Merkataritza. Denda txikiak

Oihal beltzak baino gehiago

Merkatari elkarte askok estali dituzte herrietako erakusleihoak oihal beltzekin dendarik gabeko herriak irudikatzeko. Sareko erosketek eurei eragiten diete batez ere, eta kontzientziatzen dabiltza horregatik.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Asteguna da Elorrion (Bizkaia). Kalean jendea dabil, eta dendak ere zabalik daude. Egunerokoan barneratuta dabiltza herritarrak kalean gora eta behera, baina badago ohikotasunetik ateratzen den elementu bat: oihal beltzez estalita daude dendetako erakusleihoak, baita azken urteetan itxi diren dendetakoak ere. Kartelak ere badituzte denek: «Eta bihar berandu balitz?», «Mundua ezin dugu aldatu, baina bai gure ingurua», «Gogoratu, etorkizuna zure esku!». Elorrion aurrera eta atzera dabiltzan herritarrentzako mezuak dira denak, erosketak egiteko molde berriek herriko dendei zuzenean eragiten dietelako, eta herriei bizitasuna ematen dietenak ere eurak direla aldarrikatu nahi dutelako horrela. Herrian erosteari utziz gero egoera zein izango zen irudikatu zuten azaroaren 12tik 18ra Elorrion. Biharamunean, oihalak kendu, eta kaleak animatu zituzten, eta merkataritzak herrian betetzen duen funtzioa agerian utzi.

«Jendea harrituta ibili da kalean, eta jabetu da azken urteetan zenbat denda itxi diren herrian; hausnarketa egiteko ariketa hor geratu da, eta nik uste dut hori lortu dugula». Izaskun Agirre Elorrioko merkatari elkarteko kidea da, eta linjeria denda bat dauka erdigunean. Onartu du astebetez erakusleihoak oihal beltzekin estalita edukitzea «gogorra» izan zela, baina, era berean, esan du denda txikien arazoari ikusgarritasuna eman ahal izan zaiola. Antzeko kanpainak egin dituzte aurten Euskal Herriko beste herri eta eskualde batzuetan ere: ekainean, Urretxun, Zumarragan eta Legazpin; irailean, Usurbilen, Andoainen eta Astigarragan (Gipuzkoa), eta, azaroko lehen astean, Amurrion (Araba).

Internet bidezko erosketen joera aldaketaren aurrean, merkatariak ez daude geldi, eta zenbakiek hala ez egoteko arrazoiak ematen dizkiete, gainera. Euskal Herri osoan, esaterako, hamar langile baino gutxiagoko denden kopurua %10 jaitsi zen 2010. eta 2014. urteen artean, eta, 2017an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txikizkako denden zenbatekoak %2 egin zuen behera. Horregatik, herrietako denda txikiak bereak eta bi egiten ari dira bezeroen arreta bereganatu eta erosleak erakartzeko. Hirietako denda txikiak gorriak ikusten ari direla eta herrietako egoera are zailagoa dela dio Agirrek. «Duela urte batzuk herrian zegoen girorik ez dago egun, jende gutxiago dabil kalean».

Elias Armendarizek ere beherakada hori sumatu du, Tafallan (Nafarroa). Ascota merkatarien elkarteko kidea da, eta etorkizunari zalantzaz beteta begiratzen dio. «Iraganean, hiriburua eta merkataritza gune handiak ziren gure etsaiak, baina, orain, sareko plataformak dira». Izan ere, atari horiek deskontu ugari izaten dituzte urte guztian, eta azaldu du horiek dendariei kalte baino ez dietela egiten. «Ordaindu beharreko gastu asko dauzkagu, atari horiek ez dituztenak». Ildo horretan, azaroaren 23an black friday deskontu egunean, Ascotak ez zuen bat egin deialdiarekin. «Dendei erabakitzeko aukera eskaini genien». Era horretan, Espainiako hainbat merkatari elkartek bultzatutako #Pidouncambio izeneko manifestua babestu zuten, eta sareko plataformek sustatzen dituzten etengabeko beherapenak kritikatzeko baliatu zuten eguna. «Herritarrak kontzientziatu beharra daukagu kontsumo eredu horrek inguruko dendei zer-nolako kaltea eragiten dien erakusteko».

Kontzientzia beharra

Lehia handia da, eta, horregatik, dendariek hainbat eskaintza jarri dituzte mahai gainean. Merkatari elkarte ugarik, esaterako, fidelitate bonuak egin dituzte herrietako dendetan kontsumituz gero beste erosketa bat egin ahal izateko; denda txikietako produktuak Internetez saldu ahal izateko zenbait plataforma ere sortu dituzte. Urrian bertan, esaterako, dendago.com webgunea aurkeztu zuten, Euskal Herriko merkatarien sareko denda, eta, iaz ,Cecobi Bizkaiko merkatarien federazioak bizkaiadigitalmarket.com ataria abiatu zuen, helburu berarekin. «Online salduta, dendari txikiek fisikoki dituzten salmentei laguntza bat eskaintzen zaie, eta hori da helburua; inondik inora ez dugu pentsatzen Amazon, Alibaba eta halako erraldoiei aurre egin ahalko diegunik». Xabier Aldalur Dendartean merkatarien bilkurako teknikaria da, eta Dendago egitasmoa bultzatzen dabiltza bertatik.

Osagarri horiekin dendariek salmenta gehiago egin ditzakete, eta, hori garrantzitsua baldin bada ere, erosleen kontzientziazioan jarri du arreta Aldalurrek. Herri askotan kanpainak egin izan dira, baina baita erakundeetatik ere. Azken asteetan, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak kanpaina bana abiatu dute. «Denak dira beharrezkoak», Aldalurren hitzetan. Baina uste du kontzientziazioan aurrera urrats bat egin behar dela: «Elikagai sektorean lortu dena behar dugu; hau da, tokiko produktuari balioa ematea lortu dute; nahiz eta garestiagoaeta aurkitzeko zailagoa izan, tokiko baserritar baten letxuga erosteak balio handiagoa dauka». Armendarizek ere bat egin du ideia horrekin, baina bestelako alderaketa batekin: «Gaur egun dena birziklatzen dugu, eta pentsatu gabe; hori kontzientziazio baten ondorio da. Bada, hori lortu behar dugu».

Hori lortuz gero, denda txikiei etorkizuna ikusten die Aldalurrek. «Badakigu bidean dendak itxiko direla, baina egoera berrira egokitzen asmatzen dutenek iraungo dute bizirik». Egokitzapen hori egiten asmatuz gero, hemendik urte batzuetara oihal beltzen ariketa anekdota bat bezala gogoratuko dute Elorrion. Horrela ez bada, errealitate bihur daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.