Albistea entzun

HIRUKOTIK

Jokoa=emaitza?

Joan Peñarroya Baskoniako entrenatzailea, haserre, herenegun Badalonan jokatutako norgehiagokan.
Joan Peñarroya Baskoniako entrenatzailea, haserre, herenegun Badalonan jokatutako norgehiagokan. ALEJANDRO GARCIA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Reina -

2023ko ekainak 1

Horma. Baskoniak bere horma aurkitu du, eta ez hori bakarrik; ezin ihes eginda, horma jo du. Hain zuzen ere, behin eta berriz horma bera jo du aurten. Baskoniak aurten sabaiak apurtu ditu, kristalezko famatu horiek. Zoragarri jokatu dute gasteiztarrek aurten, aurreikuspen guztiak bete dituzte, hegan eta guzti egin dute tarte batean. Baina errealitatea gordina da. Eta Joan Peñarroyaren taldeak ez du maila erakutsi berebiziko partidetan. Gainera, badirudi Badalonako Joventutek neurria hartu diola.

Lehendabizi, Kopako final-laurdenetan kolpe handia hartu zuten arabarrek Carles Duranen taldearen aurka. Orain, ACB ligako kanporaketetan, kantxa berean eta talde beraren aurka galdu dute. Bietan final-laurdenetan, aurreikuspen eta desiretatik oso urrun, urrunegi. Euroligan, ordea, Olympiakosen kontra izan zuen Baskoniak hil edo biziko partida, eta emaitza bera izan zen: kale. Kalean daude gasteiztarrak, oporretan ekaina amaitu baino lehen, eskolako umeak baino lehen eta guzti. Asko esatea da.

Betiko leloa. Zirt edo zarteko partidetan saskibaloia ere aldatzen da, batez ere kanporaketetan, txapelketa denetan berdina, behin eta berriro errepikatzen duguna. Aurkariak baino puntu bat gehiago sartzetik aurkaria puntu bat azpitik uztera pasatzen da. Ohiko esaldia: erasoek partidak irabazten dituzte, defentsek txapelketak.

Buesa Arenan 99 puntu jasotzea gehiegi da, baita 2022-2023ko denboraldiko Baskoniarentzat ere. Partida gutxi daude 100 puntu ingurura helduta arabarrek galduko dituztenak. Baina badaude. Batez ere Kyle Guyk 36 puntu sartzen dituenean, Joventuten inoizko markarik onena kanporaketetan, ez bakarrik puntuetan, baita hirukoetan ere. Bederatzi sartu zituen. ACBko fase erregularrean sartutako hirukoen marka hautsi izanak ez du kasu honetan ezertarako balio izan. Ezta fase erregularrean hamar partidatan 100 punturen langa gainditu izanak ere.

Azken batean, hori da zaleen sentsazioa. Aspaldiko partez eta inoiz ez bezala gozarazi du Joan Peñarroyaren taldeak bere jokamoldearekin? Bai. Estilo berak hil edo biziko partidetan kale egin du? Baita ere. Ukaezina da entrenatzaileak bere aurkezpeneko hitza bete duela: hain zuzen ere, zaleak Buesa Arenara erakartzea, estilo propio eta erakargarri batekin. Europako inbidia izan dira arabarrak sasoiko data askotan, eredugarriak, denek ikusi nahi zuten taldea, irabazi edo galdu.

Arrazionala. Baina gaur egungo kirolak praktikotasunetik jotzeko joera du. Zenbakiek arrazionaltasunetik asko badute ere, ikuspuntu desberdinak izan ditzake. Euroligako zortzi talde onenetatik kanpo, 36 jardunalditik 33tan ohorezko postuetan egon eta gero. Kopatik ere kanpo, final-laurdenetan zerrendaburu izan eta gero. Azkenik, ligako kanporaketetatik at azken-aurreko jardunaldira arte fase erregularreko talderik onena izateko borrokan egon direnean. Gainera, jakin badakigu Zurbanon, zerbait izatekotan, praktikoak direla. Emaitzak behar dituzte, eta ez dira izan.

Ondorioz, Joan Peñarroyaren postua kolokan dago. Inoiz baino gehiago, orain arte ez baita egon. Jokoa ikusgarria izan da, baina emaitzak oso bestelakoak izan dira. Denboraldia erabateko porrota izan da, lehiakortasuneko gutxienekoak ez dira bete. Gainera, esango nuke joko ikusgarriak denon aurreikuspenak handitu zituela, ondorioz kolpea are handiagoa izan dela. Hori pasatzen da askotan. Ilusioa sortzearen arazoa da.

Arrazionalagoa da Jaume Ponsarnau. Horregatik berritu du Bilbo Basketek. Ezin zuen besterik egin. Ezin da gehiagorik egin gutxiagorekin. Lehen hiru jardunaldietako garaipenek lasaitasuna eman zieten bilbotarrei, beste modu batera aurre egin zioten denboraldiari. Lehen itzuliko azken jardunaldian Kopan sartzeko aukerekin eta guzti egon ziren. Hori gutxi ez, eta Txapeldunen Ligan ere aurrera egin zuten. Hori bai, ikusteko dago beste behin Europan zehar ariko diren ala ez. Ez dago erraz. Hala ere, ez dute helburua aldatuko: beste urte batez ACB ligan jokatzea.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / @FOKU

«Kritikak? Nor garen eta helburua zein den garbi izan behar da»

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak kolpe mingarria jaso zuen Europan, eta, Fernandezek aitortu duenez, azken partidak tentsioz jokatu dituzte. Nafarrek oraindik ez dute etxean irabazi, eta Atletico Madril hartuko dute gaur (21:30, DAZN).
Francis Lafargue. ©GuiIlaume Fauveau

Francis Lafargue hil da

Jon Ordoñez Garmendia

Euskal txirrindularitzan ikur bat izan da azken hamarkadetan. Hainbat talde nazioarteko probetara eraman zituen, eta Ipar Euskal Herriko txirrindularitzaren historia idatzi zuen, Ximun Larre kazetariarekin batera. 68 urte zituen.

Carlos Fernandez eta Turrientes gola ospatzen ©Biel Aliño / Efe

Realak sasoiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo

Ainara Arratibel Gascon

Lehen zati amaieratik jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, ez dute partida ona jokatu. Baina hiru puntuak eskuratu dituzte, 32. minutuan Carlos Fernandezek sartutako gol bati esker.

Iñaki Williams, leher eginda Getaferen aurkako partidan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eten txiki bat dinamika onean

Pettan Uralde

Berdindu egin du Athleticek Getaferen aurka. Oihan Sancetek lehen zati amaieran jaso duen txartel gorriak eragina izan du partidan. Hamalau punturekin, goiko postuetan jarraitzen dute zuri-gorriek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.