LEHORTEAREN UZTAREN ZAIN

Azken orduko eurien zain daude Arabako eta Nafarroako mahastizainak, mahatsak neurri eta pisu handiagoa hartuko duen itxaropenez. Azken urteetako bilketarik apalena espero dute, eta, gainera, bilketa hori aurreratu egingo da: bi aste inguru. Kostaldean, berriz, ez dute euri askorik nahi jada, onddoak direla eta.

Bastidako Toloño mendi magaleko mahastiak ohi baino lehorrago daude aurtengo abuztuan, eta mahats gutxiago bilduko dute irailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Xabier Martin - Leire Casamajou
Bastida / Irulegi
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Euririk ez du egiten sekula denen neurrira: Arabako Errioxan eta Nafarroan, datozen asteetan bota ditzakeen litroen zain daude mahastizainak, aurtengo zikloa apur bat zuzendu eta mahatsa ohiko neurrira eta pisura gerturatu dadin. Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean, aldiz, ez dute euri askorik nahi txakolin mahastizainek, azken egunotako prezipitazioen ondoren. Lehorteak egin dio jada kaltea ekoizpenari: %20 eta %30 arteko urritasuna aurreratu dute zenbait upategik, eta euri gehiago jasotzeak baliteke onddoak sustatzea; galera handiagoa eragingo luke horrek.

Batera edo bestera, aurtengo uda apartekoa da, ohi baino lehorragoa eta beroagoa, eta muturreko klima horrek eraginak izan ditu mahastietan: 2022ko uztan bere marka utziko du lehorteak. Arabako Errioxan eta Nafarroan uzta aurreratuko dela segurutzat jo dute enologoek; zenbat aurreratuko den jakitea falta da: abuztu hondarreko eta irail hasierako euriak zehaztuko du aurrerapen hori.

Gauzak horrela, egun-aste gutxi barru hasiko da mahats bilketa; lehen-lehenik, Nafarroako jatorri izeneko mahastietan —zuriarekin hasi dira hegoaldean—, eta, ondoren, Arabako Errioxan. Txakolin mahastia izan ohi da azkena bilketarako, eta aurten ere horrela izango da.

«Pentsa daitekeenaren aurka, oraindik garaiz gabiltza 2022ko uzta zuzentzeko», esan dio BERRIAri Bastidako (Araba) Solaguen upategiko ingeniari tekniko Cesar Castrok. «Lehorte handia dagoen arren, mahatsa ondo eusten ari zaio estres hidrikoari, urte hasieran euri asko egin baitzuen. Datozen hamar egunetan neurriz botatzen badu, kilotan ez da zertan eskasa izan aurtengo uzta». Toloñoren magalean dabilen teknikariak 20-25 litro nahi ditu. «Baina hamar-hamabostekin ere batezbestekoan geundeke, eta mahatsaren kalitatea ona edo oso ona litzateke».

Lehortearen marka nonahi ikus daiteke aurten, baina Arabako Errioxako mahastia ez da marka hori argien erakusten duena. Behe Errioxan (Espainia) askoz ere euri gutxiago izaten dute, eta jatorri izeneko kontseiluak Logroño inguruko upategi handien beharretara egokituko ditu aurtengo joko arauak, hektareako gehienezko litroei eta beste parametro batzuei dagokienez.

Nafarroan, oso lehor

Nafarroan, berriz, argia da ur gabeziaren arrastoa. Aiegiko Pago de Larrainzarreko kudeatzaile eta enologo Miguel Canalejok «uzta berezi» bati buruz hitz egin du hogei hektareako bere mahastian. «Hamarkada askoan ez dut horrelako lehorterik ikusi: beldurgarria da. Ureztatu dugu apur bat, baina ez da gauza bera, ur horrek ez baitu euri naturalaren lan bera egiten landarean».

Nafarroan, 50 milioi litroko ekoizpena espero dute aurten, eta 80 milioi izan ziren iaz; beraz, %37 apalduko litzateke ekoizpena. «Horrek ez du esan nahi uzta txarra izango denik, lehortearekin ere mahats bikaina atera baitaiteke. Matematikak ez du balio ardoaren munduan. Guk 150.000 kilo espero dugu, eta ardo ondua eta erreserba egiteko izango dela aurreratuko dizut». Edonola ere, aurten txikiagoa da mahatsa, «kanika baten antzekoa zenbait barietatetan». Tempranilloari, adibidez, mesede egin dio lehorteak kalitateari begira. Bilketa «irailaren hamarrerako» hasiko dutela uste du Canalejok, «mahatsak graduazio handia har ez dezan».

Kostaldea eta Irulegi

Txakolindegietan ere ez daude gustura aurtengo baldintzekin, baina lehorteari ez diote horrenbesteko beldurrik. «Asko bota zuen udaberrian», gogoratu du Andrea Vargasek, Aiako (Gipuzkoa) K5 txakolindegiko enologoak. «Dena den, fruituari dagokionez, galtzak bete lan egin behar izan dugu, onddoek landareari ez baina mahatsari eraso egin diotelako». Oidioa izan da aurten etsaia; mildiuaren berririk ez da izan, oro har, mahastietan. Baina K5 upategian uztaren laurden bat galdu dute muturreko klimaren eraginez, eta galera hori orokorra da txakolin upategietan. «Hezetasun gabeziak onddoak gerarazten ditu, eta, azken eurien ondoren, ez zaigu komeni hezetasun handiagoa», dio Vargasek. Enologoak uste du upategiek bilketa atariko egunetan jokatzen dutela uztaren zati handi bat, baina K5 upategiak baztertu egin du bilketa aurreratzea. «Mahatsa ondo heldu arte ez gara hasiko, onddoen arriskua hor egonda ere».

Irulegiko arnoa ematen duten mahastiak ere lehor dabiltza. Irulegiko (Nafarroa Beherea) Ximun Bergouignan biziki kezkatua da, sasoi hastapenean jadanik «horma jasan» zutelako, eta «sor-markaren erdia baino gehiago» galaraziko dietela kalkulatu du.

Fruituaren kalitatearen aldetik, ez dakite zer espero behar duten: «Ezberdintasun handiak izanen dira: zango batzuen parte bat idortua da, bestea ez, eta horrek gustuen aniztasuna ekarriko du; baina ezin dugu jakin ona edo txarra izanen den». Esperantza guti du Bergouignanek: «Hormak hunki ez zituenak lehorteak idortu eta erre ditu». Aitortu du «esperantza primaderan jadanik peko errekara» joan zitzaiela. «Etxalde batzuk hilzorian izanen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.