U30 greba orokorra. Bilboko manifestazioa

Isiltasuna hautsi duen jendetza

Milaka lagun bildu dira Bilbon, pentsio, lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko manifestazioan. Garbiñe Aranburuk dio «udaberrian borroken loraldi bat» izango dela euren eskaerei erantzun ezean

Bilboko manifestazioko burua, kaleetan barrena. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
«Isiltasuna haustea» zen helburua, eta ozen hautsi zuten. Pentsiodunek, sindikatuek, feministek, baserritarrek... txiki utzi zituzten Bilbo erdialdeko kaleak. Aspaldian hirian ikusitako manifestazio pluralena izan zen, eta deitzaileek argi utzi zuten atzoko greba orokor eguna ez dela ezeren akabera, bidean aurrera egiteko «bultzada bat» baizik. Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak grafikoki deskribatu zuen uste hori bere mintzaldian: «Uste badute hau pasatuko den ekaitz bat dela, oso oker dabiltza. Bi hilabete dituzte gure eskaerei erantzuteko; bestela, udaberrian borroken loraldi berri bat ekarriko dugu Euskal Herrira».

Mundua bildu zen Bilboko kaleetan Pentsio publiko duinak. Lan eta bizitza duina denontzat! zioen pankartaren atzean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kide diren kolektiboetako ordezkariek eraman zuten. Mobilizazio handia espero zen, eta aurreikuspenak bete ziren. Antolatzaileen arabera, 50.000 lagun bildu ziren; Bilboko Udalaren ustez, berriz, 15.000. Parte hartzaile kopuruaren dantzaz harago, iraupena eta luzera neurtu daitezkeen ezaugarriak dira. Burua udaletxe aurreko plazara iritsi zenean, manifestazioaren beste muturra Moyua Plazan pilatuta zegoen oraindik. Ibilbide osoa zen hori, kilometro bat eta hirurehun metro inguru. Iraupenari dagokionez, Plaza Biribilean, ibilbidearen erdian, burua pasatu eta ordubetera oraindik manifestariek aurreraka jarraitzen zuten.

Pentsiodunak ziren mobilizazioaren bizkarrezurra, eta haiek 11:45ean ekin zioten bideari Jesusen Bihotza plazatik. Asmoa zen Moyua plazara iristean Bilboko hainbat txokotatik irtendako beste lau adarrak haiekin batzea. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren deialdia zen, eta lurraldeko herri guztietako pentsiodunak bildu ziren. Uste baino motelago abiatu ziren, baina, eta Moyuara iristerako manifestari asko zituzten aurrean. Pankartaren atzean haiek jartzea zen asmoa, baina hainbesteko jendetzarekin ezinezkoa zen.

Ezin izan ziren aurrera igaro, baina haiek pasatzean ezinezkoa zen ez konturatzea. «Pentsiodunak aurrera», «Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak defendatu egiten dira», leloak izan ziren ozenen entzun zirenak. Amaieran, Celes Muñoz eta Bego Landa bozeramaileek mezu zuzena bidali zieten Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiakoari. «Premiazko neurriak eskatzen dizkizuegu pentsioen sistema publikoa bermatzeko, soldata eta pentsioetan genero arrakala errotik kentzeko, eta pertsona guztientzat bizi baldintza duinak bermatuko dituzten legezko erabakiak hartzeko». Era berean, nabarmendu zuten mobilizazioaren ondoren pentsiodunen mugimendua «inoiz baino indartsuago» dagoela. Greban parte hartu ez dutenak gonbidatu zituzten aurrerantzean ere elkarrekin borroka egitera.

Pentsiodunak txalo artean iritsi ziren Bilboko udaletxeko plazara. Ordura arte lan munduko aldarriak ziren nagusi: «Gaur greba orokorra», «jo eta ke irabazi arte», «eskirol, defendatu zure pentsioa!», eta «hauek dira patroiaren piketeak!», ertzainei eginak. Goizeko piketeekin ez bezala —tentsio handia izan zen batzuetan—, Kale Nagusiko denda askok ez zuten itxi manifestazioa igaro zenean. Ertzaintzak hamabi bat furgoi barreiatu zituen ibilbidearen barrena, eta istiluen aurkako agenteak denden aurrean kokatu ziren.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak hartu zuen hitza pentsiodunen ordezkarien ondoren. «Udaberri gorria» hitzeman zuen, eta gobernuek euren eskakizuna bete ezean mobilizazio gehiago egon direla. Hala ere, ez dirudi beste greba orokor deialdirik egongo denik. Mintzaldiaren hasieran gogoan hartu zituen «patronalaren indarkeriak hildakoak»; grebarako eskubidea ukatuta zaienak, «etxeko langileak, ustezko autonomoak, bekadunak...»; eta euskal presoak. Iñigo Urkullu lehendakaria ere izan zuen hizpide; «gezurretan» aritzea leporatu zion, eta patronalari alfonbra gorria jartzea. Era berean, jakinarazi zion Jaurlaritzak LABekin negoziatzen hasi nahi badu grebaren aldarrikapenak bete behar dituela. Halere, hitz gogorrenak Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentearentzat izan zituen. «Soldata arrakala argudiatzeko erabilitako hitzak irain bat dira emakume guztientzat», esan zion, hark emakumeen formakuntza txikiagoari egotzi baitzion. «Emakumeok ez dugu formakuntza arazorik: arazoa egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkala da. Zapaltzen, esplotatzen eta hiltzen gaituen sistema».

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hartu zion lekukoa tranpaldoan. Udaletxeko zubia eta Areatza mukuru beteak zituen begi bistan. «Isiltasuna hautsi nahi genuen, eta lortu dugu. Isiltasunak gure arazoak estali baititu, jende arruntaren arazoak», eta isiltasun hori hausteko mobilizazioen garrantzia azaldu zuen: «Zergatik hitz egiten da berdintasunaz? Mugimendu feminista kalean dagoelako, eta bi greba handi egin dituelako. Zergatik hitz egiten da pentsio publikoez? Pentsiodunek urteak daramatzatelako plazetan. Zergatik hitz egiten da prekaritateaz eta murrizketez? Langileak greban daudelako».

Greba politikoa dela aldarrikatu zuen. «Politikoa da, noski! Bestela zein eremutan sartzen dira pentsioak, lan baldintzak eta eskubide sozialak? Kirolean? Aisian? Kulturan? Greba politikoa da, soziala delako, feminista, sindikala, arrazakeriaren aurkakoa... eta batez ere, beharrezkoa». Lau mezu bidaliz bukatu zuen. Lehendakariari langileekin hitz egiteko eskatu zion, eta herrialdeari «patronalaren betaurrekoekin ez begiratzeko»; Espainiako Gobernuari, lan eta pentsio erreformak bertan behera uzteko; patronalari, berriz, sindikatuek ez dutela prekaritate gehiago onartuko; eta, azkenik, «herri honetako ezkerrari» jendea ez nahasteko eskatu zion, eta Gasteiz eta Madrilgo gobernuen makulu ez izateko.

Feministak aurrean

Mugimendu feministak presentzia handia izan zuen manifestazioan. Afixa ikusgarriak egin zituzten, eta lelo asko zabaldu: «Patriarkatua eta kapitala aliantza kriminala» eta «sukaldean ere badago esplotazioa». Naia Torrealdai mintzatu zen guztien izenean, «bizitza erdigunean jartzea» eta «bizigarria den bizitza bat» eskatuz. Aldarri zehatza egin zuen: «Badakigu kapitalismoa ezin dela berregin emakumeak azpiratu gabe. Horregatik, greba feministetan bezala, berriz ere planto egingo dugu, emakumezko langileen esplotazioa, heteronorma eta genero rolak atzean uzteko gai den gizarte bat nahi dugulako».

Oihu antikapitalistak ere izan ziren, eta amaierako bosgarren mintzaldian Amets Ladislao Etxalde nekazari elkarteko ordezkariak txalo zaparrada piztu zuen, «elikadura sistema kapitalista eta basatia» salatuz. Hitzaldi distiratsua egin zuen. Lehendakariari leporatu zion baserritarrei laguntzeko dituen eskuduntzak ez erabiltzea, besteak beste eskoletako jangeletan bertako produktuak ez direlako lehenesten. Bildutakoei ere mezua bidali zien: «Sistema ez da inoiz baserritarron alde jarriko. Pertsonok egin behar duzue. Ez ahaztu, egunean egiten dugun lehen ekintza politikoa gosaltzea da». Manifestazioa Zutik emakumeak, Internazionala eta Eusko Gudariak abestuta amaitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.