Ruben Andersson. Gizarte Antropologia irakaslea

«Mugetan, gobernuek argi utzi nahi dute beren boterea»

Anderssonek liburu batean aztertu ditu «herritarren eta politikaren iruditerian» etengabe agertzen diren beldurrak, baita «horietatik bizi diren interes politiko, ekonomiko eta instituzionalak» zein diren ere.

JOSE ANGEL MOLINA.
Lide Iraola.
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ruben Andersson (Suedia, 1977) Gizarte Antropologia irakaslea da Oxfordeko Unibertsitatean. Lan esperientzia handia du migrazio mugimenduetan eta mugetako kontrolen inguruan. Besteak beste, artikulu ugari idatzi ditu egunkari eta aldizkari akademikoetarako, eta bi liburu idatzi ditu: 2014an, Illegality, Inc.: Clandestine migration and the business of bordering Europe (Legez kontra SM: ezkutuko migrazioa eta Europako mugetako negozioa) eta, 2019an, No Go World: How fear is redrawing our maps and infecting our politics (Mundu debekatua: nola eraldatzen ari den beldurra gure mapak eta nola ari den gure politikak kutsatzen).

Zein azterketa berri egiten du antropologiak migrazioaz?

Azterketa kualitatiboa eta kritikoa egiten du, datu kuantitatiboek ematen ez dutena, hain zuzen. Migrazioari lotutako eguneroko egoeretan oinarritzen da. Horretarako, garrantzitsua da protagonistak entzutea eta kontatzen dutena gertutik bizitzea. Antropologiak erakusten du gaia zein konplexua den, eta, horrela, paradoxikoki, argiago ikusten dira egoera kudeatzeko moduak.

Zuk esana da Europa gauza bera egiten ari dela behin eta berriro, saiakera bakoitzean emaitza ezberdina esperoaz. Zer espero du, ordea?

Eragile asko daude, eta helburu ezberdinak dituzte. Gobernuek, oro har, ez dute gaia behar bezain sakon lantzen. Neurri sinple eta basatiak hartzen dituzte, beren boterea argi utzi nahian. Horrela, emaitza entzutetsuak lortzen dituzte, bozetarako baliagarri zaizkienak. Baina emaitza horiek epe motzekoak dira, migratzaileek askotan ez baitute beste aukerarik bideari berriz ekitea baino.

Bestalde, interesak dituzten eragile gehiago daude. Adibidez, armagintza sektorea dago, mugak baliatzen dituena esperimentazio toki gisa. Baita kontrolen agentziak ere. Frontex da Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentzia, eta Europako Batasuneko aurrekontuekin finantzatuta dago. Atzerriko mugetan 10.000 agente izatea espero du 2027rako.

Zure lehen liburuan Europako mugetako negozioa landu zenuen. Industria hori ere bada eragile bat?

Bai. Ez da ahaztu behar migrazioaren harira sektore ekonomiko bat sortu dela, eta horrek ere eraiki dituela mugak bere interesen arabera. Eragile pribatu eta publikoen arteko lankidetzaren emaitza da industria hori, eta, aldi berean, Europako herrialdeen eta Asia eta Afrikako estatuen arteko elkarlanaren ondorioa, eta azken horiek ere euren interesak izaten dituzte.

Zein lotura dute kolonialismoak eta mugetako kontrolek?

Adierazgarria da kontrol horiek ez izatea maila berekoak leku batean eta bestean. Afrikako migrazio gehienak barnekoak dira, eskualdeen artekoak. Eta kontrolik gogorrenak Europarako mugetan daude. Horiek ez dira proportzionalak migrazio mugimenduekiko. Egin behar den galdera da zergatik dauden kontrol mota horiek muga jakin horietan eta herrialde jakin batzuetatik datozen pertsonentzat. Historiari erreparatu behar zaio, eta ulertu kolonien garaiko eredu berak errepikatzen direla.

Bestalde, Afrikako herrialde batzuek ez dute eredu hori onartu nahi izan, eta, lankidetzan aritu beharrean, euren politikak ezartzen dituzte. Migrazioa mehatxu gisa erabiltzen dute mugan dauden eskualde batzuek. Errealitate are konplexuagoa ari da sortzen.

Zure bigarren liburuan landu zenuen nola beldurrak eragiten duen politiketan. Nor da zeren beldur?

Liburu hori idatzi nuen Mendebaldea kezkatuta zegoenean hainbat faktoregatik, besteak beste, migrazioagatik, Europako auzokideen egonkortasun faltagatik eta kontrabandoagatik. Horiek guztiak nahastu ziren herritarren eta politikaren iruditerian. Krisi berriak egon dira, baina liburuan aztertzen saiatu nintzen, alde batetik, nola goazen krisiz krisi eta zein diren behin eta berriz agertzen diren beldurrak; eta, bestetik, zein diren krisi eta antsietate horietatik bizi diren interes politiko, ekonomiko eta instituzionalak.

Gaur egun mugak irekiagoak dira ala zurrunagoak?

Paradoxa bat da: merkatuaren globalizazioa gertatu den moduan, migrazioaren inguruko industriarena ere gertatu da. Orain ez da Europa bakarrik ari mugak kontrolatzen; Afrikako eta Asiako hainbat herrialdek ere egiten dute hori bera. Horrek eragiten du mugitzeko askatasun handiagoa izatea kapitalak, ondasunek... baina ez pertsonek. Adibidez, enpresa bat deslokalizatu daiteke, eta atzerriko eskulan merkea erabili, jakinik langile horiek askotan ezin dutela muga igaro.

Zein dira lekurik arriskutsuenak migratzaileentzat?

Zaila da esatea, asko baitaude eta guganaino informazio gutxi iristen baita. Badakigu Mediterraneoan heriotza asko izaten ari dela, baita AEBetako mugan ere. Baina ez dugu ahaztu behar migrazio mugimendurik handienak ez direla herrialde horietan gertatzen, eta ez dugu berririk beste lekuetan gertatzen denaz, jakina den arren biolentzia orokorra dela. Esaterako, Afrikako Adarrean migratzaile asko mugitzen dira Etiopia eta Somaliatik Yemen eta Saudi Arabiarantz, eta oso bide arriskutsua da. Bestalde, Afganistan inguruko herrialdeak izan dira pertsona errefuxiatu gehien hartu dituztenak.

Horiek horrela, Europak ohartu behar du herrialde askoz pobreagoek errefuxiatu gehiago hartu dituztela, horrek dakartzan zailtasunekin bai herrialdearentzat bai migratzaileentzat. Ikuspegi orokor batez begiratu behar dio bere mugetan gertatzen denari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.