Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Independentzia deklarazioa soilik «politikoa» izan zela erran dute Rullek eta Bassak

Epaiketaren epea bizkortzea erabaki du epaileak, eta egun bakarrean lau akusaturi hartu diete deklarazioa, saioa iluntzera arte luzatuta

Josep Rull Lurralde Antolaketa kontseilari ohia deklaratzen, atzo. EFE.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Egutegiarekin zalantza anitz zituela hasi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako lider independentisten aurkako epaiketa, eta Manuel Marchena epaimahaiburuak borzgarren egunerako erabaki du epeak bizkortzea. Atzo, bi akusatuk baino gehiagok deklaratu zuten lehenbiziko aldiz. Matxinada delituagatik auzipetuta dauden Kataluniako Gobernuko azken bi kideak hasi ziren, Josep Rull Lurralde Antolaketa kontseilaria zena, eta Dolors Bassa Lan eta Gizarte Gaietarakoa zena. Jordi Turull Generalitateko bozeramaile ohiak herenegun erran bezala, Rullek eta Bassak adierazi zuten 2017ko urriaren 27ko independentzia deklarazioa soilik adierazpen «politikoa» izan zela.

Rullek eta Bassak Turullen eta Joaquim Forn Barne kontseilari ohiaren estrategia jarraitzea erabaki zuten, eta fiskalen eta Estatuko abokatuaren galderei erantzun zieten. Bakoitzarentzat hamasei urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak, eta ia urtebete egin dute behin-behineko espetxealdian. Rull ia lau orduz galdekatu zuten, goizean. «Deklarazio politiko bat da, formala eta solemnea», adierazi zuen Kataluniako Parlamentuak egin zuen independentzia adierazpenari buruz. «Independentzia deklarazio politiko bat dagoenean, ez bada biolentzia baliatu, eta ez zen baliatu, ezin da penalki jazarria izan».

[youtube]https://youtu.be/wANx6sUcA9I[/youtube]

2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren aitzinean egin zen elkarretaratze jendetsuaren inguruan galdetu zion Consuelo Madrigal fiskalak, «iskanbila», «jendaila» eta antzeko solasak erabiliz. Rullek haserre erantzun zion: «Kontzeptu horiek erabiltzea legitimoki elkartuta dauden herritarrak gutxiesteko iruditzen zait harrigarria dela gutxienez». Espainiako Poliziak eta guardia zibilak 2017ko erreferenduma eragoztera eraman zituen ontziari buruz ere galdetu zion fiskalak, Generalitateak ez ziolako utzi Palamosen porturatzen. Rullek erantzun zion ez zutela eskari formalik aurkeztu, ezta argitu ere ontzian segurtasun indarrak zeudela. Deliturik egin izana ukatu zuen Rullek, eta defendatu zuen Espainiako Konstituzioaren arabera erreferendum bat antolatzea ez dela delitua.

[youtube]https://youtu.be/JgdoiiUDJmU[/youtube]

«Ez zen deus gehiago egin»

Rull baino laburrago galdekatu zuten Bassa, baina bi ordu pasatxoan eduki zuten. «Ekintza politiko eta baketsuaren ondoren, ez zen deus gehiago egin», adierazi zuen independentzia deklarazioari buruz. «Ez zen aipamen berezirik egin. Ez zen argitaratu, eta ez zen inongo nazioarteko erakundetara bidali». Hark ere defendatu zuen erreferendum bat antolatzea ez dela delitua.

[youtube]https://youtu.be/CkOjavdvxxs[/youtube]

Aitzineko saioetan ez bezala, Marchenak erabaki zuen iluntzean ere jarraitzea. Meritxell Borras Gobernazio kontseilaria zena eta Carles Mundo Justiziakoa izan ziren hurrengoak. Zazpina urteko kartzela zigorra eskatzen die Fiskaltzak, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta desobedientzia egotzita. Biek erabaki zuten fiskalari eta Estatuko abokatuari erantzutea, eta independentzia deklarazioaren «izaera politikoa» defendatu zuten haiek ere. Gaur Santi Vila Kultura kontseilari zena hasiko da deklaratzen —Borrasen eta Mundoren akusazio eta zigor eskaera berdinei egin behar die aurre—, eta ondoren izanen da matxinada delituagatik auzipetuta egon baina gobernuko kide ez zirenen txanda: Carme Forcadell parlamentuko presidentea zena, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea, eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.