dela nabaritzen du. Horregatik, estudio profesional bat irekitzeko apustua egingo du.
Ezkerretik eskuinera, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendaria, Eñaut Agirre eta Zineb el-Ghaouti gurasoak, eta Karmele Perez Huheziko irakaslea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eskola denentzat izan dadin

Ane Insausti Barandiaran

Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, baina, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, proiektu bat abiarazi dute Zaldibiako eskolan. Guraso euskaldunak eta migratzaileak elkarrekin ari dira baliabideak sortzen. Orain arte egindako bidea aztertu dute, jardunaldi batzuetan.
 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

«Ipuinetako lizentziak hartu dituzte bertsolariek»

Urtzi Urkizu

Bertsolari Txapelketa Nagusiko ETBko emanaldietan analisiak egiten aritu da Martin, Ilaski Serrano esatariaren alboan. Hala arituko da hilaren 18ko finalean ere, Iruñean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...