Urtean 2,7 tona hondakin biztanleko: goitik ari dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

Europako Batasuneko batezbestekoaren bikoitza baino gehiago da. Eusko Jaurlaritzak 2017ko Euskadiko Ingurumen Profila aurkeztu du

Artigasko tratamendu mekaniko biologikorako planta, Bilbon. L. J. / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Europako Batasuna osatzen duten 28 estatuek 1.798 milioi tona hondakin sortzen dituzte urtero. Hau da, estatuotako herritar bakoitzak, batez beste, tona bat eta tona eta erdi artean sortzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtero sei milioi tona sortzen dira; alegia, herritar bakoitzak, batez beste, 2,7 tona inguru sortzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok aitortu du datuak «zer pentsatua» ematen duela. Baina justifikatu egin du: hiru herrialde historikoetako ekonomian industriak eta eraikuntzak duten pisuak azalduko luke batezbestekotik hain goitik egotea. 2017ko Euskadiko Ingurumen Profilaren aurkezpenean eman ditu datuak. Hiru herrialdeetako ingurumen politiken bilakaera, egungo egoera eta etorkizuneko erronkak jasotzen ditu txosten horrek.

Beste arrazoi batzuk ere eman ditu. Esan du estatu batetik bestera «asko» aldatzen dela hondakinak kontatzeko sistema. Era berean, azpimarratu du Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua direla hondakin sortzaileen zerrendako buru. «Siderurgia eta eraikuntza dira gure ekonomiaren motorrak, eta sektore horietan sortzen da hondakin gehien. Gainera, herritarren erosahalmena handia da gurean, eta horrek kontsumo handia dakar; hau da, hondakin gehiago sortzea».

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren esanetan, 2010. urtean baino %7 hondakin gutxiago sortu ziren 2016an. Ordukoak dira daturik berrienak. Eta espero da 2020rako %20 jaistea. Arriolak gogoratu du EBk hainbat helburu ipini dituela 2035erako: hiri hondakinen %65 birziklatu beharko dira; ontzi hondakinen %75. Zabortegietara, gehienez, hondakinen %10 bidali ahal izango da. Eta gaika bildutako hondakinak ezingo dira zabortegietan utzi. Ekonomia zirkularra iruditzen zaio hori lortzeko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.