Maite Ruiz de Austri. Zine zuzendari eta gidoilaria

«Animaziozko kalitatezko film bat unibertsala izan behar da»

30 urte baino gehiago daramatza Ruiz de Austrik animaziozko zinemaren industrian, eta zinemagileen artean erreferentzia bilakatu du horrek. Emakumezko zuzendarien artean aitzindaria izan zen maskulinizatua dagoen sektorean.

BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Maite Ruiz de Austri (Gasteiz, 1959) animaziozko zine zuzendari eta gidoilariak bi Goya sari eta beste hainbat izendapen lortu ditu bere ibilbide oparoan. Erronka berri bat bezala hartu izan du zuzendu duen film bakoitza, guztiek «oso aurrekontu txikia» izan baitute. Oztopo guztien gainetik, ordea, beti saiatu da «istorio onak» sortzen, hori baita harentzat garrantzitsuena.

Ipar haizearen itzulera. Suposatzen dut film horrek oroitzapen ezin hobeak ekarriko dizkizula; hari esker irabazi baitzenuen zure lehen Goya, 1995ean.

Oroitzapen zoragarriak dakarzkit; film hori gauza onekin lotzen dut bakarrik. Horri esker, Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian sartu ahal izan nintzen. Bitxia izan zen guztia. Akademian sartzea eskatu bainuen filma atera berritan, teorian film luze bat zuzendu nuenez, sartzeko baldintzak betetzen nituelako. Ezezkoa zekarren gutun bat jaso nuen orduan, animaziozko pelikula bat zelako. Akademia zalantzan jartzen ari zen marrazki bizidunetako filmak zinema ote ziren. Zorionez, Goya irabaztean, akademian sartzen zara automatikoki. Ziurrenik, sariririk gabe ere aurrerago sartuko nintzen, baina hori izan zen hain azkar sartzearen arrazoia.

Animaziozko pelikulak zuzentzen zituen lehen pertsona izan zinen akademian sartzen?

Cruz Delgado Palomo zuzendari ospetsua izan zen lehena, baina bera zen nire aurretik zegoen bakarra.

Gero, 1999an, zure bigarren Goya jaso zenuen. Zer dira aintzatespen horiek zuretzat?

Bultzada txiki bat da, baina ez gehiago. Proiektu berri bakoitza hutsetik hasten da ondoren, ez du hainbesterako balio. Baina eskertzen da saria, noski.

25 urte baino gehiagoz animaziozko film luzeak idatzi eta zuzendu dituen emakume bakarra izan zara.

Aitzindaria naiz, eta askotan oso zaila izan da aurrera egitea, animazioaren mundua oso maskulinoa baita. Oro har, zuzentzea ez da emakumeen kontua izan urte askotan.

Animaziozko filmen zuzendaria. Ez da ogibide ohikoena.

Haurtzaroarekin zerikusia du. Nire lehen urteak Varsovian bizi izan nituen, aitak erbesteratu behar izan zuelako. Gogoratzen dut Poloniako telebistan izugarri gustatzen zitzaidan marrazki bizidunetako telesail bat ikusten nuela. Ez dakit nolabait hori izan ote zen guztiaren hasiera, gero asko idazten eta irakurtzen jarraitu bainuen. Horrek ere eragin zidan.

Telesail bat izan zen zure lehenbiziko lana, ezta?

Ipar haizearen erronka telesailarekin hasi nintzen. Eta justu, nire azken lana Netflixentzat zuzendu dudan telesail bat izan da: Las memorias de Idhun. Ikaragarria da gauzak nola aldatzen diren, eta plataforma batek emakumezko zuzendari baten alde egitea.

Uste duzu marrazkiak haurrentzako bakarrik direla ala mito faltsu bat da?

Normalean ikusten dena baino gehiago kontatzen saiatzen naiz, ez bakarrik istorio bat. Gauza interesgarriak sortzea dut xede, haur batek ulertu eta hausnartzeko modukoak. Film guztiek, ordea, bigarren irakurketa bat dute: haur batek ikusten ez dituen gauzak.

Zer behar da kalitatezko zerbait sortzeko?

Askotariko erreferentziak ditut nik. Baina bada sortu ditudan lan guztiak definitzen dituen gauza bat: aurrekontu oso apalekin lan egin behar izan dudala beti. Marrazki bizidun errealistak sortzeko diru asko behar duzu. Horregatik, originala izan naiz, eta nire metodoak bilatu ditut.

Onenetakoa zarela aitortuta ere, beti diru gutxirekin lanean?

Beti izan da horrela. Horregatik, ahalegin txikiarekin mugi daitezkeen pertsonaiak sortzen ditut. Diseinua sinpleagoa bada, gehiago mugitu ahalko da pertsonaia. Batzuetan, diru gutxirekin, diseinu errealistak sakrifikatu behar izan ditut kalitatea lortzeko. Istorio bakoitzerako egokiena bilatzen dut beti.

Sentitzen al duzu askorentzat animaziozko filmak ez daudela beste guztien maila berean?

Gauzak asko aldatu dira, onerako. Askoz gehiago estimatzen da egun. Film laburrak, adibidez, arrakasta izugarria izaten ari dira. Gainera, askoz emakume gehiago daude industrian, batez ere film laburrak sortzen. Espero dut film luzeetara jauzi egingo dutela askok. Egia esan, potentziala dago industrian, eta oso gauza interesgarriak sortzen ari dira emakume asko.

Unibertsala al da marrazki bizidunen lengoaia?

Dudarik gabe. Ziur nago horrela izan behar duela, eta, hala ez bada, seinale txarra. Ume errusiar batek edo hemengo ume batek, berdin gozatu behar dituzte marrazki bizidunak. Animaziozko kalitatezko film bat unibertsala izan behar da. Ulerkeran kulturak baldintzatuko ditu gauza batzuk, baina istorioak unibertsalak izan behar dira. Istorio onak guztiontzat izan behar dira.

30 urte baino gehiago daramatzazu filmak sortzen. Mundu osoan zehar ikusten dira zure lanak. Zaila izan da orain arteko bidea?

[Asperen egin du] Oso. Herrialde honetan zinemak ez du ia laguntzarik, eta oso zaila da proiektuekin hastea; ia mirari bat esango nuke. Gainera, pelikula bat bukatzean, oso gogorra da merkaturatzea eta jendeak ikustea. Gure kasuan, eskolekin egin izan dugu lan, filmak herrialdeko umeengana iristeko. Sariei eta errekonozimenduei esker, beste film xume bat egiteko diru apur bat irabazten da.

Plataforma digitalen agerpenak lagundu al dizu?

Niretzat gozamena izan da autore gisa haiekin lan egitea. Nahi dudana egiteko askatasuna eman didate, eta haiekin lan egiteko esperientzia izugarria izan da. Bizitza salbatu diote zinemari, eta industriak gora egin du. Egia da plataformak ez daudela garairik onenean, zinemaren industrian azkar aldatzen baita dena. Baina istorio onak sortzea izan da beti bizirik irauteko garrantzitsuena.

Lehia handia dago industrian?

Atera dudan guztia ateratzeko borrokatu egin behar izan dut. Konpetentzia baino gehiago, nire lanari baliorik ez ematea izan da gauzarik gogorrena: babes falta izugarria sumatu dut. Askotan sentitu dut: gizon askok baino sari nazional eta internazional gehiago ditut, nire filmek askoz ikusle gehiago izan dituzte, baina hala ere... Betiko kontu bera da, aldatzen doana, zorionez.

Teknologiak aurrera egin du lanean hasi zinenetik, animaziozko zinema ere modernizatu egingo zen. Mesede egin diote aurrerapenek?

Marrazki bizidunetako filmek ez dute irudi errealeko zinemarekin inongo zerikusirik. Dena asko aurreratu da gurean. Beti esaten dut teknologiak eta aldaketek sorkuntza demokratizatzen dutela, eta posible egiten dutela ekoiztetxe txikiek gauza handiak egin ahal izatea. Hau da, diruak hainbeste baliorik ez izatea ekarri du.

APIKA Arabako Ekoizleen Elkarteko sortzaileetako bat izan zinen, eta egun presidentea ere bazara. Sasoiko al dago Arabako zinema?

Aurten Eusko Jaurlaritzak hiru milioi berrehun mila euro jarri ditu Euskadiko zinema industriarentzat. Inoiz baino diru gehiago da. Beti bezala, Araba atzean gelditu da. Badakizu zenbat jarri duten?

Zenbat?

18.000 euro, guztizkoaren %0,5. Akaso ez dago talenturik hemen? Ikusten ari garen guztia ikusita, ezin duzu pentsatu talenturik ez dagoela. Inork ez du hori sinesten. Laguntzarik gabeko urtea, galtzen duzun urtea da; gauza asko ekoizteko aukerarik izango ez duzun urtea. Talentuaz gain, lanpostuak dira. Hobeto zaindu behar dugu Araban sortzen ari den talentua.

Animaziozkoa ez den film labur batean ekoizle gisa ari zara orain.

Bea da Silvak zuzendutako Tula filmeko ekoizlea naiz. Oscar sarietako nominazioetara iritsi da film laburren kategorian. Inolako laguntza publikorik gabe, gainera.

Ba al dute ezaugarri komunen bat orain arte zuzendu dituzun zure film guztiek?

Sentitzen ditudalako egiten ditut gauzak. Bada, ordea, asko inporta zaidan zerbait: soinua eta musika. Arrakasta eta garrantzi handia izaten dute nire sorkuntza guztietan.

Sortzeko eta zuzentzeko gogoa amaitu zaizu edo gogoarekin segitzen duzu oraindik?

Zuzentzeko prest nago, eta behar duenari laguntzeko. Tula filmari esker, pertsonekin ekoizten den zinema ari naiz deskubritzen. Ikaragarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.