Katalunia

Presoen aldeko Diada

Ehunka milaka herritar elkartu dira Bartzelonan ANCk eta Omniumek presoen askatasuna eskatzeko antolatutako manifestazioan. Bozkatzera joateko eskatu du Sanchezek

Ehunka milaka manifestarik sakelako telefonoen argiak batera piztu zituzten, atzo, Bartzelonan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Bidatz Villanueva
Bartzelona
2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Berriz lortu dute. Ehunka mila katalanek Bartzelonako kaleak bete zituzten atzo Kataluniako independentzia prozesuagatik espertxeratu dituztenen askatasuna exijitzeko manifestazioan, ANCk eta Omnium Culturalek deituta. Udaltzaingoaren arabera, 750.000 herritar bildu ziren mobilizazioan, eta Katalunia osotik 950 autobus bertaratu ziren. Urteko bigarren Diada baten itxura hartu zuen atzoko manifestazioak. Autoz eta beste garraio publikoetan ere gerturatu zen jendea, eta, ondorioz, erretentzioak eta auto ilarak izan ziren Bartzelonako sarreretan. «Mila esker gu ez ahazteagatik, badakigu ez gaudela bakarrik». Jordi Sanchezen mezua izan zen hori, ANCko lehendakariarena, haren alabak irakurri zuena. Abenduaren 21ean herritar guztiak bozkatzera joateko deia egin zien Sanchezek: «Irabaziko dugu!».

Manifestazioa 17:00etan zen hastekoa, baina ordu bat lehenago ere jendea jada pilatu zen Marina kalearen bi aldeetan. Esteladez eta preso politikoen aldeko mezuez josirik zeuden kaleak. Errepublika gara. Preso politikoak askatu zioen milaka kartel ikus zitezkeen, manifestazioko pankartaren lelo bera, hain zuzen. Askok eskuz eginiko kartelak ere zeramatzaten, preso politikoekiko elkartasuna adierazten. Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari zuzendurikoak ere irakur zitezkeen, herenegun bermea ordainduta espetxetik irten baitzen. Carme, zurekin gaude zioen afixa batek.

Pujdades kalearekin elkartzen den gunean bildu zen manifestazio burua. Preso politikoen senideek eraman zuten pankarta Marina kalean behera. Manifestazioa hasi baino lehen hainbat castell egin zituzten, eta goian zirelarik, presoen aldeko mezuak zabaldu zituzten manifestarien txalo artean. Raul, etxean nahi zaitugu! zioen batek.

Marina kaleko bi aldeetan batutako manifestariek etengabe jaurtitzen zituzten aldarri oihuak. Independentzia eta askatasuna ozen eskatzeaz gain, bazegoen ere inkisizioaren aurka azaltzen zenik. Bruselan dagoen Carles Puigdemont Kataluniako presidentea ere oso presente zuten kataluniarrek, eta hura presidente legitimoa dela aldarrikatu zuten sarri. Espainiako prentsari ere ez zioten bakerik eman, haserre baitaude katalanak egiten ari diren jarraipenarekin. «Espainiako prentsa, manipulatzailea!» behin baino gehiagotan entzun ahal izan zen.

Hala adierazi zuen Silvia Rios Manresako 27 urteko gazteak. Kazetaritza ikaslea da eta haren ustez hedabideak «arma bezala erabiltzen ari dira gorrotoa sortzeko». Hark Erresuma Batutik bizi izan zuen independentzia prozesuaren hasiera. «Horregatik, ilusio handiz parte hartu nuen bozketan», aipatu du. Bere irudiz, abenduaren 21eko hauteskundeek independentziaren aldeko oinarri soziala zabaltzeko balioko dute: «Uste dut jende gehiago batuko dela independentziara. Ezagunak ditut botoa sozialistei ematen zietenak. Orain, ez dituzte bozkatuko, independentziaren alde emanen dute botoa». Hauteskundeetan parte hartuko duen arren, amorruz dago, «inposatutako hauteskundeak» baitira. Europaren jarrerarekin ez da oso baikorra: «Juncker EuropakoPP da, ez gaitu babestuko. Nik uste gure epaiketak Estrasburgora heldu arte denbora luze pasako dela, baina hor arrazoia emanen digute. Ekonomia indartsua dugu, eta hori Europari interesatzen zaio».

Lleidatik Bartzelonara joan zen Joan Rovira, 54 urteko gizona, eta hark argi du irabaziko dutela, «beti bezala». 950 autobus horietako batean bidaiatu zuen. «Gure politikoariei babesa emateko gaude hemen, kartzelan eta erbestean daudenei, eta gure herrialdea defendatzeko». Iruzur eginen duten beldur ere bada: «Jendea beldur da zenbaketan tranparik eginen duten edo ez. Ikuskizun penagarri bat ikusten ari gara, baina espero dut hitz eginen dutela, eta dena konponduko dela».

Helburu berarekin joan zen manifestaziora 49 urteko Ignasi Moeda; alegia, «preso politikoen askatasuna eta errepublika aldarrikatzera». Haren nahia da Espainiako Gobernuak hauteskundeetako emaitzak onartzea. Alderdi independentistek zerrenda bakar batean joan beharko luketela uste du. Edonola ere, bozkatzera joanen da, eta ziur dago bakean iraganen dela eguna. «Katalok beti azaldu dugu gizatasuna». Ez du baztertzen alderdiak legez kanpo uzteko saiakerarik egonen denik: «Espainiako Gobernuaz edozer espero dezakegu. Euskal Herrian jada egin zuen HBrekin. CUP legez kanpo utz dezakeen? Ahal du, baina alternatiba bat topatuko dugu beti».

Moedak alboan zuen Luis Cami Agusti. Ez zuten elkar ezagutzen. «Baina gauza bera nahi dugu: errepublika». 74 urte ditu Agustik, eta Katalunia hegoaldeko 2.500 biztanleko herri txiki batetik joan zen. Hiru orduko bidaia egin zuen, eta behar bezain bestetan itzuliko dela aipatu zuen. «Ez dut 50eko hamarkadara itzuli nahi, errepublika eraiki dezagun nahi dut, egiten ari garen moduan, baina autonomia gehiagorekin». Hauteskundeei begira baikor azaldu zen: «Nire itxaropenak abenduaren 21ean ditut dena ongi atera dadin. Ez dakit bestela zer eginen dudan, heldua bainaiz. Nire seme-alabengatik borrokatzen dut».

Presoen mezuak

Eguna ilundu zen pixkanaka, baina Marina kalea inoiz baino argiztatuago zegoen. Sakeleko telefonoen linternekin milaka argi puntu ikus zitezkeen, «kandelak itzali egiten direlako», antolatzaileetako batek umorez aipatu zuenez. «Bake zeinu bat» zela zioen beste batek. Manifestazio osoan ez zuten etenik izan aldarrikapen oihuek. Poliziaren helikopteroa etengabe entzun zitekeen zeruan eta, askotan, txistuka azaltzen zuten harekiko gaitzespena protestan bildutakoek.

Ikusmin handiarekin iritsi zen manifestazioa helmugara, eta han izan ziren minutu batzuez ekitaldia hasi aitzin, Maria del Mar Bonet abeslariaren Què volen aquesta gent kantua ozen entzuten zela. Ekitaldiari ekin zioten orduan. Besteak beste, Pau Casals musikariak 1971ean Nazio Batuen Erakundean Kataluniako nazioaren alde eginiko adierazpenak oroitu zituzten. Jendeak adi eta mutu entzun zituen gizonaren hitzak, sakeleko telefonoen linterna oraindik eskutan.

Igo ziren orduan presoen senideak eta kideak oholtzara, txalo zaparrada eta «ez zaudete bakarrik!» oihu artean. Banan-banan irakurri zituzten kartzelatik idatzi zituzten mezuak. Bazegoen malkoei ezin izan zienik eutsi. Preso guztiek eskertu zuten katalanak adierazten ari diren babesa, eta erakusten ari diren «duintasuna» eta «batasuna» nabarmendu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.